Uda igarota, igandean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren fasea. Mungiako Olalde aretoan jokatuko da lehenengo kanporaketa, eta bertsolari hauek arituko dira kantuan: Araitz Katarain Mugarza, Izaro Bilbao Arostegi, Koldo Muñiz Aldamizetxebarria, Mikel Goiriena Larrazabal, Peru Vidal Gurrutxaga eta Txaber Altube Sarrionandia. Gai jartzaile lanetan, berriz, Zihara Enbeita Gardoki arituko da.
Denera, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Kanporaketetan 36 bertsolarik parte hartuko dute —saio bakoitzeko sei bertsolarik abestuko dute—, eta Mungiako saioaren ondotik, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition izango dira emanaldiak datozen asteetan. Saio bakoitzeko irabazleak ziurtatua izango du hurrengo fasean kantatzeko aukera, eta gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatuko dira.
Denera, 11 bertsolari sailkatuko dira kanporaketetatik finalaurrekoetara, eta, hain zuzen, fase horretan batuko dira txapelketara 2021eko finalistak. Denak, Etxahun Lekue salbu. Berrizen, Santurtzin eta Lemoan jokatuko dira saio horiek —hurrenez hurren, azaroaren 11n, 18an eta 25ean—, eta hemezortzi bertsolari arituko dira guztira.
Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntu gehien lortu dituzten bost bertsolariak sailkatuko dira, azkenik, abenduaren 16ko finalerako. Aurreko urteetan egin legez, Bilbo Arenan jokatuko da finala.
Sarrera guztiak salgai
Saio guztiak arratsaldeko bostetan hasiko dira, eta horietarako guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus helbidean. Hala ere, egunean bertan ere egongo da sarrerak erosteko aukera, txarteldegian.
Bihar abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Mungiako Olalde aretoan jokatuko da lehenengo kanporaketa, 17:00etan. Finala Bilbo Arenan izango da, abenduaren 16an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu