Koronabirusa

Jaurlaritzak pandemien aholku batzordea baztertu duela salatu dute

Murgak bere «konfiantzako taldea» defendatu du. EHUren testak «balioztatzeko lanean» dabiltza

Erkoreka eta Murga atzoko agerraldian, Gasteizen. IREKIA.
Paulo Ostolaza.
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza «buru-belarri»dabil lanean normaltasunera itzultzeko planaren oinarriak zehazten. Hala esan zuen atzo Josu Erkoreka bozeramaileak. Hori martxan jarri bitartean, ordea, zeresana ematen ari da Jaurlaritza azken egunetan egiten ari den kudeaketa.

Atzoko Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Nekane Murga Osasun sailburua izan zen Erkorekarekin batera. Nagusiki bi gairen inguruan egin dizkiote kritikak Lakuari. Batetik, Murga sailburuak pandemien aurkako aditu talde bat baztertu eta «bere gertuko» adituen talde bat lehenetsi izanak, eta, bestetik, EHUko ikertzaile talde batek sortutako testak oraindik martxan jarri ez izanak. Gainera, kazetariek galderak presentzialki egiteko aukera izan zuten atzo, bitartekaririk gabe.

El Correo egunkariak argitaratu duenez, Osasun Sailak «alde batera» utzi du 2016an sortutako Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordea urtarrilaz geroztik, eta, horren ordez, «gertuagoko» kudeatzaile talde batek egin ditu Murgaren aholkulari lanak. Talde horretan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxe garrantzitsuenetako eta Osakidetzako zuzendaritzetako kideak leudeke.

Gaiaz galdetuta, bere aholkulariak irmo defendatu zituen Murgak, eta ez zuen garrantzitsutzat jo pandemietan adituak diren medikuen taldeak protagonismo gutxiago eduki izanak erabakiak hartzerakoan.

Azaldu zuenez, pandemia Euskal Herrira heldu zenetik «hainbat aditu talderen aholkularitza» izan du. Nagusiki, ordea, kudeatzaileen talde horrena. Pandemia kudeatzeko, bost eremutan banatu du lurraldea Jaurlaritzak, eta, Murgaren arabera, kudeaketan adituak ziren pertsonen lana garrantzitsua zen osasun sistema berrantolatzeko.

Datarik eman ez zuen arren,Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordea apirilean bildu dela ere azaldu zuen, eta «euren funtzioak normaltasunez betetzen» jarraitzen dutela.

EH Bilduk, ohar baten bidez, Murgaren aditu taldean «ez epidemiologorik, ez birologorik» ez dagoela salatu zuen: «Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordea egunero bildu beharko litzateke, eta ez da logikoa erabakigunetik kanpo uztea».

EHUko ikertzaile talde batek sortutako testei dagokienez, «pertsonengan erabilgarriak direla baieztatzeko lanean dabiltzala», esan zuen Murgak. Ugo Mayor EHUren testen ikerketaburuak herenegun Twitterren idatzi zuenez, EHUk sortutako testak erabiltzeko protokoloa prest legoke, eta Osakidetza izango litzateke horien erabilera oztopatzen dabilena.

Datuei dagokienez, 1.500 hildakoen langa gainditu da Euskal Herrian: atzo baieztatutako 34ekin, 1.502 dira hildakoak. Kasu berriei dagokienez, 266 erregistratu ziren atzo. Azken asteetan baino kasu eta hildako gutxiago baieztatzen ari dira, eta hala esan zuen Murgak: «Pandemia hobekuntza fasean dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.