Lointek Gernika Bizkaia 91-73 KSC Szekszard

Ongi ezagutu dituzte

Lointek Gernikak hagitz partida ona jokatu du KSC Szekszarden aurka, eta hemeretzi punturen aldearekin joanen da Hungariara

MONIKA DEL VALLE / @FOKU.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaia. Ocete (10), Dietrick (18), Arrojo (12), Wojta (13), Milic (21)—hasierako boskotea—, Ariztimuño, Diez (6), Lo (4), Mazionyte (7) eta Molina-Prados.

Szekszard. Djokic (14), Marshall (15), Agnes Studer (12), McCall (4), Ruzickova (7)—hasierako boskotea—, Balint, Kiss, Krnjic (16), Zsuzsa Studer eta Theodorean (5).

Markagailua. 20-18, 46-32 (atsedenaldian); 65-48 eta 91-73.

Epaileak. Monteiro, Dominique eta Boubert.

Bestelakoak. Bete egin zen Maloste, Lointek Gernikak Eurokppan jokatu duen historiako lehenbiziko final-hamaseirenetako partida hartzeko.

Ez dute berehalakoan ahantziko atzoko arratsa Gernikako saskibaloi zaleek. Euskal Herriko taldebaten historiako estreinako partida zen Eurokopako final-hamaseirenetan. Hungariako KSC Szekszard hartu zuen Malosten Lointek Gernikak. Bi taldeek ez zuten elkar ezagutzen, eta lehenbiziko fasean erakutsitakoaren eta aurrekontuen arabera, Hungariako taldea zen faborito. Baina teoriak hutsean utzi zituen Gernikak. Goititik beheiti nagusitu zitzaion Szekszardi, 91-73. Hala ere, itzulerako gogorra espero dute bizkaitarrek, Hungarian topatuko duten giro beroa ez baitute aldekoa izanen. Hilaren 29an da itzulerakoa.

Partidako lehenbiziko saskiratzea hungariarrek egin zuten, baina Gernikak agudo hartu zuen aurre markagailuan. Milicen, Blake Dietricken eta Julie Nicole Wojtaren erasoko lan bikainari esker 15-5eko aldea egitea lortu zuen Gernikan. KSCko izarretako batek, Ivana Dojkic eskoltak, taldearen zama bizkar gainean hartu zuen, eta lehenbiziko laurdena parekatuta bukatzea lortu zuten, 20-18. Dojkicek hamar puntu sartu zituen laurden horretan, baina hor bukatu zen haren erakustaldia. Bigarren laurdenean guztiz aldatu zen partida.

Bigarren laurden bikaina

Hala ere, lehenbiziko minutua ikusita partidak ez zuen itxura hori hartu, 20-22 aitzinatu baitziren hungariarrak, itxura sendoa emanda. Baina Tsmoki Minsken aurkako kanporaketaren itzulerakoan gertatu bezala, Mario Lopezek Naiara Diez kantxaratu zuen, eta jokalari nafarrak jarraian sartu zituen bi hirukok Gernika suspertu zuten (26-23). 10-0ko partzial bat egin zuten bizkaitarrek, eta hortik aitzinera guztiz nagusitu ziren. Szekszardek ez zuen aukera bakar bat ere izan markagailuan hurbiltzeko, Gernikak erasoan asmatzeaz ez ezik, hungariarren arma guztiak desaktibatu baitzituen. Errate baterako, Dojkicek lehenbiziko laurdenean geldiezina iduri bazuen ere, Dietrickek hirugarren falta eginarazi zion, eta hamalau punturekin bukatu zuen partida.

Eskolta estatubatuarrak partida bikaina egin zuen. Hemezortzi puntu sartu zituen, eta zazpi asistentzia eman. 35 minutu jokatu zituen, eta minutu eta erdiren faltan aldatu zutenean, Malostek txalo zaparrada batekin agurtu zuen. Dietricken lana nabarmentzekoa izan bazen ere, oro har, taldeko lana bikaina izan zen, eta hainbat jokalarik estatistika apartekin bukatu zuten partida.

Errate baterako, saskiratzaile nagusia Milic izan zen bertze behin, 21ekin, eta azken laurdenean, partida hautsita zegoenean, nahieran mugitu zen. Wojtak, berriz, ohikoa duen defentsako lan ona ez ezik, atzo erasokoa ere hagitz ongi egin zuen —hamahiru puntu sartu zituen, eta bitik bi hirukoetan—. Nogaye Lo pibotak, Belen Arrojo hegalekoak eta Gabi Ocete joko antolatzaileak, berriz, erasoan nahiz defentsan oreka eman zioten taldeari. Partida borobila, eta hagitz itxaropentsua, baina Hungarian tentuz ibili beharko dute gernikarrek, iaz lehen kanporaketan Galatasarayrekin aurka gertatutakoa ahantzi gabe: hamabortz puntuko abantailarekin joan ziren Turkiara, eta hemezortzirengatik galdu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.