Bragi Gudbrandsson. Barnahus ereduaren sortzailea

«Barnahusekin, gora egin dute ikertu diren kasuek eta zigorrek»

Sexu abusuak jasan dituzten adin txikikoei justizia sistemak ematen dien tratua «samurtu» egin behar dela dio Gudbrandssonek. Haurrak behin bakarrik deklaratzeak «balio handiagoa» duela uste du.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Haurren Eskubideen Batzordeko kidea eta Barnahus metodoaren sortzailea da Bragi Gudbrandsson (Reykjavik, 1953). Azaldu duenez, sexu abusuak pairatu dituzten adingabeei entzutea eta haien lekukotzari garrantzia ematea da Barnahus ereduaren muina: «Haurren ongizatearen eta zaintza sistemaren osagai integrala da».

1998an Islandia aitzindaria izan zen Barnahus eredua ezartzen. Atzera begiratuta, nola ikusten duzu egindako bidea?

Duela hogei urte ez nuen imajinatzen eredu hau Europa osoan zabalduta egongo zenik. Barnahus ereduak emaitza bikainak izan ditu. Erabat aldatu du haurren sexu abusuen kasuetan esku hartzeko indarrean zen eredua, eta emaitzak begi bistakoak dira: gora egin dute nabarmen ikertu diren kasuen kopuruak eta zigor epaiek; zehazki, lehen halako hiru dira zigorrak. Ikusi dugu haurrek laguntza terapeutiko egokia jasotzen dutela delitu hori jakinarazi eta berehala, eta senideek ere berehala jasotzen dutela laguntza. Egin ditugun ikerketek erakutsi dute eredu honekin haurrak, sexu abusuaren ondorioz jasandako trauma gorabehera, pozik daudela, eta jasotako tratua gustuko dutela. Gurasoak, haurren babeserako profesionalak, poliziak, fiskalak eta auzitegietako magistratuak, guztiak bat datoz: sistema honi esker, aurrerapauso ugari lortu dira. Gaur egun, Barnahus da Eskandinaviako herrialde guztietako adin txikikoen sexu abusuen aurka erantzuteko modu nagusiena, eta haurren ongizate eta zaintza sistemaren osagai integrala bihurtu da. Adin txikikoari entzutea eta haren ahotsari garrantzia ematea da ereduaren muina.

Zeintzuk izan ziren eredu hori ezartzeko oztopo nagusiak?

Islandian, hasieran, osasun profesionalek jarri zituzten trabarik handienak. Izan ere, kasu gehienetan haurrek ez zuten pairatutako abusuen berri ematen, edo asteak, hilabeteak eta urteak igarotzen ziren beren kasua kontatu arte. Hori hala izanik, osasun profesionalentzat oso nekeza zen ebidentziak lortzea mediku azterketa fisiko baten bitartez, eta fase hori ospitaleetan eta anestesia erabilita egin behar zela uste zuten. Haatik, guk bagenekien kasu mota horietan bideoskopio bidezko teknikak arrakastatsuakzirela Ameriketako Estatu Batuetan. Izan ere, teknika horri esker, haurren esplorazioa penetraziorik egin gabe eta anestesiarik jarrigabe egin zitekeen. Adingabeentzat balio terapeutiko handia du horrek, medikua azterketa fisikoa egiten ari zaizkien bitartean esna daudelako, eta medikuekin, pediatrarekin eta erizainarekin komunikatzen ahal direlako. Lortu genuen ume guztiak pozik eta lasai ateratzea kontsulta gelatik, eta hasieran kritikoak ziren osasun profesionalak ere jabetu ziren sistema horrek zituen abantailez.

Umeari egiten zaion galdeketagiltzarria izaten da sexu abusuen ikerketan. Zer toki dute epaileek eredu honetan?

