KRITIKA. Zirkua

Banbu-herria

Agus Perez.
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun

'Teh Dar'

Konpainia: Vietnamgo Zirku Berria. Eszenaratzea: Tuan Le. Musika-zuzendaritza: Nguyen Nhat Ly. Arte-zuzendaritza: Nguyen Lan Maurice. Koreografia: Ngo Thanh Phuong. Tropako burua: Nguyen Anh Minh. Lekua: Angeluko Quintaou antzokia. Eguna: Abenduak 11.

Vietnamgo Zirku Berria Baionako antzokian ikusi nuenetik (2016), gogoz nengoen beren hurrengo lana ikusteko, eta orain heldu zaigu aukera, Angeluko Quintaou antzokian eman duten emanaldiarekin. Baionan ikusitako hark À Ô Lang Phô oraingo Vietnamgo gizartearen berri eman zigun, nekazarien mundu xumetik hasi eta hiri handietako giro modernoan amaituta, baina konpainiaren lehen lana Lang Toi izan zen, eta han herrixka bateko bizimodua azaltzen zen, egunsentitik ilunabarreraino.

Oraingo honetan K'ho kulturaren inguruan antolatu da ikuskizuna, eta, aurrekoetan bezala, banbuaren presentzia erabatekoa izan da emanaldian zehar. Esku-programan ikusten dugunez, K'ho etnia minoritarioa da Vietnamen, eta Hanoiko Zirku Eskola Nazionalean hezitako sortzaileek haren berezitasunetan inspiratuta eraiki dute oraingo lana. Bide batez esanda, izenburuak «suaren inguruan dantzatzea» esan nahi du, eta horregatik egon da eszenako albo batean suaren irudikapena beti piztuta. Era berean, suarekin zerikusi zuzena eduki du zoru gaineko zirkulu gorri handiak, eta banbu-haga handiekin eraikitako egiturek ezinbestean gogorarazi digute sua egiteko jartzen ditugun adar eta enbor zatien disposizioa.

Era zeremonialean sartu dira antzokira konpainiako hamabost akrobata eta bost musikariak, beren jantzi tradizionalez ederturik eta metalezko plater eta maza banarekin, plateren neurri desberdinak melodia bat sortzeko baliatuz. Kutsu erritual nabarmena eduki duen hasiera horren ostean, festa giroan irudikatu dute K'ho herriaren izaera, eta goi mailako akrobaziak burutu dituzte banbuz egindako tramankulu erraldoi, birakari eta kulunkariaren gainetik, azpitik eta inguruetatik. Jarraian, banbuz ehundutako bost esfera erdik bete dute eszena, eta haien gainean ibili da jauzika bikote bat, loto lore handien edo aintzira bateko dortoken gainetik mugituko balira bezala, ilargi betearen argipean.

Jarraian etorri da jongler edo malabarista berezien txanda, eta hor abilezia itzela erakutsi dute sagar itxurako pilotak atabalen kontra bota, haiekin musika egin eta neskek sorbaldan zeramatzaten uzta-saskietan sartzeko. Eta bost bat metroko banbu-hagen dantzak koroatu du erakustaldia, haien gainean bi neska trapezista oreka ezinezkoan zebiltzalarik.

Handik aurrera, ordea, erritual izaera sakona hartu du emankizunak, musika moteldu da eta erritmoa eta akrobazia miresgarriak ere bai. Ordu erdi luze bat iraun duen pausaldi ilun horretan gaueko izaki misteriotsuak eta egurrezko maskarak izan dira protagonista, eta horrek zertxobait lausotu du ordura arteko distira, amaierako ekitaldian hasierako bizitasuna eta bizi-poza berreskuratu diren arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.