begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Bruselako Komertzio kaiko 23.ean bizi da Jeanne

2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Iragan abenduko kontua da, bai. Baina laster, otsailaren 24an, Hegoaldeko Filmin zinema plataforman izango dugu ikusgai orrialde honetako ardatza den zeluloide puska. Baliteke Iparraldeko zinemajaleek hegokook baino hobeto eta aspaldiagotik ezaguna izatea ere. Baliteke zuetako askok tentazioaren aurrean lehenbailehen erori nahi izatea. Bale. Akort. Ados. Konforme. Sarea sakon eta detektibe moduan arakatuz gero, kalitate dezente samarreko kopia bat aurkituko duzue. Jatorrizko bertsioan, ingelesezko azpitituluekin. Internet Archive izeneko webean bilatuko duzue, izenburua jarrita.

Zertaz ari garen Goya sarien bezpera honetan? Hiru ordu, hamahiru minutu eta hamar segundo irauten dituen 1975eko film batez, 15 urte bete berri zituela Godarden Pierrot Le fou ikusi zuen emakume batek sinatua. À bout de souffle burutu zuen maisuaren lana bukatu orduko, belgikarra zen neska hark jakin zuen zinemagilea izango zela, zinema egin behar zuela. Nola edo hala. Patua alde edo kontra. Beste guztia baztertuko zuen zinemaren amodiogatik. Judua zuen familia Frantziarako bidea segituan hartuko zuen neska hark. Izan ere, amaren senideak kontzentrazio eremuetan erail zituzten naziek.

Pelikulak egin zituen, bai, zinemak seko zauritua zen neska hark. Zauritua bainoago, zinemak hartua; kamera baten atzean, barruan eta aurrean dantzan dabiltzan deabru guztiak, gaiztoak zein ederrenak, jabetu ziren estilo handiz erretzen zuen emakume hartaz. Eta bera, gustura. Eta bera, kamera lepoan. Eta bera, zinema azpikoz gora jarriko zuten pelikulekin ametsetan.

Bere filmek sekula ez zuten bete gure etxe ondoko areto korrientetako pantailarik. Zeluloidezko demonioek hartuak ziren beste askoren bilkura-akelarreetan baino ez ziren ikusten. Baita zinema eskoletan ere. Atrebentzia osoz, ezagutzen zen guztiarekin haustea proposatzen zuten jaialdi urri batzuetan. Zinema zazpigarren artea dela onartzen zuten museo eskas haietan. New Yorken, zinema undergroundeko kumeek miresten zuten emakume belgikarraren lana. Eta neska hura pozik ibiltzen zen azpimundu horretako jendaia paregabe harekin, hizketan eta kamerarekin. Denak baitziren zeluloide jonkiak.

2015ean hil zen emakume hura, Pierrot le fou ikusi eta 50 urte geroago. 2022ko abenduan, berriz, planeta honetako hamaika, zientoka, milaka, makina bat kritikarik bere lan bat aukeratu zuten Zinemaren Historiako Onena bezala.

Ehun pelikulak osatzen dute galaxia honetan ospe handiena duen zerrenda hori. Frantziako Cahiers du Cinéma sakratu horren parekoa den Erresuma Batuko Sight &Sound aldizkari zeharo estimagarriak antolatu izan du hamarkadetan zerrenda hori, baina aspaldi zaharrean ez zen gertatzen iazkoaren pareko errebolta, matxinada, aldaketarik. Demonio zaharrenak ere ez dira akordatzen. Noiz suertatu ote zen halakorik? Noiz hartu zuten hautsez beteriko Zinema Akademia hainbatetako kideek pareko zaplaztekorik?

Zer dela-eta ez zen lehen postuan Wellesen Citizen Kane? Edo Eisensteinen Potemkin korazatua? Nolatan Hitchcock bera txapeldunordearen tituluarekin konformatu behar? Zer dela-eta Wong Kar Wairen In the Mood for Love-k luzatzen zion erronka, bere bosgarren postutik, laugarrenean zen Yasuhiro Ozuren Tokyo Story urteetan bedeinkatu horri? Benetan Hego Koreako Parasite zerrenda bedeinkatuan dagoela? Hitza ematen didazue? David Lynchen Mulholland Drive postu bat gorago dago Dziga Vertoven Chelovek s kinoapparatom (Kamera duen gizona) baino!?

Baina, baina, baina; are, are, are... Zinemaren immobilista horiek jaso behar izan zuten sustoa askoz handiago izango zen; hain neurririk gabekoa, ze kostata bueltatuko ziren beren onera...

Aipatu dugun neska belgikar hori Chantal Akerman da. Egia da behin batez William Hurtekin eta Juliette Binocherekin lan egin zuela, baina, goian idatzitakoari helduz, zirkulu hertsietan baino ez zen bere lana ezaguna. Ba, ba, ba... Bere 1975eko Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles 2022ko zerrendaren lehenengo postuan jarri zuten aukeraketan parte hartutako guztiek. Hara, mugitzen ez den kamera zorrotz, hotz, mingots, mingarri batek islaturiko plano zabal, luze, mozten ezinezkoz buruturiko emakume baten erretratua, hiru egunetan ikusten duguna, Zinemaren Historiako filmik onena da. Eta ikusgai da. Orain, Internet Archive delakoan. Gero, Filminen. Ez da dastatzeko erraza. Ez du zuen konplizitatea nahi. Ez du gupidarik. Baina egundoko filma duzue. Eta ez, ezin duzue karteldegian daudenekin alderatu. Igualik ez baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.