Mitxel Unzueta

Estatutuaren sortzaileetako bat

88 urte zituela hil da abokatu eta politikari ohia. EAJk goraipatu egin du Unzuetak politikagintzan eginiko «lan esanguratsua».

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Mitxel Unzueta abokatua eta politikari ohia hil zen atzo. 1932ko irailaren 29an jaio zen, Bilbon, eta batez ere Gernikako Estatutuaren sorreran eginiko lanarengatik izan da ezaguna. EAJk jakinarazi zuen atzo berria, ohar baten bitartez: «EAJk bere doluminik sentikorrena eta hurbiltasuna adierazi nahi dizkie Gernikako Estatutuaren sortzaileetako bat eta trantsizio garaiko euskal politikagintzako eragile nagusienetakoa izan zenaren senide eta lagunei».

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen Unzuetak; bertako irakaslea izateaz gain, bide luzea egin zuen politikagintzan. Franco hil, eta Espainiako lehen hauteskunde orokorretan senatari izateko hautatu zuten. Bi urte geroago, 1979an, berriro aukeratu zuten. Gernikako Estatutua idatzi zuten kideetako bat izan zen, eta, hura 1979an onartu ostean, Eusko Legebiltzarrera jauzi egitea erabaki zuen, 1980 eta 1984 urteen artean. EAJk haren nortasuna gogorarazi nahi izan zuen: «Gizon pragmatikoa zen, printzipioen erradikaltasunean oinarritua, eta, aldi berean, zuzenbidearen, jurisprudentziaren eta arrazoi historikoaren aldekoa».

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ere hitz batzuk eskaini zizkion. Haren arabera, «euskal politikagintzako unerik esanguratsuenetako batean funtsezkoa» izan da Unzuetak eginiko lana: «Trantsizioaren zirrikituetan aritu zen konstituzioaren aurrean euskal herritarren aldarrikapenak defendatzen eta Gernikako Estatutua sortzen». Are, nabarmendu zuen «gizaseme arteza, legegile bikaina eta goitik beherako abertzalea» izan zela, eta esker ona baino ezin duela adierazi. «Berak utzi digun eredutik ere ikasi behar dugu, herri hau askatasun mailarik gorenera gida dezagun».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere mezu bat idatzi zuen sare sozialetan, Unzueta «gizon sendoa eta eskuzabala, abertzale prestua eta argia, pertsona ona eta gertukoa» zela azpimarratuta. «Maila handiko pertsona eta herri ordezkaria joan zaigu; pertsonalki, asko partekatutakoa eta beragandik ikasitakoa eskertuz ... Goian bego».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.