Diaspora eta 'Gernikako arbola'

Mikel Ezkerro, Maria Elena Etcheverry de Irujo y Ollo eta Santi Bereciartua
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Artikulu hau sinatzen dugunok zortzigarren euskal probintziakoak gara, hau da, bere garaian Baskonia utzi eta Amerikan eta munduko beste kontinenteetan leku hobeak bilatu zituzten euskaldunen milioika ondorengoek osatzen dugun euskal diasporakoak.

Horietako batzuk agian euskaldunen izpiritu abenturazalearengatik etorri ziren; beste batzuk, beharretik ihesi; beste batzuk, Foruen galeraren desengainuagatik eta soldadutzatik ihes egin nahian; asko, erbestera behartuak XIX. mendetik gure lurra zauritu zuten gerrengatik; eta beste batzuk, besterik gabe, aurretik etorritako senideen oparotasunak erakarrita. Agian denetarik egon zen. Baina, egia esan, belaunaldiak igaro dira, eta hemengo askok Euskal Herria gure lurra dela ikusten jarraitzen dugu; gure abizenak, gure arbasoak eta, batez ere, gure herriaren izaera eta kemena ezagutzen ditugu, leku guztietan aitortzen direnak.

Hemen urte asko daramatzagu batzen gaituena lantzen: hizkuntza, ohiturak, dantzak, kantuak... eta abizenengatik ez bada, ia ez dugu bereizten gure probintziako jatorria: Iparraldetik, Nafarroatik edo Bizkaitik etortzea hemen jada bigarren mailakoa da. Zazpi probintziek bat egiten dute distantzian, eta hemendik gure herrialdea ikusten dugu astronautek Lur planeta ikusten duten bezala: zerbait maitatua, bakarra, batua.

Gaur egun hiru administrazio-erakundetan banaturik egotera eraman gaituzten gorabehera historikoak ulertzen ditugu: Nafarroako Foru Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Euskal Hirigune Elkargoa. Baina guretzat Baskoniak, Euskal Herriak, bat izaten jarraitzen du eta Zazpiak Bat da gure etxe, txoko, frontoi eta Euskal Etxeen buru.

Zorionez, euskara gure herriaren oinarrizko argamasa da, baina faltan sumatzen ditugu, behar ditugu, herri osoa ordezkatzen duten sinboloak. Adibidez, hemen errespetuz eta maitasunez entzuten ditugu gure autonomia ezberdinetako ereserki ofizialak, eta gure gurasoek erakutsi zizkiguten kantu aberkoi zaharrak ere abesten ditugu; hala ere, Gernikako arbola da oraindik abesti eta ikur musikalik adierazgarriena, 1858ko urriaren 29an jendetza batek Rio de la Platako kaian abestu zuenetik, erbesteratu zuten Jose Maria Iparragirre egileari ongietorria emateko.

Aspalditik interes handiz jarraitzen diegu musikari, kantari, idazle eta pertsona ospetsuen manifestuei, sinbolo bateratu hau berreskuratzearen alde. Ideologia guztietako eta euskal unibertsitate guztietako historialari talde garrantzitsu baten hitzekin identifikatzen gara bereziki: «Gernikako arbola solemnitatez abestu zuten guztiek, karlistek, komunistek, kontserbadoreek, liberalek, nazionalistek, errepublikanoek eta sozialistek». Aturritik Ebrora, belaunaldiz belaunaldi, euskaldun sentitzen ziren euskaldunek eta espainiar edo frantziar sentitzen ziren euskaldunek ere abestu dute. Nazio moderno baten ikur gisa edo antzinako foraltasunaren eta askatasun tradizionalen adierazgarri gisa ulertuta, nekez aurkituko da hainbeste borondate batzen dituen eta hain kidetasun sakonak sortzen dituen kanturik.

Euskal Herriko zortzigarren probintzia den aldetik, ezer gutxi egin dezakegu gure lurraldeko alderdi eta erakunde politiko eta kulturalen aurrean. Gainera, ez dugu lurraldeen, alderdien eta belaunaldien arteko eztabaidetan sartu nahi, euskal herritarren etorkizunari nola aurre egin behar zaion aztertzeko. Hori bai, urruntasunetik nahi genuke gure ikuspegi orokorra, hau da, herri batuaren ikuspegia zuei helarazi eta, errespetu osoz, ereserki historiko bat, euskal ikur internazionalena, berreskuratzeko gonbita egin, zortzi probintziak ordezkatu eta batzen jarrai gaitzan.

OHARRA: Artikulu hau euskal diasporako hogeita zazpi kidek sinatu dute, Argentina, Uruguai, Mexiko, Venezuela, Kolonbia, Txile, Peru, Kuba eta AEBetakoak. Goian zehazturiko hiruez gain, honako hauek: Fabio Javier Echarri (Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionala, Chaco, Argentina); Mariana Fernández Castelli (Agrupacion Vasco-Argentina, San Martin); Carlos Costa (Medikua, Montevideo); Maria Cristina Martínez Elizalde (Medikua, Montevideo); María Julia Listur (Historia irakaslea, Montevideo); Agurtzane Aguado (Euskal Herria-ren lehendakaria, Montevideo); Josu Landa Goyonaga (Filosofo eta idazlea, Venezuela); Jaione Arrieta Galarraga (Diasporaren koordinatzailea, Mexiko); Joseba Buj (Idazlea, Iberoamerikako Unibertsitatea, Mexiko); Jose Vicente Katarain (Editorea, Bogotako Euskal Etxea); Gonzalo Linazasoro (Abokatua, Santiago); Fernando Lizarbe (Zazpirak Bat, Rosario, Argentina); Wilfredo Lizarzaburu (Trujilloko Euskal Etxea, Peru); Javier Tisera (Kazetaria. San Nicolaseko Euskal Etxea, Argentina); Guillermo Canut Garramiola (Rosarioko Euskal Etxea, Argentina); Carlos Aznárez (Kazetaria, Buenos Aires); Eneko Tuduri Zubillaga (Renoko Unibertsitateko ikertzailea, AEB); José Antonio Ocariz (Medikua, Maine, AEB); Jesús A. Hormaza (Ingeniaria, Habana); Daniel E. Aranguren Echeverria (Ingeniaria, Habana); Anjel Azkarraga Etxebarria (Jubilatua, Habana); Txutxo Abrisketa (Enpresaria, Habana); Jesus Loizaga Arbizu (Habana).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.