Alice eta Margot. 'Jaka horiak'

«Ez dute ulertu lortu arte segiko dugula; ez garela geldituko»

Jaka Horien mugimenduan parte hartu dute Alicek eta Margotek. Andreek duten lekuaz aritu dira. Uste dute orain artekoa sekuentzia luze baten hastapena baizik ez dela.

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Kutxazaina da Margot, erretretaduna Alice —ez dute abizenik eman nahi izan—. Bi emakumeek lehen agerraldian jantzi zuten jaka horia, eta karrikara atera ziren «sistema kapitalista mafiosoaren aurka, neoliberalismoaren eta oligarka guztien kontra». Biriatuko ordainlekua blokeatu zuten Hendaiako Jaka Horiek asteburuero, azarotik martxora. Errepresioa jasan zuten, «bortizki». Baina ez dute etsi, eta astero elkartzen segitzen dute Ipar Euskal Herriko Jaka Horien taldean, mugimenduaren segida antolatzeko.

Ezantza zerga, zerrenda luze baten ondorioa zela ikusten zuten biek: «Joan den mendean borroka luzeei esker lortu ditugun eskubide sozial guztiak galtzen ari gara. Zerbitzu publikoa egoera katastrofikoan da, izan garraioetan, ospitaleetan, eskolan...». Margotek argi du: «Ezin duzularik duintasunez bizi, borrokatzea da bide bakarra».

Gobernuen neurriek «langileak dauzkate jomugan», Aliceren iritziz, eta beti «berberek» pairatzen dute miseria.

Justizia sozialaz gain, herriak sistema politikoan daukan tokiak ere bultzatu ditu Jaka Horietan sartzera. «Guk politikan sartu nahi dugu, guk erabaki nahi dugu herriak behar duena. Elite politikoan direnak beste mundu batean bizi dira», esan du Margotek. Alicek gehitu du: «Denak gara zilegi erabaki politikoak hartzeko, langileak, emakumeak, elbarriak...». Elbarriek mugimenduan tokihandia dutela azaldu dute, eta nabarmendu «gehiengoa lanarengatik elbarria» dela. Hendaian (Lapurdi), elkarte bat sortu da Jaka Horien mobilizazio garaian, elbarritasuna daukaten pertsonei laguntza eskaintzeko. Aliceren ustez, «lorpen bat da, elkartasuna da gure tresnarik inportanteena».

Mugimendu oso zabala dela onartu dute bi andreek, «iritzi ezberdinetako» jendea bildu baita mahai inguruan. Horren arrazoia, «langileria osoa batu izana» dela diote. Baina, hala ere, protesta egin dutenen artean harreman «sendoa» dago. Horrela azaldu du Margotek: «Sekulako elkartasuna izan da gure artean, egoera zailetan elkar lagundu dugu. Mugimendua hasi eta bi hilabetera, jakin dugu gure taldeko andre batek autoan lo egiten zuela, etxerik ez baitzuen. Segidan gure sareak aktibatu ditugu, eta egoera konpontzea lortu dugu».

Andre izanda, gogorrago

Alicek azpimarratu du emakumeen egoerak are prekarioagoak direla, eta, beraz, taldean neska asko direla, «gehienak». Polizia bortizkeria jasan dute bi emakumeek, errepresio judiziala ere bai. «Ez dakit ezta zenbat isun ukan ditudan hasieratik! Erotzekoa da. Baina ez naiz geldituko», Margotek. Emakumea izateagatik Poliziarengandik errepresio are gogorragoa pairatu dute bi militanteek; batez ere, hitzetan. «Jendarmeek emakumeoi hitz larriak botatzen dizkigute beti. Andreak sexualizatzeko edo etxera mugatzen dituzten hitzak dira denak, puta edo gure sukaldeetan egoteko esaten digute» salatu du emazteak. Fisikoki ere ukaldiak jaso dituzte behin baino gehiagotan.

Alice antzera mintzo da: «Gobernua beldur da, eta Polizia itsuki ari da gure aurka. Ez dute ulertu gu ez garela geldituko, lortu arte segituko dugula». Mugimenduan izan duten lorpenik handienetakoa «militante berri batzuei begiak irekitzea» izan da, Margoten ustez. Kontatu du nola mugimendu hasieran eskuin muturrari bozka ematen zioten batzuk anarkista edo ezker muturreko bilakatu diren. «Konturatu dira eskuin muturrak ez zuela justizia sozialaren alde egiten eta herria mespretxatzen zuela».

Azken finean, hitza libratu dela uste dute, jendea errazago mintzo dela. «Beti miserian bizi izan den eta elitearengandik mespretxatua den jendea bildu da. Elkarren artean mintzatuz ohartu gara gure arazoek oinarri bera zutela: kapitalismoa eta elite politikoa». Kontrabotere bat eraiki dutela uste du Alicek. Beraz, borroken bateragarritasuna «natu- ralki» eraiki da, haien ustez. Argi daukate bi andreek: «Sekuentzia luze baten hastapena baizik ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.