Donostiako 69. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. KRITIKA

Arazoak

Josefina filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Josefina'

Zuzendaria: Javier Marco. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 90 minutu.

Espetxe bateko langilea da Juan. Bertak bere semea espetxean du, eta igandero doa bisitan. Juanek segurtasun kameretatik begiratzen dio Bertari, igandero bere mugimenduei jarraituz. Egun batean, autobusean topo egin eta hizketan hasiko dira, eta Juanek gezurra esango dio: hura ere bisitan doala espetxera, preso dagoela bere alaba Josefina. Gezur gehiago ekarriko dituen harreman bat hasiko da orduan Juanen eta Bertaren artean.

Niri beldurrezko istorio baten premisa iruditu zait. Baina ez, beldurrezko istorio batetik urrun dago Javier Marcok zuzendu duen lehen film luzea. Teknikoki zuzena da. Argazki zuzendaritza ondo dago, aktoreak bikain daude, erritmo polita du, eta musika mundiala da. Umore puntu bat ere badu, gehienbat Juanen espetxeko lankideak ematen duena, eta kartzelako giro astunari haize pixka bat ematen diona. Egitura aldetik ere gidoia oso ondo landuta dago, pertsonaia nagusien aurkezpenak itzelak dira, eta apurka garatzen doan maitasun istorioa era sinple baina goxoan dago kontatuta. Horrela ikusita, film aparta dela esango nuke. Arazoa da protagonistak egin duena eraso bat dela, eta, zer edo zer galdu ez badut behintzat, filmak ez duela hori kritikatu eta gaitzesteko inolako intentziorik. Arazoa da filmak erabiltzen duen umoreak pisua kentzen diola egiten ari denari eta maitasunak dena justifikatzen duela dirudiela, ikuslearen irribarre samurra eragiteraino. Arazoa da 2021. urtean oraindik ere horrelako istorioak normaltzat jotzeak eragin zuzena duela maitasuna eta maitasunaren izenean egiten direnak ulertzeko eran. Utz diezaiogun erasoak eta erasotzaileak erromantizatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.