jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Hustea

2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Kirolariek, Olinpiar Jokoetan lehiatu eta gero, emaitza bata edo bestea izan, huste bat sentitzen dute. Zergatik ez esan, gainetik zama bat kentzea. Arintze bat. Bukatu dute ziklo olinpikoa. Normalean lau urtekoa; aurten, bostekoa.

Gurea ez da izan ziklo olinpiko bat, eta ez gara lehiatu; baina parte hartu dugu benetako Olinpiar Jokoen ordezko ekitaldi honetan. Lau urtetik behingo kirol Guggenheimean.

Guk ere, kirolarien moduan, sentitu dugu huste bat. 2020rako prestatzen hasi ginen, baina lanak atzeratu behar izan genituen; ez genekien 2021ean jokoak egingo ziren; 2021ean egingo zirela esan bazuten ere, zalantzan jarri genuen ea benetan egitera ausartuko ziren; egingo zituztela ikusi genuenean, zalantzan jarri genuen ea joan ahal izateko baldintza guztiak beteko genituen; iritsi ginen, eta sartzen utzi ziguten.

Hiru aste egin ditugu Tokion. Hiru asteak Olinpiar Jokoei eman dizkiegu. Tokioko ordutegian lan egiten hasi, eta ia Euskal Herrikoarekin amaitu.

Bukatu eta gero, sentsazioa arraroa da. Egunez eguneko lanean, maratoia zirudien; bukatu eta gero, hiru asteko esprinta. Kazetari lanean hesiak gainditu ditugu; korrika egin dugu, itzulipurdiren bat ere bai; igerilekura jauzi egin, ur bizietan behera ibili; batzuetan, borroka ere egin dugu, eta golen bat sartu.

Tokiora joango ginela jakitean, ia guztiek esan ziguten: «Gozatu». Ez, ez dugu askorik gozatu. Une jakin batzuetan baino ez. Ez dira izan gozatzeko Olinpiar Jokoak.

Bertan egonda ere, Olinpiar Jokoak urrun sentitu ditut, arrotz; kirolariak, aldiz, askotan, gertuko, etxeko, eta horiek izan dira unerik onenak, benetakoenak, gordetzekoak.

Gozatu, konpainiaz gozatu dut. Eskerrik asko, Ainara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.