Albistea entzun

Literatura. 'Bihotza kate'

Aukerarik gabeko aukerak

Egileak: Xabier Paya eta Iker Orueta. Argitaletxea: Erein

Nagore Fernandez -

2022ko apirilak 17

Maleta bat. Hori da Xabier Payak eta Iker Oruetak apailatu duten Bihotza kate albumaren elementu sinboliko nagusia. Hala iruditu zait niri behintzat. Hara eta hona gabiltzanean norberaren gauzak, arropak, objektuak eta abarrak garraiatzeko erabiltzen dugun zera horrek, baina, istorioan zentzu sakonago bat iradokitzen digula esango nuke. Maletetan, eduki materialak ez ezik, momentuak, bizipenak eta sentimenduak ere badaramatzagulako, askotan, bizi berri bat hasteko aukerak ere badirenak. Izan ere, Carmen dugu protagonista orriotan, maleta eskuan, Madrilera bizitzen doan 24 urteko gaztea. Bere bizitza atzean uztea erabaki eta benetan maite duen horretan (antzerkian, hain zuzen) jarduteko aukerak aurkituko ditu hiriburuan. Dena den, frankismo garaian (zehazki, 1960ko hamarkadan) girotutako obra honetan, aukeratzeko ia aukerarik barik, ataka larrian jarriko du bizitzak protagonista, bere bihotza (eta ametsa) kateen artean ainguratuta uzteraino. Hortik izenburuak hartzen duen adierazkortasun semantiko eta poetikoa.

Albuma izanik, berebiziko garrantzia dute ilustrazioek. Ez bakarrik kuantitatiboki hartzen duten lekuari dagokionez; ezpada marrazkiz ere adierazteko eta kontatzeko duen gaitasunari begira. Guztiak ere nahiko minimalistak (ez horregatik sinplistak) eta ilunak dira; ordea, iluntasun horrek talka egiten du ilustratzaileak jarri dituen argizko kontrasteekin, iluntasunean argitasuna ematen dizkiguten fokuekin, hain zuzen. Argi-ilunen jokoarekin, irakurleari nora begiratu eta arreta non jarri markatzeaz gain, alegia, fokalizatzeaz gain, tenebrismotik oso hurbileko efektua iradoki nahi izan duela ausartuko naiz esatera. Argiaren protagonismoak, gainera, bai eta proposatzen eta eraikitzen diren espazioek ere, tenebristak izan zein ez, antzezlanetako atrezzoari imintzioa egin nahi izan diotela esango nuke. Horrela bada, irakurleak, agertoki handi bat aurkituko du orriz orri, zeinetan, fokuak ez diren ezkutatzen, ezta espazioa mugatzen dituzten hormak eta atzeko oihalak ere. Hala izatekotan, badu joko dramatiko eta metanarratibo horrek zer aipatua: batetik, protagonista teatroz teatro baitabil; bestetik, Carmenen beraren bizitza eta istorioaren nondik norakoak ere oholtza gainean eta antzeztuz bezala bistaratzen zaizkigu. Maleta irekitzearekin batera, irakurleak antzezlana antzezlanaren baitan aurkituko du, hortaz. Matrioxka errusiarrak.

Eta, paisaiak ez ezik, han-hemenka, hitzak ere beltzez jantzitakoak direla ohartuko da irakurlea, une zailak interpretatuko baitira pertsonaien bitartez; bestela esan, kolorez eta lengoaiaz bat datorren artefaktua dakar obrak. Hitzotan, gainera, diskurtso nahiko unibertsala aurkitu dut, egileen helburua, agian, hori ez izan arren; Carmenen pertsonaiarengan neure amumaren historia aurkitu dut ezinbestean. Neure buruari galdetzen diot halako zenbat Carmen egon diren gure familietan, Carmenen soslaian zenbat protagonista biltzen diren. Iragan partekatuarekin egin dut topo zentzu batean, memoriaz betetako maleta batekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Andoni Imaz

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

'Orelhas' irudia. ©Alex Rozados.
Ahomentan: Agertoki berri baterako lanak

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.