Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

HIRUKOTIK

Jarraitutasunik ez

Mikel Reina -

2021eko azaroak 23

'Veni, vidi, vici'. Entrenatzaile berriaren etorrerak garaipena dakar besapean. Veni, vidi, vici; hala dio idatzita ez dagoen kirol lege batek, eta hala izan zen Neven Spahijaren lehenengo partidan, Euroligan, Izar Gorriaren aurka, Buesa Arenan. Talde bat ez da goitik behera aldatzen egun batetik bestera. Ezinezkoa da. Eta, era berean, entrenatzaile baten lana ezin da ikusi partida bakar batean. Are gutxiago entrenatzaile kroaziarra 24 ordu lehenago heldu zela kontuan hartuta. Dusko Ivanovicen sistemak erabili zituztela aitortu zuen Baskoniako entrenatzaile berriak. Jokalarien jarrera izan zen aldatu zena, eta horrek zeresana piztu du. Egiari zor, lehen egunean ohikoa da portaera ona izatea eta etorri berriari zer egiteko gai zaren erakustea. Azkenean, gaur egungo gizartean lehen inpresio horrek gidatzen gaitu. Horregatik da hain garrantzitsua. Egutegia ere ez du lagun Spahijak: Euroligako taldeek izan ezik, gainontzeko talde denek atseden hartzeko eta entrenatzeko denbora izango dute FIBA leihoak direla eta. Baskoniak Real Madril jasoko du ostegunean, Buesa Arenan, 20:30ean, Euroligako hamabigarren jardunaldian. Partida egokia izan daiteke Spahijaren egitasmoaren lehenbiziko analisi bat egiteko. Ezin da askorik esan orain arte, astebete eskasean hiru norgehiagoka jokatu baititu Gasteizko taldeak.

Denboraldi hasiera gorabeheratsu baten ondoren, Baskonia ACB ligako 11. postuan dago. Ez da ohiko lekua gasteiztarrentzat, baina ez daude urruti Espainiako Kopa jokatzeko aukera ematen duen zortzigarren postutik; garaipen bakarrera daude, hain zuzen. Spahijak lan handia dauka aurretik, erasoan batez ere. Lehen 11 jardunaldiak jokatuta, arabarrak azken-aurreko postuan daude sartutako puntuen sailkapenean: batez beste, 77 puntu sartu dituzte partidako. Kontraeraso bizkorrak ez daudenean, kantxa erdiko jokoan puntuak sartzeko arazo asko izan ditu Baskoniak lehen hilabete hauetan. Eta ez da kalitate edo puntu faltagatik. Gasteiztarrek hiruko marratik hirugarren portzentajerik onena dute: %38,5. Gaur egungo saskibaloia hirukoek berebiziko garrantzia dute. Jokalariek gero eta gorputz handiagoak dituzte, eta, horren ondorioz, kantxa txiki geratu da. Horrenbestez, entrenatzaileek tarteak aurkitu behar dituzte. Hori da haien helburu nagusia arbela eskuetan dutenean. Eta defentsak zabaltzeko, tarte gehiago hartzeko, hiruko marra funtsezkoa da. Era berean, kantxan dauden bost jokalarietatik lauk, behintzat, mehatxu izan behar dute; baita barneko jokalariak ere. Alec Peters itzultzeko egunak zenbatzen ari dira.

Izenez izen. Bilbo Basketi garai onean heldu zaio geldialdia. Jaisteko postuetatik kanpo daude Alex Mumbrurenak. Ez da gutxi sasoi hasierako lehen bost lehiak galdu ostean. Horrez gain, bilbotarrak lehen zortzi sailkatuetako zazpiren kontra jokatu dute dagoeneko, eta bakarra izan zen Miribillan, Bartzelonaren aurkakoa. Lesionatuta dauden jokalarien zerrenda handitzen ari da azken asteetan; Rafa Luz izan da azkena. Fontetan. ACB liga itzultzen denerako, agian, Rafa Pueyo kirol zuzendariak Andrew Goudelock ordezkatzeko jokalariren bat aurkitu du. Baita Regimantas Miniotasen ordezkoa ere. Heldu eta jarraian jokatu behar izan duen arren, Damien Inglisek bizkor erakutsi du taldeari asko emateko gai dela. Hari ere ondo etorriko zaio geldialdia egokitzapen prozesua arintzeko. Azkenean, bi jokalari izango dira bakarrik euren selekzioarekin jokatzen: Ludde Hakanson, Suediarekin, eta Gitis Masiulis, Lituaniarekin.

Azken jardunaldian Bilbo Basketek denboraldiko lehen hogei minuturik onenetarikoak izan zituen. Jaurtiketetan izan zuen portzentaje ikusgarrietatik haratago, entrenatzaile kataluniarrak jokoan lortu nahi duenetik hurbil egon ziren bizkaitarrak. Ez dira egunero 36 puntu sartzen lehen laurdenean, eta 57 bigarrenaren amaieran. Gero, aurreko sasoian gertatu bezala, bilbotarrak erabat hustu ziren, eta atsedenaldian lortutako hamasei punturen aldeaz galdu zuten. Hori da oraindik ikasi ez duten ikasgaia. Bolada oso onak dituzte, baina baita oso txarrak ere. Ez dute oraindik jarraitutasunik topatu beren jokoan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Kiko Huesca / Efe

Gehiago merezi izan du

Mikel O. Iribar

Athletic Real Madrilen areara heldu den bakoitzean txiki geratu da Courtoisen aurrean. Benzemak sartu du partidako gol bakarra.

Panpi Ladutxe, 2005ean. / ©Andoni Canellada, Foku

Panpi Ladutxe hil da

Paulo Ostolaza-Julen Etxeberria

Ezkerparetako txapelketa nagusi bat irabazi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria izan zen lapurtarra: 1987ko eta 1989ko binakako txapeldun izan zen Joxean Tolosarekin. Entrenatzailea eta kantaria ere bazen, besteak beste. 66 urterekin hil da.

 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

«Jokoen osteko munduko txapelketetan ezusteak egon ohi dira»

Ainara Arratibel Gascon

Gaur hasiko da Eskubaloiko Munduko Txapelketa. Imanol Alvarez lehen aldiz arituko da Espainiako selekzioko entrenatzaile laguntzaile. Maitane Etxeberria eta Ainhoa Etxeberria jokalariak ere lehian izango dira.
Braulio Vazquezek 2026ra arte berritu du Osasunarekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.