«Hiztun berrien legitimazio prozesurako palanka izan daiteke bertsoa»

maddi ane txoperena iribarren
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Tesia egiten ari zela, bertze gai bat atera zitzaion argitara Artetxeri: hiztun berrien legitimazioarena.

Zer dela-eta landu duzu hori?

Konturatu nintzen bi gazteren hizkuntza ibilbideak bitxiak egiten zitzaizkidala: bi hiztun berrik oso hizkuntza ibilbide trinkoa zuten, ez ziren lerratzen inolako momentutan frantsesera. Pentsatu nuen begiratu behar nuela hiztun berriekin zer gertatzen zen, besteak beste ikusteko zer aurreiritzi neuzkan.

Zer aurkitu duzu?

Ikerketek legitimitatearen kontzeptua jartzen dute mahai gainean. Hiztun berri/hiztun zahar dikotomian zaharrek baitute legitimitatea berez, eta hiztun berriek, berriz, irabazi behar baitute. Gazte horiengan, bertsotan aritzea legitimazio prozesurako palanka bat izan da, zeren bertsolaria ulertua da hiztun ikoniko gisa; beraz, hiztun on gisa. Gainera, erabilera handia egozten zaio: ez dugu pentsatzen bertsotan egon daitekeenik oholtzan eta jaitsi eta lagunekin frantsesez aritu.

Zein da horren ifrentzua?

Horiei zera pasatzen zaie, bereziki Hegoaldean: nahi gabeko gutxiespen bat. «Hiztun berria zara? Ba, oso ongi egiten duzu bertsotan!». Bi ahoko labana da. Gainera, ez da bakarrik bertsolariak hiztun zaharrak direla ehuneko handi batean, baizik eta entzuleen artean ere hiztun zaharren kopurua askoz handiagoa da kalean baino. Bada hiztun zaharrek hiztun zaharrentzat egindako mundu bat, eta gainera berezkotasunari garrantzia ematen zaio: «Nola izango duzu berezko bertsotarako sena ez baldin bazara hiztun zaharra?». Hor badago piramide bat gure ideologiaren arabera zeinetan goi-goian dagoena den hiztun zaharra, berezkotasuna duena, berezko hizkera, besteak beste dialektoa, gizona...

Ez da bakarrik bertsolaritza bidezkoago egiteko egin beharko genukeela gogoeta bat. Gaur egun, hiztun berriak izanik gazteen %50 baino gehiago Euskal Herrian, bertsolaritza bideragarri egiteko ere beharrezkoa da horri buruz pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.