mikel reina
HIRUKOTIK

Denbora da poligrafo bakarra

2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Saskibaloian eta bizitzan, oro har, oso garrantzitsua da non zauden jakitea, eta horren arabera helburu batzuk edo besteak zehaztea. Mirariak existitzen dira, baina salbuespenak izan ohi dira. Lanaren poderioz lortzen dira gauzak, eta, azkenean, denborak jartzen du bakoitza bere lekuan.

Hankak lurrean. Bilbo Basketek, adibidez, argi izan behar du zein zen bere helburua denboraldi hasieran: beste urtebetez ACB ligan lehiatzea. Gaur egun, Koparako sailkapena aldi berean hain hurbil eta hain urrun izateak zalantzak sor diezazkioke. Aukera duela? Bai, baina oso zaila du. Alde horretatik, momenturik txarrenean galdu du Gironan; ez bakarrik galdu egin zuelako, baita abantailagatik ere; 25 puntugatik galdu zuen: 84-59. Oso estu dago Kopa jokatzeko lehia: bi toki bakarrik daude sei talderentzat, gainontzekoek dagoeneko jabea baitute: Bartzelona, Real Madril, Baskonia, Tenerife, Unicaja eta Joventut, etxeko taldea. Jardunaldi bakarra falta da lehen itzulia amaitzeko, eta bilbotarrek Bartzelonaren aurka jokatu behar dute; non, eta Palau Blaugranan. Jaume Ponsarnauren taldea eraldatu egiten da Bilbo Arenan jokatzen duenean; aldiz, beste talde bat dirudi etxetik kanpo. Ez du bakarrik irabazi behar, Valentziaren menpe dago: hark galtzea behar du, eta bilbotarrek gutxienez 33 punturen aldea berreskuratu behar dute. Hori, ordea, ez da garrantzitsuena. Gora begira egotea ona da, baina behera ere begiratu beharra dago. Oztopoak egon daitezke, eta pausoak non ematen diren ikusi behar da. Bilbo Basketek bost garaipeneko aldea du jaitsiera postuekiko.

Azkenaldian galdu dituen partidek Baskonia lurrera ekarri dute. Normala zen, hegan zihoalako orain arte, abendu osoan galdu gabe, eta hamabi garaipen jarraian lortuta. Joan PeƱarroyaren taldeak Euroligan jokatu dituen azken hiru partidak galdu ditu; hirurak etxetik kanpo. Ez da kezkatzekoa, oso zaila baita Euroligan Buesa Arenatik kanpo irabaztea, are gehiago bigarren itzulian. Hain berdinduta dago lehia, galera horrek ez du gehiegirik eragin sailkapenean: seigarren dira gasteiztarrak, Real Madril liderrarengandik bi garaipenera soilik. Bada, ordea, kezkatzekoa nola ekin dien taldeak partidei, defentsan, batik bat. Puntu asko jasotzen ditu, eta, batzuetan, gai da markagailua iraultzeko. Baina ez beti. Buelta emateko gai direnean, Markus Howarden eskutik izan ohi da, haren une beroak aprobetxatuta. PeƱarroyak bostekoak orekatu beharko ditu; ezin da hainbesteko aldea egon partida batean. Horrez gain, Steven Enoch berreskuratu behar da. Osteguneko Bartzelonaren aurkako partidak, adibidez, zehaztu dezake taldearen etorkizuna epe laburrera. Dagoen berdintasuna eta oreka ikusita, edozeinek irabazi diezaioke edozeini, eta hobe da zortzi talde onenen artean sartzeko borrokan sartzea.

Garaikurra eta titulua. Euskal talde guztiek, gizonezkoenek zein emakumezkoenek, urtarrileko igoera famatuari egin behar diote aurre. Ez dute ia atsedenik izan Gabonetan, eta denboraldiko garai erabakigarri batean sartu dira. Emakumezkoetan, hiru taldeak dabiltza buru-belarri ligan. IDK eta Gernika Eurokopatik kanpo daude jada. Eta Gernikarentzat eta Araskirentzat urruti dago Espainiako Kopa. Bizkaitarrek Gironaren aurka jokatuko dute, eta arabarrek, etxeko taldearen kontra: Zaragoza. Kopan ariko diren bi euskal taldeak berdinduta daude sailkapenean, kanporaketetako postuetan. Hori da haien helburu berria, sasoia borobiltzeko. IDK-k ere zortzi talde onenen artean sartu nahi du, sasoia salbatzeko. Horretarako egin dituzte azken bi fitxaketak: Kaela Davis eta Klaudia Cuic. Baina berri oso txarra jaso berri dute: Yurena Diazek hautsi egin du eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua, eta ez du gehiago jokatuko sasoi honetan.

Emakumezkoen liga ere inoiz baino berdinduago dago; oro har, maila jaitsi da. Zalantza gutxi daude, berriz, denboraldi amaieran betiko hiru taldeak lehiatuko direla garaikurrengatik, eta finalerdietan sartzen den laugarren taldeak irabaziko duela lurtarren arteko titulua. Azkenean, denborak bakoitza bere lekuan jartzen du. Poligrafo bakarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.