mikel reina
HIRUKOTIK

Euskal taldeak Europan

2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Etzi ekingo diote euskal talde denek Europako lehiari. Espainiako maila goreneko euskal talde guztiak daude Kutxabank Araski izan ezik. Handia litzateke denek jokatzea, ikaragarria euskal saskibaloiarentzat. IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako ibilbideari ekingo diote. Bizkaitarrek seigarrenez jokatuko dute Europako lehiaketa bat; gipuzkoarrek, berriz, estreinakoa dute.

Urriaren 22a. Bolada desberdinetan helduko dira. Azu Muguruzarenek balentria egin berri dute Perfumerias Avenida garaituta. Bost taldek bakarrik irabazi diote Espainiako lehiaketetan Perfumerias Avenidari azken bost urteetan. Gironak eta Valentziak ere hartu dute mendean, baina bi talde horiek haien ligakoak dira. Lurtarren artean, bi izan dira irabazi dioten euskal taldeak: Gernikak, 2016-2017ko denboraldian, Malosten; eta IDK-k joan den larunbatean, Gaskan. Egun berean egin dute biek: urriaren 22an. Roberto Iñiguez de Heredia entrenatzaile gasteiztarrak entrenatzen duen taldeak jada bi partida galdu ditu ligan denboraldi honetan; Lugoren aurka ere galdu zuen, bigarren jardunaldian. Horrez gain, 2019an ere Galiziako taldearen aurka galdu zuen, eta 2017an, herrialde horretako beste talde baten kontra: Ferrol. Perfumerias Avenidak Mersin Cukurovaren aurka jokatuko du Euroligako lehen jardunaldian; bai, Lointek Gernika Bizkaia hala nola kanporatu zuen Turkiako taldearen kontra.

Historia egitetik historia idaztera pasatuko da IDK Euskotren. Lehen aldiz ariko da Eurokopan, etzi. Aukera izan du beste urte batzuetan, baina klubaren ongizate ekonomikoa lehenetsi du bigarren lehiaketa jokatzera jauzi egiteko orduan. Aurten da urtea; baldintza denak bete dira Gaskan munduko jokalaririk onenetako batzuk ikusi ahal izateko. Debuta, ordea, etxetik kanpo izango da, Frantzian, eta garaikurra eskuratzeko hautagai nagusietako baten aurka: Asvel Lyon.

Tony Parker NBAko jokalari ohia da klubaren jabea, eta apustu handia egin du emakumezkoen saskibaloian; batez ere, gazteen artean egin du. Europako izar nagusietako bi daude Lyonen: Juste Jocite lituaniarra eta Dominique Malonga frantziarra. Biak 2005ean jaiotakoak dira. Malonga 1,98 metro luze da, eta azken astean haren bideo bat birala egin da sare sozialetan. Zergatik? Erraz txikitzen baitu saskia. Ikusgarria da, 16 urte bakarrik baititu. Jocite eta Malonga bikain daude inguratuta, izarrez beteriko taldea baita. Gazteak eta beteranoak daude: Sandrine Gruda, Helena Ciak, Julie Allemand, Gabby Wiliams,Marine Johannes... Blake Dietrick eta Laura Quevedo daude ere bai: lehena, Gernikako jokalari ohia, eta, bigarrena, Araskiko jokalari izandakoa.

Izenez izen. Lointek Gernika Bizkaiak ligaxkarako sailkatuta lortu zuen denboraldiko lehen helburua. Oso erraz egin zuen: bi partidak kontuan hartuta, 81 punturen aldea atera zion Phantomsi. Ligan ere ederto ekin zioten, etxeko lehen bi partidak irabazita. Etxetik kanpo, ordea, gehiago ari dira sufritzen Anna Montañanarenak. Kutxabank Araskiren aurkako derbian ezin izan zuten haien jokoa gailendu, ezta Bembibreren kantxan ere. Malosten astebetean hiru garaipen jarraian erdietsi ostean, lau dituzte Gernikatik kanpo; orain arteko biak galdu dituzte. Gernikarren multzoan ere badaude etorkizunerako izarrak, Venezian. Matilde Villa italiarrak, esate baterako, 36 puntu saskiratu zituen ligako partida batean. Awak Kuier finlandiarrak ere jokatzen du Venezian: iaz, bigarren izan zen WNBAren draft-ean. Buesa Arenan eta Miribillan ez ezik, Europako saskibaloi asko eta ona dago Euskal Herrian.

Badaude joan arren, betirako geratzen diren izenak: Pierria Henryrena, esate baterako. Joan Peñarroyak Real Madril mendean hartu osteko prentsaurrekoan jakinarazi zuen haren fitxaketa, inork galderarik egin gabe. Galduta ere, zaleak pozik egongo ziren Henryren itzulerarekin. Gainera, estatubatuarraren estiloa ezin hobeto datorkio egungo Baskonia alai eta lotsabakoari. Orain, entrenatzailearen lana da Henry, Darius Thompson eta Markus Howard kudeatzea. Gauza bat argi dago: zaleek ondo pasatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.