Nafarroako Parlamentuak ere urrunketaren kontrako adierazpena babestuko du

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurkeztu dute mozioa. PSNk ere bat egin lezake, azaroan preso eriei buruzkoan egin bezala

Azaroaren 9an Nafarroako Parlamentuan izandako bozketa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
Iruñea
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Nafarroako Parlamentuak presoen urruntzea gaitzesten duen mozioa eztabaidatuko du gaur, eta, itxura guztien arabera, onartu egingo du; beste batzuetan baino babes handiagoz onartu ere, oso litekeena baita mozioa aurkeztu duten indarrez gain —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra— PSNk ere bat egitea adierazpenarekin.

Aurkezturiko testuan aipatzen dira Nafarroako Parlamentuan lehenago ere onarturiko mozioak urruntzeaz, gaixo handi diren presoez eta espetxe politikaz, eta bereziki eta «bere garrantzia politiko eta sozialagatik» iazko azaroaren 9an «gehiengo handiz» onartutakoa —orduan PSNk bat egin zuen Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lan indar politikoekin—, eta gogorarazten da geroztik ETA desegin dela. «Horrek are ageriagoan uzten du espetxe politikaren salbuespeneko izaerari amaiera emateko beharra», azaldu dute adierazpenean.

Mozioaren arabera, ETA desagertu izanak irekitako «aro berrian» beharrezkoa da beste espetxe politika bat, «zigorrak errotze sozial eta familiarreko lekuetatik urrun betetzea galaraziko duena, senitartekoekin harremana erraztuz eta seme-alaba adingabeen ongizatea eta gurasoekin egoteko duten eskubidea aintzat hartuta».

Gehiengo berriak

Azken hilabeteetan, gehiengo politiko, sozial eta sindikal berriak agertzen ari dira euskal presoen eskubideen eta indarrean dagoen espetxe politika aldatzearen alde. Nafarroako Parlamentuan, esaterako, ez da lehenengo aldia indar politiko gehienak bat datozela presoen eskubideen defentsan.

Azaroaren 9an, Nafarroako Parlamentuak mozio bat onartu zuen, larri dauden preso nafarrak aske utz ditzaten eskatzeko. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezkerrak eta PSNk babestu zuten adierazpena. PP eta UPN baino ez zeuden kontra.

Martxoan, berriz, beste mozio bat onartu zuten, bestelako espetxe politika bat eskatzeko. Orduko hartan, PSNk ez zituen babestu adierazpenaren puntu guztiak, baina bai bestelako espetxe politika bat eskatzen zuena. Berdin gertatu zen maiatzean, Nafarroan errotutako presoak Iruñeko espetxera ekartzeko eskatzen zuen mozioarekin: PSNk ez zuen babestu ez zegoelako ados «tonuarekin», baina mozioaren puntu baten alde bozkatu zuen.

Eusko Legebiltzarrean, berriz, PP ez beste alderdi guztiek —PSE-EEk barne— «espetxe politika berria» eskatu zuten ekainaren 13an onartutako adierazpenean.

Gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak hasiko da hurbiltzen Madril

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.