Albistea entzun

Koronabirusa

Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz beste garai batean egitea aztergai dute

Udaberriko ikastolen aldeko jaiak bertan behera utzi dituzte, eta beste formatu edo garai batean egitea posible den pentsatzen ari da elkartea
Ze Esatek taldearen kontzertua, iazko Araba Euskaraz jaian, Armentian.
Ze Esatek taldearen kontzertua, iazko Araba Euskaraz jaian, Armentian. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseire Kostarat -

2020ko apirilak 4

Ikastolen Elkarteak atzo jakinarazi zuenez, udaberrian egitekoak ziren ikastolen aldeko jaialdiak bertan behera utzi ditu, koronabirusa dela eta. «Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, baina ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatz eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespena izatea», azaldu zuen Koldo Tellitu elkarteko lehendakariak.

Osasun krisia dela-eta sortu den egoeran beste lehentasun batzuk ditugula argudiatu zuen. «Larrialdi egoera global hau amaitu bitartean ezingo dugu ospakizunik egin, are gutxiago ikastolen jaien tamainakorik».

Tellituk azaldu zuenez, hiru festa horiek beste garai batean egitea aztertzen ari dira: «Guretzat jai horiek oso garrantzitsuak dira. Auzolanaren bitartez ikastolakideon artean harremanak estutzeko erabiltzen ditugu, euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu, euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu, eta, era berean, hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dugu».

Harekin bat egin zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak: «Herri Urratsek proiektu berriak laguntzen ditu, baina, bereziki, jadanik eginak ditugun zorrak estaltzen laguntzen digu», eta segurtatu zuen ekitaldia «nahi eta nahi ez» antolatuko zutela, Ipar Euskal Herriko ikastola guztientzako «baitezpadakoa» delako.

Beñat Bidegain Herri Urratseko lehendakariak adierazi zuenez, 1984tik lehen aldia da jai hori ezeztatzen dutela. Oraingoz ez dute debekurik jaso, baina «denen osasuna bermatu» nahi dute. Hala ere, ekitaldia udazken hastapenera atzeratzea pentsatzen dute, baina oraindik goiz da data bat finkatzeko. «Herri Urrats ezinbestekoa denez, Herri Urrats eginen da. Elkarteak pentsatu du ekitaldia irailera pausatzea. Momentuko, data ez dugu finkatu, baina jakin bezain laster jakinaraziko dugu», agindu zuen.

Antolatzaileei, eskerrak

Udazkenean Kilometroak eta Nafarroa Oinez egiten direnez, orduan egiteko zailtasunak daudela aitortu dute. Datozen egun eta asteetan hausnartuko dute horren inguruan. Edozein moduz, beste formatu batean egitea ere ez du baztertzen ikastolen elkarteak. Hala iradoki zuen udaberriko ekitaldiak prestatzeko laguntzen ari zirenei eskerrak emateko eman zuen mezuan. «Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta guztiak aintzat hartuko ditugu udaberriko jai hauek beste data batzuetara, eta, akaso, beste formatu batzuetara eramaten ditugunean».

Nagore Fernandez Herri Urratseko kideak prestaketa lanetan aritu diren guraso eta laguntzaileak eskertu zituen: «Dena prest genuen maiatzaren 10erako, baita gastu batzuk aitzinatuak ere. Hainbat gastu, hainbat bilkura ordu, hainbat guraso itzaleko lanetan, eta orain dena zintzilik. Herri Urratsen izenean, eskertu nahi ditugu».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Arnasgune batzuek utzi diote hala izateari; hori irauli nahi dugu»

Irati Urdalleta Lete

Hiru lan ildo nagusi zehaztu ditu legealdirako: UEMAren hedatzea, ikerketa eta kulturartekotasun proiektuak. Hizkuntza politika «aurrerakoiak eta ausartak» galdegin ditu.
Vianako Erentzun ikastolako ikasleak, atzoko ekitaldian. ©BERRIA

Begirada komun bat ikastolentzat

Ion Orzaiz

Ikastolek hezkuntza marko orokor berria aurkeztu dute, Vianan. VII. batzarra eginen dute 2024an, etorkizuneko erronkak aztertzeko

Atzo Antiguan egin zuten kanpaldiko ekintza bat. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Egitarau zabaleko kanpaldia «etxebizitza eskubidearen alde»

Unai Etxenausia

Ehun-ek antolatu du kanpaldia. Turismoaren inguruko hitzaldi batekin hasiko dute eguna gaur

Tania Diez. ©Aritz Loiola, FOKU

«Kaleak ito, gaixotu eta hil egiten zaitu»

Iraia Vieira Gil, Bizkaiko Hitza

Goiztiri elkartearen azken kontaketaren arabera, ehun etxegabe inguru bizi dira Barakaldon. Baliabide falta ikusita, Eguneko Arreta Zerbitzua ireki zuen elkarteak 2011n. Tania Diez teknikariak dio leku gehiago behar dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...