begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Gure erraietako irudi kimerikoak

2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herriko karteldegi osoan berdinik ez duen Saint Omer filmaren azken eszenetako batean, bere 15 hilabeteko alaba hil zuen emakume senegaldarraren defentsan ari den abokatuak, Euskal Herriko karteldegi osoan berdinik ez den diskurtso baten bidez, iruditeria ikaragarria, harrigarria sorrarazten du gure neuronetan, gure begietan, gure hezur-muinean.

Ez du abokatuak dudatan jartzen eromenak setiatu eta gainditu zuela denen aurrean ikusezina bilakatu zen Laurence eme gaztea. Emakume-mamua deitzen dio hitz gogor-eztitsuz. Baina, mintzo garbian, zera gogorarazten die epaileei: kartzela zigorra hautatuz gero, epai zentzuzkoa emango dute, baina ez justizia benetakoa egingo.

Badaki abokatuak hilketaren berri dutenek munstrotzat jo dutela filosofia ikasle zen neska, baina epaiketa generoko pelikuletan gutxitan izan den gidoi-biraketa markaz fuerakoa hartuz, honako hau kontatzen du, kamera aurrean, guri begira. Gauza jakina da haurdun den emakumeak sabelean daraman haurrari bere zelulak eta DNA pasatzen dizkiola. Kontu jakina, zientziako afera. Ez zaigu hain ezaguna egiten, ordea, transmisio horren beste aldea, umekiak ere, fetuak ere, bere DNA eta bere zelulak besterentzen dizkiola amari. Are ezezagunagoa zaigu konexio horren azken miraria (edo amesgaiztoa, akaso). Fetuak pasatutako materia organiko hori betirako geratzen dela emakumearengan, bere gorputzaren bazter guztiak okupatuz... Urrutiago doan irudia partekatzen du emakume legelariak: ez du ardura fetuak jaio behar duen edo ez; nola edo hala, han geratuko dira betirako zelula horiek.

Personal Shopper-en ikusi genuen eta igualik ez duen Aurelia Petit aktoreak antzezturiko abokatuak azken momenturako gordetzen du ahoa bete hortz eta dardaraz uzten gaituen azalpen amaierakoa: zientziak zelula kimerikoak deitzen die umekiak utzitako aztarna horiei. Abokatuaren ondorioa izuzko zinemari dagokio kasik: emakumeok ahuntzaren gorputza, lehoiaren burua eta sugearen buztana zituen Kimera izaki mitologiko haren antzekoak gara. Eta izaki horri munstro deitu ohi diogu. Beraz, denok gara, nolerebait, munstroak.

Alice Diop zuzendariak Etorkizuneko Lehoia eskuratu zuen Veneziako zinema jaialdian ikustea ezinbestekoa den lan honengatik. Bere filmeko pertsonaia bezala, Venezia ere bada kimeriko samarra, eta, Laurence bezala, kimera antza hartzen du Desdemonaren hiria eta hilobia izan zen urak hartutako lur honen ikur preziatua den piztiak ere, bertako harrizko palazzo-etako irudikatze hainbatetan.

Jakina, Saint Omer ez da soil-soilik azaldu dizuedan eszena hori. Ezta bakar-bakarrik diskurtso hori ere. Ez. Gaur egun, noiz eta Berlingo Hartza jaso duen filma Sur l'Adamant dokumental balenta izan den, nahitaezkoa suertatzen zaigu Alice Diopek dokumentalarekin duen konpromisoarekin bat egitea, ikusle. Filmin plataforman eskura duzue, kasurako, Nous lan fin-fina, Paris hiria zeharkatzen duen burdinbidearen inguruetan filmatua.

Saint Omer-ek ustekabean harrapatzen du ikuslea bere zinema kadentziaz. Ganbera pieza zeluloidezkoa dirudi. Kamerak ez du kasik zirkinik ere egiten. Mugitzen ez diren ispilu baten islak dirudite Claire Mathon berdingabeak sortutako irudiek. Pelikulak ez du ahotsa altxatzen. Beharrik ere ez du. Inolako aldarrikapenik azaldu barik, pantailan agertzen zaizkigu gure betiko mamuak: arrazakeria, emakumeekiko destaina, aurrejuzguak egiteko dugun abilezia gaiztoa...

Portzierto, Kimera munstroa emea zen, Robert Graves idazleak egindako ikerketaren arabera; gure Mariren ahizpa, kasik. Desira guztien, amets guztien eta emakume ororen bizi aro guztien zaindaria. Gur egiten zioten ezagutu ez genituen herriek. Akabatu zutenean, jainko arrek hartu zuten boterea. Baina, akaso, bere zelulek gugan irauten dute; erraietan, eta zeluloidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.