Migrazio politikak. Hendaiako atxikitze zentroa. Cedric Herrou. Etorkinen eskubideen aldeko militantea

«Guk egiten duguna estatuak egin behar luke»

Bere etxaldeko ateak ireki izan dizkie Herrouk migratzaileei, eta haiei laguntzeagatik auzipetu dute Frantzian. Europak etorkinen inguruan agertu duen utzikeriari aurre egiteko, elkartasuna sendotzera deitu du.

Joanes Etxebarria.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Militante amorratua da Cedric Herrou (Niza, Okzitania, 1979). 2016tik bederatzi aldiz atxilotua izan da etorkinei laguntzeagatik. Haren hitzetan, laborari «pobrea» da, eta bere etxaldean etorkinak aterpetu izan ditu, helduak zein adingabeak, batzuetan 250 lagun izateraino. Roia ibarrean bizi da, Frantzia eta Italia arteko mugatik hurbil; iheslari taldeak muga zeharkatzen laguntzen ari zela atzeman dute behin baino gehiagotan. SNCF tren konpainia publikoak 1993tik abandonatua zuen geltoki bat ere okupatu zuten, etorkinen aterpe bilakatzeko; lau hileko kartzela zigorra ezarri zioten horregatik. Gainera, epailearen zaintzapean da, lurraldetik ateratzeko eta geltokietara hurbiltzeko debekuarekin, iazko uztailean tren batean etorkinekin zihoalarik atxilotu zutenetik. Horrekin gutxi ez, eta Itsas Alpeetako prefetak auzibidea ireki du bere kontra, sare sozialetan iraindu duelakoan. «Zaila da lan egitea hainbeste atxiloketarekin», adierazi du, berriki Lapurdin egindako bisitan. Miarritzen izan da, Bizi taldeak deiturik.

Gehiegikeriaren biktima zarela sentitzen al duzu?

Uste dut baietz. Pentsatzen nuen justizia independentea zela, eta ikusi dut ezetz. Konfiantza nuen justizian, baina orain kostatzen zait fidatzen segitzea. Justizian konfiantza badut, baina ez haren ordezkariengan.

Justizia, batetik; eta ordezkari politikoak, bestetik.

Politikak justizia baliatzen du hobendun ekartzeko kontra doazkionak. Migranteen gaiaz harago, bada arazo larri bat egun, demokrazia zer den ikusirik.

Miarritzen EtorkiZUna kanpaina iragarri zenuten.

Etortzeko eskaera gogotik onartu dut, Roiako ibarraren eta Euskal Herriaren arteko lotura egiteko. Erakutsi nahi dugu elkartzen ari garela Frantziako alde guztietan, eta anitz garela. Eta ez dugula amore emanen, elkartasunak segitzen duela.

Elkartasun keinu ugari ageri dira, baina ez dute kausitzen ildo politikoak mugitzea.

Hori da denek gogoan duguna. Baditugu gobernu itsuak, errealitateari uko egiten diotenak. Horrek ematen du beldurra. Gobernuak kontra-produktiboak diren ekintzak burutzen ditu: zein gizarte eraikitzen ari dira Europako gobernuak? Nik etxeko atea ireki nien migranteei, baina beste edonori ireki niezaiokeen. Hor ahulenak migranteak dira, eta iduri zait gure gizartearen ispiluak direla: agerikoa da azkarrena nola tematzen den ahulenaren kontra, gobernuak zer nolako mespretxuarekin tratatzen dituen. Bakarrik dauden adingabeei egiten zaien harrera txarra, lan mundura sartzeko zailtasunak, ahulenen kriminalizazioa... gizarte honen ispilua dira. Uste dut migranteen aldeko borrokak batasuna lortuko duela, denak elkartzen gaituelako; ahulenak bai, gutxienez.

Zure eskualdea, Lapurdi bezala, mugan dago. Elkartasunerako leku garrantzitsuak dira?

Leku horietan dira arazo gehien. Oraingoz, Euskal Herrian ez da Roia ibarrean bezainbat arazo, eta espero dut horretara ez iristea. Han 5.000 biztanle gara, eta 500 bat polizia ditugu, denak zenbaturik —aire eta mugetako polizia, armada, jendarmeria...— iduri du okupaziopean gaudela. Aurpegiaren arabera kontrolak egiten edo autoak automatikoki miatzen dituzten ibar batean bizitzea zaila da; estatua lerratzen ari da. Baina interesgarria da lurralde desberdinetako jendea elkartzea borroka komunetan.

Elkartasuna ageri den bezala, eskuin muturreko diskurtsoa ere gora doala dirudi.

Bada eskuin muturreko diskurtsoaren presentzia bat, baina nork du gizartea biziarazten? Roia ibarrean eskuin muturreko talde bat sortu da, baina ez dute ezer egiten, ez bada gorrotoa eta nahasmendua eragin. Gu saiatzen gara arazo bat pragmatikoki konpontzen, migranteak gizaki gisa hartzen: gure parekoak dira. Gizartea biziarazten dutenak ez dira arrazistak, gorrotoa dutenak, baizik eta elkarbizitzarako nahia dutenak. Eskuin muturrekoek ez naute beldurtzen, denaz beldur direlako, haien buruaz ere bai, ez dute konfiantzarik geroan... Haien diskurtsoa soilik oposizioan da, ez da eraikitzailea. Gu saiatzen gara elkartzen, ideiak bilatzen, arazo bati erantzuten. Horregatik da borroka polita, bizitzaren eta geroaren aldekoa delako.

Elkartasun mugimendu alternatiboek eskain dezakete gutxieneko harrera duina?

Elkarte anitz diru laguntzarik gabe ari dira lanean; horregatik zaila da. Niretzat, berdin: nire etxaldean 250 pertsona ukaitera iritsi naiz, oihal etxeetan; beraz, ez ziren baldintza onenak. Hori gertatzen da estatu edo gobernu batek migranteen harrera elkarte eta herritarren esku uzten duelarik. Zaila da dozenaka adingabe ukatea etxean, konplikatua da laborari bat jurista eta gazteen zentro bateko zuzendari bilakatzea... Guk egiten duguna estatuak egin beharko luke, baina ez du egiten.

Roia ibarraren eta Euskal Herriaren arteko partaidetza sare zabalago baten parte ote da?

Bai, bistan da. Harremanak baditugu Italian, Belgikan, Alemanian... Europaren irudi sozial bat ematen dugu. Europak ezin du migrazioen mugimendua kudeatu, baina herritarrak hor daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.