Ane Labaka Mayoz.

Zaurgarri

2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Birikak amorruz bete zitzaizkidan, eskuak instantean ukabildu. Sententziak sorrarazitako inpotentziak gainezka egin zuen nire lentilla nekatuetan eta masailetan behera errekastoak trazatu zizkidan segundo gutxiren buruan. Negar egin nuen. Negar egin nuen ordenagailuko pantailaren aurrean; etxean, bakarrik. Une hartan bertan beste hainbat emakume negarrez ari zitezkeela jakinda; baina etxean, bakarrik.

Arratsalde hartan egin zuen negar berak; jendaurrean, oholtzan, kantuan ari zela. Miresten ditudan emakumeen zerrendan bere lekua ondo merezia duela baieztatu zidan enegarrenez. Geroztik, behin baino gehiagotan ikusi dut bertsoaldiaren grabaketa eta bere ahots korden dardara bakoitzeko nik ere zehazki izendatzeko gai ez naizen gorputz atalak sentitu ditut dardarka. Eskerrik asko Onintza.

Altzako saio hura baino astebete lehenago jokatu zen Lasturren Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala. Oihana Arana suertatu zen txapeldun, eta finalean bertan bertsokide izandako ahizpa bikiari, Haizeari, eskaini (eta eman) zion txapela bukaerako agurrean. Ahizpatasuna oholtzan, zentzu guztietan; okotz tolestu dardarti bat, erdibanako hunkidura, bizkarretik helduta kantatutako bertso baten azken bi puntuak, bertsoa bukatu orduko gorpuztutako besarkada estua eta negar malkoak. Mila esker Haizea eta Oihana. Beste bi emakume miresgarri nire zerrendarako.

Lasturreko finala igaro eta bi egunera, igandez, Sara Majarenas eta bere alaba Izarri ongietorria egin eta gainerako haur motxiladunen egoera salatzea helburu zuen ekitaldia ospatu zen Intxaurrondon. Egoeraren gordinak hasieratik korapilatu ninduelako eta preso zeuden garaian ama-alabei bertso batzuk helarazi nizkielako izango da agian, baina egia da ezagutu aurretik ere senti nezakeela halako lotura emozional bat beraiekiko. Lotura hori dela tarteko, zintzotasunez aitortu behar dut ekitaldian kantatzeko deitu zidaten unetik izan zela nire kezka kantatu artean negarrari eusteko gai izango ote nintzen.

Kezka hori buruan bueltaka nuela, mimoz prestatu nituen kantatu nahi nituen bi bertsoak eta zin egingo nuke inoiz ez ditudala bertso batzuk aurrez hainbestetan errepasatu; dutxan, autoan... sortzen zidaten karga emozionala arindu nahian, nolabait. Iritsi zen eguna, igo nintzen oholtzara, kantatu nuen aurrez prestatutakoa, eta nik bukatu orduko hartu zuen tabladuan nire lekua beti izugarrizko energia transmititzen didan irribarre gorri batek, bere trikiti eta guzti. Ezinezkoa zait ekitaldi hartan irakaspen handi bat eman zidan emakume hura ere nire zerrendan ez barneratzea. Lekualdatu zuelako nik aurrez erabilitako mikrofonoa eta Sararen aurrean kokatu zelako, ausart, metro inguruko distantziara, eta parez pare zuela kantatu ziolako Uxue Alberdiren Besarkada abestia osorik, begietara begira. Negar egin zuen Sarak, Izarrek kioskoaren inguruan behingoz aske izatera jolasten zuen bitartean. Nik ere negar egin nuen publikoaren babesean, eguzkitako betaurrekoen azpian ezkutatuta. Eskerrik asko, beraz, zuri ere; Ines.

Badakit ohekide, pisukide, sormenkide eta ameskideek sarritan ikusi nauzuela negarrez. Eremu babestu horietatik kanpo, ordea, ez dakit zenbatetan eman ote diodan neure buruari jendaurrean malkoei beraien bidea lasai egiten uzteko baimena, eta areago, oholtza baten gainean modu horretan biluztekoa.

Behin bai, duela ez hainbeste eta nire herrian bertan, baimena eskatzeko tarterik gabe bete zitzaizkidan begiak malkoz. Kartzelan igaro zituen urte luzeetan gure etxean oso presente egon zen norbaiten ongietorri ekitaldian kantatu nahi izan nuen eta inoiz baino luzeagoa egin zitzaidan negarrez hasi eta negarrez amaitu nuen zazpi puntuko bertso hura. Gogoan daukat herrikide batek eskerrak eman zizkidala amaitutakoan, hain barrutik kantatzeagatik eta, batez ere, barrutik ari nintzela horren modu egiazkoan azaleratzeagatik. Badirudi niri ohartzerako ihes egindako malkoak beste zenbaiten betileetako barroteak suntsitzeko lagungarri izan zirela.

Garai eta molde berriei buruz aspertu arte dihardugunez, hausnartzekoak iruditzen zaizkit jarraian zerrendatu nahi izan ditudan zenbait galdera. Hasteko, txalaparta-agurra-lore sorta-bertsoak-diskurtso politikoa eskema zurruna jarraitu duten ongietorrietan zenbat leku utzi diogun negarrari, emozioei, eta, ondorioz, gizatasunari. Edo, bertsolaritzaren markoan, zenbatetan egin izan duen bertsolari batek negar oholtzan, jendaurrean, kantatu duenak edo diotenak hunkitu duelako. Edo bakarkako gai irekien aurrean zenbatetan baztertu ditugun nahita barrua gehiegi mugiarazten ziguten gaiak, zenbatetan utzi dugun hartu gabe mugimendu horiek publikoari adierazteko arriskua. Noiz arte jarraituko dugun malkoak begietan pilatzen, izozten, ezkutatzen. Zenbatetan agertzen garen zaurgarri jendaurrean, zenbatetan harri.

Herri honen historiak harrizko egin gaituelako estimatzen ditut horrenbeste jendaurrean ere horren haragizkoak diren pertsonak. Garai berriak, izatekotan, armadura herdoildu zaharkituak arrakalatzeko garaiak izango baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.