Erabakitzeko eskubideaz hizketan, serio

2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herrian 2003an hasi zen erabakitzeko eskubideaz hitz egiten. Urte horretan, Ibarretxe lehendakariak erabakitzeko eskubidea sartu zuen Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa deiturikoan, eta berriro ere erdigunean kokatu zuen bake prozesuaren inguruko galdeketa egiteko proposamena, 2008an. Bitartean, Katalunian, ordura arte ikusi gabeko manifestaziorik jendetsuenak hartu zituen kaleak, erabakitzeko eskubidearen alde, prozesu subiranistaren alde zeuden katalanen eskutik; 2010era arte jarraitu zuen lanean Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Plataformak. Galdeketa ez-ofizialak etorri ziren ondoren, erakundeek beren politiketan gehitu zuten kontzeptua, ANC Biltzar Nazional Katalana sortu zen, mobilizazioen lekukoa hartuko zuena ordutik aurrera, 2014ko erreferenduma gauzatu zen, «prozesu parte-hartzaile» izenpeko teknizismo legalaren pean, eta erreferendum inkonstituzionala 2017an. Horiek dira mugarrietako batzuk botoa emateko —bai, bozkatzeko!— gaur arte egin dugun bidean.

Prozesu katalana nekez bereizi daiteke erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarritik. Nahiz eta gutxi informatutako iritzi emaile eta kritikoek kontrakoa adierazi, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioa ez dira baliokideak, ez behintzat irakurketa tradizional batean oinarritzen bagara. Egiaztapen bikoitz batetik sortu zen erabakitzeko eskubidea. Lehena: printzipio demokratikoak bilakaera bat izan du eta bere oinarriak zabaltzen eta sendotzen joan dira, bai bozkatzeko aukera dutenei dagokienez, eta baita herritarrek parte har dezaketen auziei dagokienez. Bigarrena: estatua ezin da ikusi hertsiki gordeta eduki beharreko ondare moral baten gisan, egitura ukiezin baten gisan, egungo herritarren erabaki ahalmenetik kanpo; pertsonen zerbitzura dagoen instrumentu politiko gisa ulertu behar da estatua, ezin ditu pertsona horien borondateak eta etorkizuneko proiektuak menderatu, eta historiaren gorabeheren inguruko interesak gailendu. Bereziki, kontuan hartzen badugu XXI. mendean legitimitaterik ez duten gerra odoltsuei esker dituztela estatu gehienek egun dituzten mugak eta egiturak.

Gaur egun bi puntu horiek ukatzea harrigarria da demokrata den edonorentzat. Eta ez hori bakarrik, ukatzen dituena defendatzen ari da, estatuen egungo definizioari dagokionez, ez dagoela ezer ukitzerik, erlijioan gero eta fede gutxiago duen gizarte honetan irauten duen elementu sakratu gutxietako bat da estatuaren batasuna. Edo, are larriagoa, indarkeriaren bidez soilik aldatu daitekeela hori.

Posizio demokrata batetik, ezinezkoa da balizko hipotesi horiek onartzea. Marko demokratikoan, estatu bat territorialki berrantolatzeko edo estatu berriak sortzeko prozedura bat garatzea ezinbestean posible izan behar da, hori eskatzen baldin badu herritarren borondatearen gehiengoak. Gehiengoak ez du esan nahi adostasunezkoa denik, esan nahi du boto guztiek balio bera dutela eta borondate guztiak berdin kontsideratu behar direla eta kontuan hartu behar direla. Osterantzean, esan nahiko luke independentziaren aldeko hautuek balio txikiagoa luketela egungo statu quo-a defendatzen dutenenak baino. Berriro ere, demokrata serio batek ezin du hori onartu. 1995ean, Quebec-en, 4 hamarren nahikoa izan ziren probintzia Kanadan mantentzeko. Eskozian, 2014an, 5 puntu nahikoa izan ziren Erresuma Batutik ez irteteko. Beste hitz batzuetan esanda, bi kasuetan, independentziaren aldeko hamarren bat nahikoa izango litzateke estatu berri bat sortzeko. Kultura politiko eskaseko testuinguruetan soilik jartzen da zalantzan boto guztien berdintasunezko balioa, edo okerragoa, bozkatzea galarazten da.

Era naturalean, independentziaren prozesua erreferendumetik harago doa. Estatu berri bat sortzeko prozedura demokratiko bat ez da zertan bozketa bakar batekin identifikatu behar. Norbaitek erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko gehiengo kualifikatu bat eskatzen duenean, interes legitimoa izan behar du hain transzendentala den erabaki baten egonkortasuna bermatzeko —epe motzean leheneratu gabe—, ez bada bere intentzioa minoritarioa den posizio bat gainditzea. Segurtasun mekanismo horiek hainbat bidetatik planteatu daitezke eta, dudarik gabe, negoziazioa eskatzen dute, baina behin ere ezin dute suposatu betorako boterea, eta are gutxiago «mundua integraziorantz doala» edo «gaur egun muga berriak eraikitzeak ez duela zentzurik» moduko munta gutxiko argudioak baliatuz.

Berriz ere argudio ez soilik antidemokratikoak(«bost axola zait jendeak zer nahi duen»), baizik eta defendatzeko zailak direnak europeista konbentzitu batentzat zeinak Europako lurraldearen barruan estatus politikoaren edozein egokitzapen barne mugen aldaketa gisa ulertu beharko lukeen, adibidez, bi erkidegoen mugen arteko egokitzapen gisa gerta daitekeena. Estatu europarrez ari gara, Batasunarekin subiranotasun partekatua duten estatuez, europeista guztiek gaur egun asumitzen duten bezala, baita independentistek ere, zeinak inondik inora ez duten defendatu estatu berri bat sortzea EBtik ateratzeko. —antidemokrata— batzuek horrekin mehatxatzen dituzte.

Zalantzarik gabe, erabakitzeko eskubidea — autodeterminazio eskubidea ez bezala— ez da gauzatzen soilik independentziaren inguruko galdera bati erantzunez. Erabakitzeko eskubidearen justifikazioa ezin da herritarren ahalduntzearen aldeko prozesuetatik kanpo kokatu, ezta printzipio demokratikotik aparte ere, ez baita soilik ordezkari batzuk aukeratzeko formula, baita erabaki kolektiboak hartzeko benetako ardatz zentrala ere eta ardura politiko konpartitua, subsirietate printzipioaren garapena aintzat hartuta, azken finean, prozesu politikoaren muinean hiritarra jarriaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.