KRITIKA. Musikala

Izen egokiagorik...

Cantando bajo la lluvia antzezlana, Bartzelonan. TONI ALBIR.
Agus Perez.
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun

'Cantando bajo la lluvia'

Zuzendaria: Anjel Llacer.Musika zuzendaria: Manu Guix. Koreografiak: Myriam Benedited. Eszenografia: Eric Planas.Jantziak: Miriam Compte. Argiak: Albert Faura. Karakterizazioa: Helena Fenoy, Marta Ferrer. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 11.

I zen aproposarekin etorri zaigu Cantando bajo lalluvia (Euripean abesten) musikala; seguruenik, Bilbon emango dituen egunetan euria izango delako nagusigure zeru eta kaleetan.

Hemengo estreinaldiaren egunean goraino beteta egon da Arriaga antzokia, eta ikusleen artean nabari zen haietariko asko nahiko gazteak zirela. Helduen kasuan, ulertzekoa da nostalgiak bultzatuta etorri izana, 1952ko Singin' in the Rain-en oroitzapen onak erakarrita. Gazteagoen kasuan, argi dago film hartako melodiek, koreografiek eta xarmak denboraren mugak gainditu dituztela. Beharbada, obra haren arrakasta ez zen bakarrik oinarritu alde formalen dotorezian. Egia da Gene Kellyk Stanley Donenekin batera zuzendutako filmean Kellyk berak euripean abesten eta dantzatzen zueneko irudia ikono bihurtu dela gutariko askorentzat, baina nik nahiago dut pentsatu dotorezia formalarekin batera argumentuaren sakoneko mezua izan zela arrakasta iraunkorraren zioa. Izan ere, testuak funtsean dioskuna da maitasuna eta edertasun landua garaile izan daitezkeela zikoizkeriaren eta gustu txarraren aurrean. Polita da jakitea Lina Lamonten edertasun faltsua, kanturako dohainik eza eta ego kontrolaezina azpiratuak izango direla bikote protagonistaren soiltasun eta zintzotasun erabatekoengatik.

Duda barik, maila handiko ekoizpen baten aurrean gaude, baina beste kasu batzuetan handitasun hori hutsaltasunaren eta estetika merkearen alde jartzen da. Kasu honetan, ordea, garbi geratu da fintasunak eta neurritasunak agindu dutela planteamenduan eta arlo eszeniko guztietan.

Lehen begi kolpean, atentzio gehien eman diguna eszenografiaren diseinu aberatsa eta dinamikoa izan da: errealismo handiko panel lekualdagarriak eta balioanitzak izan dira nagusi, eta haiekin batera mugimendu handia izan da antzokiko ehundegian, bertako haga asko erabili direlako proiekzio pantaila, oihal margotuak eta beste dekoratu batzuk lekuan jartzeko. Jantzien diseinua aipatuko nuke bigarrenik, tonu leunak eta diseinu diskretua baliatu direlako gizon zein emakumeen jantzietan, edozein gehiegikeriatatik ihes eginik. Hirugarrenik, koreografien diseinuan neurriz erabili dira musikal askotan hain ohikoak diren talde agerraldiak —politak eta orbangabeak izan dira haiek guztiak, eta protagonisten duo erromantikoetan maila bikaina erdietsi da.

Azkenik, aipatzekoa da pasarte filmatuei emandako garrantzia. Finean, jatorrizko filmak gogoratzen du zine mututik soinu zinera igarotzeko jauzia, eta aitzakia horren bidez oso eszena dibertigarriak gertatu dira emanaldian zehar alboetako palkoetan izandako antzezpen txikiek lagunduta. Denbora di-da batean igaro zaigu, eta bukatutakoan etxera eroango gintuen autobusaren bila abiatu gara, euripean abesten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.