Koronabirusa

Agerraldi bat izan da Gernikako ez-festetan

Donostian ere oldarraldi bat aztertzen ari dira, gaueko aisialdiarekin lotuta. Azken bi egunetan zazpi pertsona hil dira gaitzaren ondorioz Hegoaldean

Jendea, atzo, Gernikan, PCR probak egiteko zain. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Kutsatzeak gertatu eta hamar bat egunetara igartzen direla ohartarazi dute adituek maiz. Horixe izaten baita birusaren inkubazio aldia. Azken orduetan, bada, abuztuaren 14tik 16rako asteburuan izandako hainbat kutsatzeren berri eman du Jaurlaritzako Osasun Sailak. Zenbait herritako ez-festek bat egin zuten asteburu horretan EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen tabernak ixteko aginduarekin. Hortaz, gaueko aisialdia jendetsua izan zen herri askotan. Hain zuzen ere, asteburu hartako gaueko giroan du jatorria Gernika-Lumon (Bizkaia) atzeman duten agerraldiak. Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi du asteazkenean zenbait kasu atzeman zituztela, eta ordutik haziz joan direla positiboak: 57 dira dagoeneko.

Sailburuak azaldu du kasu gehienak gazteen artean atzeman dituztela, eta gaueko aisialdi giroan ibili zirela asteburu horretan, herriko ez-festetan. Kasuen gorakadaren ondorioz, PCR probak egiten hasi ziren igandean. Murgaren hitzetan, kutsatuen profila identifikaturik dago, eta probak egiten jarraituko dute kutsatzeak lokalizatzeko. Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, berriz, adierazi du «transmisio komunitarioa» dagoela herrian, eta PCR proba egitera joateko dei egin die herritar guztiei, ez soilik egun horietan jai giroan ibili zirenei. Izan ere, alkatearen esanetan, kasuetako batzuek ez dute loturarik elkarren artean, eta birusa «sakabanatuta» dago.

Gaueko aisialdiarekin loturiko beste agerraldi bat egon daiteke Donostian ere. Jaurlaritzako Osasun Sailak PCR proba egiteko eskatu die abuztuaren 14tik 16ra hiriko bi diskotekatan izan zirenei. Komplot eta Tropical Disco dira bi dantzalekuak, eta atzo arratsaldean hasi ziren probak egiten Donostia ospitaleko Gipuzkoa eraikinean. Egunotan, goranzko bilakaera izan dute positiboek Do- nostian. Iragan aste hasieran, 21 kasu atzematen zituzten egunean; azken orduetan, berriz, 73 izan dira. Aste osoko kutsatuak kontuan hartuz gero, 273 zenbatu dituzte.

Bestalde, aisialdi eremutik kanpo ere detektatu dituzte kasuak. Ziburuko (Lapurdi) portuko langile batek positibo eman du, eta, ondorioz, gainerako bederatzi langileak berrogeialdian daude proba egin bitartean. Portuko zerbitzuak mantentzeko langile bat dabil lanean.

Zazpi hildako bi egunetan

Positiboak aurreko egunetakoak baino apalagoak izan dira azken orduetan Hego Euskal Herrian: 548. Igandeetan lehen arretako kontsultak ez direnez egiten, proba kopurua nabarmen murrizten da: 5.886 test egin dituzte azken orduetan. Aurreko egunean, 9.000ren bueltan ibili ziren. Halaber, PCR probetan atzemandako kasuen portzentajea aurreko egunetakoak baino handixeagoa izan da. Larunbatean, Hego Euskal herrian egin ziren probetatik %8,98 izan ziren positiboak; herenegun, %8,43; eta atzo, %9,31. Hortaz, proba gutxiago egin badira ere, proportzioan atzeman diren kasuak gehiago izan dira. Bada alderik Nafarroaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren artean. Nafarroan baxuagoa da portzentajea: azken orduetan, probetatik %8,08 izan dira positiboak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %9,6.

Bizkaian atzeman dituzte azken orduetako kasurik gehienak, 246; Gipuzkoan 140 kasuren berri eman dute; Nafarroan, 95 izan dira eta Araban, 43. Erkidegotik kanpo 24 kasu zenbatu ditu Jaurlaritzak. Murgak ohartarazi du bigarren olatua aurrera doala: kasuetan ez ezik, ospitaleratzeen kopuruan eta ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan igar daiteke. Gaitzaren ondorioz erietxeetan sartu direnak 29 izan dira azken orduetan Hegoaldean, eta ZIUetan 36 pertsona daude. Udako agerraldiak hasi zirenetik ZIUetan zein ospitaleetan jende gehien dagoen eguna da. Hego Euskal Herriko ospitaleetan ia 300 gaixo daude oraintxe (298); hilaren 15ean ez ziren 200era heltzen (183). Era berean, ospitaleratzeen ugaritzeak hildako gehiago izatea dakar. Murgak jakinarazi du aurreko hiru asteekin alderatuta ugaritu egin dela gaitzaren ondorioz hil diren pertsonen kopurua: bezperan, bi pertsona zendu ziren Hego Euskal Herrian; eta, atzo, bost.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.