KRITIKA. Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Berria berriro

2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

Ensemble Sonido Extremo

Zuzendaria: Jordi Frances. Kantaora: Celia Romero. Narratzailea: Patricia Cercas. Egitaraua: J. Torres, G. Erkoreka, M. Urquiza eta C. Rojoren obrak. Lekua: Donostiako Kursaaleko erabilera anitzeko aretoa. Eguna: abuztuak 11.

Ostegunean, Musika Garaikideko Zikloaren bigarren hitzordua izan zen Ensemble Sonido Extremoren eskutik. Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan libre zeuden eserlekuak azkar hartu zituen beroak, eta esku-programak abaniko bihurtu ziren interpreteek programari ekiten zioten bitartean, Jordi Francesen gidaritza sendoari jarraituz.

Kutsu flamenkoa hartu zuten kontzertuaren irekierak eta itxierak. Lehenik, Jesus Torresen Pentesilea (2017) obrarekin, pianoa nagusitu zen erritmoetan zein hasierako klusterretan, arabeskoak ere dantzan. Bukaeran, bestetik, Carlos Rojok Federico Garcia Lorcaren Canciones espaƱolas obraren gainean egindako moldaketa interpretatu zuten. 1931ko jatorrizko bertsioan Lorcak berak jo zuen pianoa, eta Encarnacion Lopez La Argentinita abeslariak jarri zuen ahotsa. Rojoren moldaketak harmonia flamenkoaren sinpletasun eta biluztasuna puztu egiten ditu, hitzei garrantzia kenduz. Zorongo-an, batez ere, beharrezko bizitasuna galdu zen. Patricia Cercasek, bestetik, gehiegizko itxurakeriaz jantzi zituen Lorcaren olerkien deklamazioak.

Hala, esango nuke emanaldiak Gaussen funtzio baten antza hartu zuela, erdigunean kokatutako bi obra izan baitziren nabarmenenak zentzu guztietan. Gabriel Erkorekaren Ametsak 3 piezak, astelehenean lehen aldiz eman zenak, inkontzientearen eta gogamenaren zirrikituak jartzen ditu taula gainean, instrumentuen mugak zabalduz.

Sorpresa atsegina izan zen Mikel Urkizaren Ars memoriae, Sonido Extremo taldearentzat espresuki idatzitako obra. Sei mugimendutan, domus erromatar baten hainbat gela eta elementutan inspirazioa hartzen du, korridore eta banaleku lanak egiten zituen Fauces-ean mosaikoz estalitako zoruaren soinuetatik hasita. Impluvium, euri-ura jasotzeko prestatuta zeuden putzuak gogora ekartzen dituena, bereziki erakargarria izan zen, tanta eta ur-lasterren jolas gustagarrian. Aise igarotzen da batetik bestera, geletan barrena musikaren konplexutasuna ahaztu egiten da, bereziki Cuculus zatian. Emaitza: berria berriro entzuteko gogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.