mikel p ansa
Koronabirusa. ANALISIA

Endemia, 'de facto'

2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Omikronak dena aldatu du, eta azkar gainera. Pandemia bukatzen ari ote den eta gaitza egoera endemiko batera igarotzen ari ote den, eztabaida zabalik dago. Aiseago zabaltzen da aldaera hau, eta, itxura batera, sintoma arinagoak eragiten ditu, nahiz eta batzuei ere gogor eragin. Eta ezin ahaztu txertoek ere eragina dutela arintze horretan. Baina aldaera hau horrenbeste zabaldu da, ezen ospitaleratuen eta hildakoen kopurua goraka bultza baitu ikaragarri. Eta hainbeste zabaldu denez, ezin da baztertu mutazio berriak eragitea, eta ezin da jakin horiek nolakoak izango diren. Goiz da endemia hasi dela baieztatzeko, beraz. Eta horixe esan dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere berriki.

Baina paradoxa zein da? Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, de facto, endemikoa balitz bezala kudeatzen hasi direla koronabirusa, erabat ezinduta. Joan den urrian, datuen jarraipena egunero egiteari utzi zion Jaurlaritzak, aztarnari taldeak hustu zituen, eta bi gobernuek lehen arretan jarri dute gaitzaren zama guztia, apenas inbertitu gabe, eta urtarril hasieran positiboak jarraitzeari utzi zioten. Pandemia kudeatzeko sortu ziren tresna asko galdu dira, eta gobernuek endemia baten exijentziak jartzen dizkiote beren buruari, herritarrei pandemia baten aginduak ematen dizkieten bitartean. Pandemiatik endemiarako trantsizioa de facto egin dute gobernuek kudeaketan, eta txertoetan jarri dute esperantza bakarra.

Bidean, desastre mordo bat pilatu dira: lehen arretako erizainak eta medikuak lehertzen ari dira, gaixo askoren osasun beharrak artatu gabe utzi dira, positibo emandako umeak dituzten gurasoak abandonatu dira, etxean kutsatuak dituztenak lanera joatera behartu eta berrogeialdiak murriztu dira produkzio katea ez eteteko, umeei ziurtagiria eskatu zaie eurek txertatzea erabaki ezin badute ere... Praktikan, gripeari bezala egin zaio aurre—ziurtargiriaren kontu hori gehituta—, sortutako gabeziei entzungor eginda. Enpatia gutxi sentitu da. Eta haserrea handitzen. Eta, azkenerako, txertatu gabeei COVID ziurtagiria lortzea ia ezinezko bihurtu zaie, osasun zerbitzu publikoek PCR bat egitea ameskeria bihurtu delako, eta hartara, praktikan, txerto ziurtagiri bilakatu da COVID ziurtagiri zena.

Herritarren artean ezinegona eta haserrea erein ditu egoerak, eta txertoen hirugarren dosian ikusten da adierazle bat: 40 eta 49 urte artekotan, Hegoaldean, lehen dosia hartu zutenen erdiek soilik hartu dute hirugarrena. Oraindik igoko da ehuneko hori, baina desafekzio bat gertatzen ari den seinale da. Administrazioek hiru aldiz pentsatu beharko lukete, beste olatu bat etorriko balitz, ziurtagiriarekin eta laugarren dosiarekin aurre egin nahi ote dioten. Eta lau aldiz pentsatu beharko lukete zenbat jende utzi duten bazterrean azken olatu honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.