Hasieran, epaileek ez zuten ontzat jotzen Barnahus eredua, nahiago zutelako haurrek auzitegian deklaratzea. Guk bi argudio ditugu planteamendu horren aurka. Alde batetik, adingabearentzat traumagarria da bere lekukotza epaitegietan egin behar izatea, eta kalte gehigarria eta bigarren mailako biktimizazioa eragiten dizkio bizi izandakoa errepikatzeak. Bestalde, kontuan izan behar da auzitegietako giroa ez dela samurrena lekukotzak emateko, hotza eta beldurgarria izan daitekeelako ume batentzat. Guk arauak aldatzea proposatu genuen: haurrari auzitegiko medikuak hartzea deklarazioa epaiketaren aurretik, eta modu horretan bermatzea lekukotza hori lehenbailehen jasoko dela; hau da, haurrak sexu abusuak pairatu dituela jakinarazten duenetik astebete edo bi astera. Haurraren deklarazioa bideoan grabatu daiteke, eta prozesu judizialaren edozein unetan erabil daiteke grabazio hori. Galdeketa protokoloetan oinarrituta egiten bada, eta haurrarentzat erosoa eta lagunkoia den ingurune batean egiten bada, biktimaren lekukotzaren narratibak balio handiagoa izango du.

Epaileak prozesu judiziala hasi aurretik lortu ohi du aldez aurretik eratutako froga bat. Islandian, haurrak babesteko legeakezartzen du froga hori Barnahusen jasotzeko betebeharra. Zer garrantzi du horrek?

Eztabaida handia sortu zuen gai horrek, ez bakarrik Islandian, baita Eskandinaviako gainerako herrialdeetan ere. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiraino eta Europako Justizia Auzitegiraino iritsi zen auzia, eta bi auzitegiek ebatzi zuten printzipio hori bat datorrela Giza Eskubideen Europako Hitzarmenarekin, sexu abusuen kasuetan jarraitu beharreko prozedurekin, berehalakotasunarekin, ebidentziaren printzipioarekin, eta giza eskubideekin zerikusia duten printzipio guztiekin. Ordutik, printzipio horixe betetzen dugu. Epaileak Barnahusera etortzen dira, eta bat datoz metodologiarekin.

Hainbat departamenturen arteko lankidetza funtsezko elementua da Barnahus ereduan.

Zalantzarik gabe. Aurretik genuen eredua baino askoz ere samurragoa da. Izan ere, aurreko sistema ez zen eraginkorra, biktimak bere lekukotasuna eman behar zielako gizarte langileari, poliziari, fiskalari, terapeutari eta abarri. Orain, horren ordez, umeek behin bakarrik deklaratzeko aukera dute, eta, biktimarentzat ez ezik, profesionalentzat ere bada abantaila, denbora aurrezten dutelako. Sexu abusuak jasan dituzten haurrentzako zerbitzuak bateratzen ditu Barnahusek, eta, bertan lan egiten duten profesionalak informazioa emateko gai direnez, arazoaren irudi askoz zabalagoa eta osatuagoa izateko aukera dute. Gainera, haurraren premiak hobeto ezagutzeko parada dute, eman beharreko laguntza fisikoari zein tratamendu psikologikoari dagokionez.

Beharrezkoa al da haurrei egindako abusuetan profesional gehiago trebatzea?

Barnahus sistema Europan hedatuz joan den heinean, gero eta profesional gehiago ditugu, eta hobeak. Europako Kontseiluaren laguntzari esker, Promise izeneko erakunde bat sortu dugu, eredua sustatzeko eta informazioa eta prestakuntza errazteko.

Zer aholku emango zenieke euskal erakundeei Barnahus ereduak arrakasta izan dezan?

Europan izan diren esperientziak aintzat hartzeko eskatuko nieke: beste esperientzietatik erabilgarriak diren elementuak hartu etahemen funtzionatuko ez duenaz ahazteko. Izan ere, eredu hau hobetzen ikasteko prozesu bat da, eta herrialde bakoitzeko profesionalen esku dago hura nola ezarri. Barnahus kontzeptu malgua da, sexu abusuak pairatu dituen umea hainbat arlotatik eta modu adiskidetsuan artatzeko tresna baliagarri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.