arantxa iraola
Koronabirusa. ANALISIA

Txertoaren gainekoak, ze ozen

2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Izurri honetan ozen nabarmendu dira agintarien erabakietan, horien harira hedabideek hanpatu dituzten tituluetan, hainbat gai. Ostatuei zuzenduriko neurriei buruzko erabakiek, esaterako, oihartzun handia izan dute. Oro har, aisialdiarekin lotutakoek aparteko hauspoa izan dute; «galdutako normaltasunari» buruzko kezkak eta nahiak eguneroko kontua izan dira, eta pandemiaren aurreko abiapuntura itzultzeko desio etsi batean joan dira bi urte. Aldiz, isilago joan dira beste hainbat gai; izurriaren ondorioz sortu diren zaintza arazoei buruzkoak, esaterako, isilpean geratu dira sarri: etxe zuloetan. Antzeko zerbait gertatu da pandemiak handitu dituen arrakala sozialen inguruko berriekin ere. Mundua begiratzeko erak definitzen ditu, hein batean, pertsonak eta gizartea, eta begirada horrek zeri erreparatzen dion ikustea garrantzitsua da ikuskera bakoitzaren atzean dagoenari neurria hartzen ahalegintzeko. Alde horretatik, txertoei buruzko eztabaidak nondik nora joan diren ikusteak sortzen du ezinegon bat.

Oro har, erruz hitz egin da txertoez. Logikoa da eta bidezkoa da; izurriaren kontra egiteko neurri aski garrantzitsua dira, txertoek apaldu egiten dute gaitzaren larritasuna, eta txertoen eta txertaketa kanpainen nondik norakoek oihartzuna izan behar dute gizartean. Baina ez txertatzeko erabakia hartu dutenei begira mezuak zelakoak izan diren ikusteak zitaletik ere zerbait badu. Puztu egin dira, esaterako, osasun ziurtagiriari buruzko erabakiekin eta horren gainean informazioa emateko ondu diren albisteekin. Horietan, txertatu gabeak lotu dituztegaitza zabaltzeko aparteko arriskugarritasun batekin, eta txertatuen eremuak, berriz, eremu «seguruak» direla nabarmendu nahi izan da. Nolanahi ere,bide horretan eman diren hainbat mezuk ez dute aparteko zentzurik ikuspegi zientifikotik, herrenak dira: izan ere, egun ematen diren txertoak ez dira esterilizatzaileak, eta ez dute eragozten birusaren transmisioa. Behin infektatuta, bai: txertatu gabe daudenek osasun sistemara heldu eta bertan arta bereziak behar izateko arriskua handiagoa dute, eta hori ere esan egin behar da, izurri honen arrisku handiena osasun zerbitzuen kolapsoa baita.

Azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian txertoa jaso dezaketen herritarren %89 txertatuta daude, eta kopuru horrek hazten jarraituko du, martxan baitago, esaterako, 5-12 urte arteko umeen txertaketa. Aldiz, gizartearen ehuneko batek ez txertatzea erabaki du: ez da derrigorrezkoa, eta hautua egin dute. Hautu horren atzean dauden pertsonen soslaiari erreparatuta, klase askotako motiboak egongo dira seguruenera. Orokorkerietara egiteak ez du zentzurik. Ulertzekoa da administrazioek gizartearen parte hori ere txertatzeko desioa izatea, guztiz ulergarriak dira horretara zuzenduriko kanpaina eta egitasmoak, baina txertatu gabeak izurri hau konpontzeko arazoa direla hainbeste nabarmentzen delarik, galdetzekoa da zergatik ez den begirada bideratu izurriaren eragina arintzeko ezinbestekoak diren beste alor batzuetara ere. Aireztapenaren garrantziaz, esaterako, berandu eta gaizki heldu da gehienetan informazioa. Bakartze neurriak betetzea erraztuko lukete lana eta familia bateratzeko laguntza sendoek, baina oso urriak izan dira. Etxetik lan egiteko neurriak sustatzera ez da ia egin. Antigeno testak ez dira doan eta erraz eskura jarri...

Komunikazioan ere usu egin da irrist; asteon bertan, esaterako, irauli egin ditu Osakidetzak izurriaren jarraipena egiteko protokoloak. Omikron aldaerak ekarri duen egoera berriaren harira, aldaketen atzean motibo funtsatuak daudela pentsatzekoa da, baina egun batetik bestera hartu eta jakinarazi dira erabakiak, horien gainean azalpen mamituak emateko astirik ere hartu gabe. Eta ezinegona sortzen dute halakoek. Izurriaren prebentziorako hartutako erabakiak tarteko, zera esan zuen egunkari honetan elkarrizketa batean Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako lehendakari Juan Ignacio Perez Iglesiasek:«Bizitza aldatu behar badut, azal iezadazu zergatik». Zergatik horretan sakontzeak berebiziko zentzua izan behar luke, eta askotan ez da ikusi horretarako behar adinako ahaleginik.

Jakina, horrek guztiak ezin du zuribidea izan txertaketaren kontrako mugimenduaren zenbait adarrek zientziaren jardunak ezarritako irizpideetatik guztiz aparte edo horiek desitxuratuta egiten dituzten adierazpenen aurka jarrera irmoa ez izateko. Hor bai, hor ere ozendu behar da mezua, eta zolitu behar da begirada: desinformazioaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.