Ugo Mayor.
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Alarmismoa edo gardentasuna?

2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Han hemenka, birusa dantzan, aldaera berriak sortuz doaz. Kutsatze bakoitzean, birusak bere buruaren kopia aunitz egiten ditu, errore edo mutazio berriak sortzeko aukerak biderkatuz. Askotan mutazio horiek birusari berari egiten diote kalte, beste batzuetan, berriz, kaltea guregana dator. Hedatze eta biderkatze abiadura arinari esker, birusak nitxo ekologiko egokienaren bila jarraitzen du etengabe. Eboluzioaren eta hautespen naturalaren adibide garbia. Hala ere, aldaera berriak non-nahi sortzen ari badira ere, hauek atzemateko baliabideak izan eta erabili behar dira. Brasilen garatu den P1 aldaera, adibidez, munduaren beste puntan, Japonian, atzeman zuten lehen aldiz, positibo eman zuen bidaiari batek zeraman birusaren sekuentziazioa eginda.

Zergatik arduratzen gaituzte SARS-CoV-2ren aldaera batzuek? Ba, aldaera gutxi batzuek jasan duten eraldaketa dela eta, birusa ezezaguna bihurtu daitekeelako gure sistema immunearen ikuspegitik, aurretik infektatuta egon bagara edo txertatu bagaituzte ere. Birusarekin (edo txertaketaren kasuan, birusaren zati inaktibo batekin) kontaktuan egon garenean, antigorputzak eta baita linfozitoen bitarteko babes tresnak sortzen ditu gure immunitate sistemak. Orain arte argitaratutako datuen arabera, txertoei esker antigorputz kopuru sendoa sortzen dugu birusari aurre egiteko. Linfozitoen bitarteko erantzun zelularra, ordea, ez da pertsona guztietan maila nahikoan ematen, babesa emateko. Gure immunitatea bi zutabetan oinarritzen denez, ordea, kale egiteko arriskua txikia da, eta horregatik txertoek duten eraginkortasuna hain handia da, adin guztietan.

Aldaera berri batzuekin, ordea, antigorputzen bitarteko babesa gutxitzen dela ikusi izan da. Neurtutakoaren arabera, birusaren zenbait mutaziok itxuraldaketa nahikoa sortu eta neutralizazio gaitasuna nabarmen jaitsi daiteke. Honen aurrean, lasaitasun mezua zabaldu da edonola, linfozitoen bitarteko babes zelularrean esperantza jarrita. Baina, aurretik esan bezala, zenbait pertsonarentzat bigarren zutabe honek ez luke behar beste babes emango. Honek mundu mailan sortu du nahiko ardura, maiz txertatu beharra ekar dezakeelako, aldaera berrientzat diseinatutako txerto berrien bitartez. Asko dago oraindik argitzeko, eta denborak esango digu ea aldaera berrien aurrean gaur egungo txertoek behar bezala babestuko gaituzten. Eszenatoki potentzial horietaz arduratzea alarmismotzat jo baliteke ere, espero dezagun oraingoan gardentasun handiagoarekin egingo diegula aurre arrisku berriei, duela hamalau hilabete ez bezala. Jakin behar da, edonola ere, aldaera berriek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten guregan, ahalik eta kutsatze gutxien izan beharko genituzkeela. Honek, epe motzean zein ertain-luzean kaltea ahalik eta txikiena izatea ekarriko du.

Bitartean, eta aldaera hauekin kutsatutako lehen ospitaleratzeen harira, ikuspegi klinikotik gure medikuek aldaera hauek nola eragiten duten aztertu ahalko dute datozen egunetan. Eta pasa den astean Errenterian egindako eran, aldaera berri hauek agertzen diren bakoitzean, haien hedapena guztiz ekiditeko baliabide guztiak, eta gehiago, jarri beharko ditugu berriz martxan. Txertoak epe luzean pandemiari aurre egiteko bide bakarra izanda ere, epe motzean kutsatze kateak ahal eta arinen etetea nahitaezkoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.