Literatura. 'Zaldi beltzak zeruan'

Iceberg beltzaren gainaldea

Idazlea: Txomin Peillen. Argitaletxea: Pamiela.

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Txomin Peillenenek (Paris, 1932) idatzitako Gauaz ibiltzen dana (Kriseilu, 1967) izan zen, errepikatzen denez, euskarazko hirugarren nobela beltza, Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen (1955) eta Mariano Izetaren Dirua galgarri (1962) liburuen ostean. (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astearen ekimenez atera da, Gauaz ibiltzen dana eleberriaren berrogeita hamargarren urteurrena dela-eta, Zaldi beltzak zeruan (Pamiela-Maiatz, 2018) ipuin-bilduma. Eleberri horren hiru atalek ematen diote hasiera bildumari. Peillenek, liburuaren aurkezpenean: «[Gauaz ibiltzen dena] liburuaren parte onena dela iruditzen zait, tartekoa. Hasiera geldo samarra baitu liburuak, eta amaiera ez zait ona iruditzen». Hiru atal horiez gain beste bost narrazio labur biltzen ditu liburuak: lehenik argitaratu gabeko lau eta lehendik argitaratutako Lege-mediku aditua.

Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea du bildumak. Peillenen obra zabalaren azalpen labur bat egiten du bertan, «icebergaren gainaldea seinalatuz bezala, abisatzeko Txomin ez dela euskal idazle soil bat, baizik eta, arean, euskal idazle-elkarte bat». Apenas ehun orri dituen liburu hau ere iceberg baten gainaldearen gisara ikus daiteke, ur azpian ezkutatuta dagoenari sarrera bat bezala.

Peillenen beraren lanera gerturatzeko parada aproposa da bilduma. Sarrionandiak esaten duen bezala Peillen idazle-elkarteak ugari eta zabal idatzi baitu eta liburu honetan horretarik hainbat zertzelada ageri baitira. Martxoaren 8an BERRIAri eskaini zion elkarrizketan argitzen ditu Peillenek liburuari eta bere ibilbideari buruzko hainbat gako, Jon Miranderen eta E.A. Poeren eskutik heldu zela bera genero beltzera, adibidez.

Nabaria da, elkarrizketan esaten duenaren bidetik, etnografiaren garrantzia Peillenen idatzietan: jendea nola bizi den kontatzen du, zer duen jaten, nola den harremantzen. Italiako, Mexikoko, Normandiako edo Euskal Herriko gertakariak kontatzen dituela, bokazio hori du. Horren froga argia da liburu honetan ipuin bilakatutako Maddi Hardoiren lekukotasun lazgarria: Zakur bazka. Ahozkotasunetik gertu dago darabilen idazkera ere.

Oro har soiltasuna darie narrazio hauei, bortizkeria soila, ez dute alferreko apaingarririk eta batzuetako tonua hotza izatera ere iristen da, zehaztasuna eta zorroztasuna ere ez da falta behar den lekuan. Pertsonen eta, batez ere, gizartearen (edo gizarteen) azterketak eta bidegabekerien salaketak dira narrazio hauetako gehienak. Gaizkiaren eta, ale batzuetan, globalizazioaren gaineko gogoetak ere badira, besteak beste. Genero beltzari dagozkion ohiko topiko batzuk biltzen dira liburuan, baina badago, zorionez, haietatik harago begiratzeko tartea ere.

Azken urteotan antolatu den (H)ilbeltzak ikusgarritasuna ekarri dio nobela beltzari. Egia da, edo hala dela iruditzen zait, behintzat, urtez urte generoko hainbat liburu argitaratzen diren arren, irakurlegoa badutenak, ez zaiela beti merezi duten lekua uzten. Erreferentzia argia bilakatzen ari da, baina, (H)ilbeltzaren bilgunea, elkargune gisa, lehenik, baina baita gune sortzaile gisa ere. Antolatzen dituzten hitzaldi eta mahai-inguruak, liburu hau bera edo (H)ilbeltza beka dira, besteak beste, asmo horren erakusle argiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.