mikel reina
HIRUKOTIK

Oporretan

2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Amaitu da denboraldia emakumezkoen euskal taldeentzat. Maiatzeko lehen astea da, eta oporretan daude jada; inork baino lehenago hartu dituzte. Nahiz eta pandemia igarota dagoela iruditu, eragin gehien izan duen liga izan da Espainiako Ohorezko Mailakoa. Eta euskal taldeak izan dira bereziki kaltetuenak. Liga ez profesionala izatearen arazo nagusietako bat da: ez daude hainbeste erraztasun; aitzitik, trabak dira nagusi.

Ateak. Espainiako Ohorezko Mailan ari diren hamasei taldeetatik hiru dira Euskal Herrikoak: IDK Euskotren, Lointek Gernika Bizkaia eta Kutxabank Araski. Sona handia dute hirurek. Donostiako taldea izan da onena denboraldi honetan. Ez bakarrik sailkapenean: seigarren izan da, hamazazpi garaipen eta hamahiru porrotekin, batez ere, erregularrena izan delako. Ez ditu hainbeste etenaldi sufritu. Inoiz baino partida gehiago irabazi ditu. Klubak goitik behera aldatu zuen taldea udan, eta emaitza ezin hobea izan da. Asmatu egin dute fitxaketekin; oreka aurkitu dute. Azu Muguruzarenak beti izan dira borrokalariak, defentsako lana zutabe dutenak, baina erasoan ez zuten defentsako maila bera erakusten. Mariam Coulibaly bezalako izar bat bikain inguratzen jakin dute, hark behar duenarekin:jaurtitzaileekin. Hiruko mehatxu horrek zulo handiak zabaldu dizkio Maliko pibotari. Horrez gain, gaur egungo saskibaloira egokitu dira Donostiako taldean: jokalari fisikoak erakarri dituzte; Joy Adams, esate baterako. Lauren Cox bezalako jokalari baten etorrerak ere beste koska bat igo du taldearen jarduna. 12,3ko balorazioa eskuratu du estatubatuarrak jokatu dituen hamasei neurketetan. Klubari kostako zaio jokalariei eustea, baina Europan lehen aldiz jokatzeko asmoak ate asko zabaltzen ditu. Baina baita etxekoei zenbait itxi ere.

Sabaia. Lointek Gernika Bizkaiak kontrakoa bilatuko du seguruenik. Gernikarren denboraldiak inflexio puntu oso argi bat izan zuen: konfinamendua. Sasoiko lehiarik onena jokatu zuten bizkaitarrek CBK Mersinen aurka Malosten, Eurokopan: 83-59 irabazi zuten. Baina 2021eko abenduaren 16ko egun horretatik aurrera ez zen talde bera izan. Konfinamenduak jokalarien erritmoa eten zuen; hain zuzen, sasoirik onenean zeudenean. Itzulera ere traumatikoa izan zen oso, Turkian gertatu zenagatik. Bizkaitarrak ez ziren gai izan burua altxatzeko. Lesioek ere ez diete lagundu. Azken partida zazpi jokalarirekin jokatu behar izan zuen Mario Lopezek. Hala eta guztiz ere, esan dezakete hiru helburu nagusiak lortu dituztela, lehen mailan daudenetik emaitzarik txarrena lortu arren; orain arteko sailkapenik okerrena seigarren postua zen. Batetik, Eurokopan, multzorik zailenean aurre egin zuten, eta, bestetik, Koparako eta ligako kanporaketetarako sailkatu dira. Ez dago gehiago eskatzerik hainbeste arazorekin. Txarto ohituta daude azken urteetan. Sabaitik gertu ibili dira beti, eta, agian, jada joa dute. 17.000 biztanle baino ez ditu Gernikak.

Apustuak kale. Kutxabank Araskiri ere dena batu zaio. Udan beste jokamolde baten aldeko apustua egin zuen Made Urietak, eta ez zaio ondo irten. Leia Dongueren, Julia Gladkovaren, eta, batez ere, Tanaya Atkinsonen etorrerarekin joko anarkiko gehiago bilatzen zuen entrenatzaile gasteiztarrak. Baina saskibaloian baloi bakarrarekin jokatzen da. Errusiarra ez zen ondo egokitu, eta alde egitea erabaki zuen. Dongueren eta Atkinsonen artean Araskiren puntuen erdiak sartu dituzte. Horrek bi irakurketa ditu: batetik, ez duzu puntuak sartzeko arazorik edukiko, ez kanpotik ez barrutik; baina, bestetik, baloia segundo askotan haien eskuetan egongo da, eta aurkariek haientzat izango dituztela bakarrik begiak. Gainera, urrutitik portzentaia baxuak dituzten jokalariak dira biak; gasteiztarrek ligako hirugarren baxuena izan dute.

Gainera, Gernika bezala, aste ugari egon dira jokatu gabe, eta gero, partida denak pilatu zitzaizkien. Lesioekin ere ez dute zorterik izan. Aurreikuspenetatik oso urrun geratu dira: ez dira ez Koparako, ez kanporaketetarako sailkatu. Kolpe latza da. Azken unera arte borrokatu dira, beti bezala, baina ezinean. Zer pentsa emango du denboraldiak. Immobilistak izaten gara askotan, eta ez dugu ukitzen ondo dagoena. Baina ausardia ere goraipatzekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.