Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Ukrainaren hautagaitza

2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Europako Batasunean sartzeko hautagai estatusa jaso eta gero, Ukrainak egin behar dituen erreformen artean dago gutxiengoak babesteko neurriak hartzea. Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak espresuki azpimarratu du, ustelkeriaren kontrako neurriekineta zuzenbide estatuaren errespetuarekin batera. Estatukide izateko Konpenhageneko baldintzen lehenengo puntuan dago. «Baldintza politikoa: Instituzio egonkorrak sortzea demokrazia, giza eskubideak, zuzenbide estatua eta gutxiengoen errespetua eta babesa bermatzeko»

Puntu hori eta gainontzekoak betetzeko, erreforma ugari egin beharko ditu Kievek. Errusiaren inbasiopean dagoela, erreforma gutxi espero daitezke. Gerra amaitzen denean, berreraikuntzarako Bruselaren dirua iristen hasten denean, baldintza batzuekin etorriko da. Bitartean, Ukrainako gobernuak eskatzen zaizkion erreformen kontra neurriak hartzen jarraitzen du gutxiengoen babesaren alorrean.

Zelenski errusiar hiztunaren sinaduraren zain dago Ukrainako Parlamentuak herrialdea «deserrusiartzeko» hartu berri duen erabakia. Legeak, hain zuzen, 1991. urteaz geroztik errusiar herritarrak direnek egindako musika debekatuko du, komunikabideetan eta gune publikoetan. Debekua gainditzeko eskaera egin ahalko dute egileek segurtasun indarren aurrean, Errusiaren inbasioa salatzen eta Ukrainaren lurraldetasuna errespetatzen dutela idatziz aitortuta. Musikaren bitartez iristen den erasotzailearen «propaganda» saihestea eta Ukrainako musikaren kuota merkatuan handitzea omen da debekuaren helburua. Musika klasikoaren zaleek ez dute zertan kezkatu. Alexander II.a enperadorearen garaiko Txaikovski eta Stalin hil zen egun berean zendu zen Prokofiev irratian entzuten jarraitu ahal izango dute.

Errusiako armadaren gerra krimenak eta Ukrainaren independentzia ukatzeko Putinen politikaren ondorioz, errusiera eta errusiar kultura ezabatzeko nahia piztu da Ukrainako Gobernuan eta populazioaren zati batean. Herritar gehienek ulertzen duten eta biztanleriaren heren batentzat ama hizkuntza dena, toxikoa bihurtu da. Batzuk ukrainarra ikasten hasi dira errusieraz gehiago hitz egin behar ez izateko.

Errusiera indar inperialistaren eta okupatzailearen hizkuntza ofiziala da. Ingelesa, frantsesa, edo gaztelera izan diren bezala. Albiste pozgarria da, hainbat urtetan zapalduta egon ondoren, ukraineraren erabilera bultzatzea. Hori egiteko beste hiztun batzuen eskubideak murriztea, ez.

Ukrainak askotariko hizkuntzak eta kulturak izan ditu mendeetan, eta errusiera izan da hegemonikoa gainontzekoen kalterako. Aniztasuna mantentzea Europako Batasunera sartzeko bideanaurrera egitea da. Ukrainako Gobernua bide okerretik doa. Amnesty Internationalek edo Europako Kontseiluaren azkeneko txostenek salatu dute gobernuak hezkuntzan, komunikabideetan eta kulturan hartutako erabaki linguistikoak diskriminatzaileak direla; kultura errusiarra, hungariarra, poloniarra edo erromania duten gutxiengoek geroz eta eskubide gutxiago dituztela. Ukrainako Gobernuak ukrainera bultzatzeko hartu dituen neurriak aitzakia bezala erabili ditu Putinek errusiar hiztunen izenean esku hartze militarra justifikatzeko. Errusiaren menpe dagoen Krimean, bitartean, tartaroen kontrako jazarpenak aurrera jarraitzen du.

Hizkuntzen eta kulturaren erabilera politikoaren inguruan gogoeta egin eta gero, ukrainarrek erabaki beharko dute kultur aniztasunaren arloan Europako Batasunaren bidea edo Errusiarena hartu nahi duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.