KRITIKA. Zinema

Bizkarroien festa

Bong Joon-ho zinemagilearen Gisaengchung filmeko fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

'Gisaengchung' (Parasite)

Zuzendaria: Bong Joon-ho. Aktoreak: Song Kang-ho, Lee Seon-gyun, Jang Hye-jin, Cho Yeo-jeong, Choi Woo-sik. Herrialdea: Hego Korea. Iraupena: 132 minutu.

Cannesen irabazitako Urrezko Palma jasotzean, Bong Joon-ho zuzendariak bi zinemagile frantziar izan zituen gogoan: Henri-George Clouzot eta Claude Chabrol.

Ez zen oholtza gaineko boutade bat, jasotako eraginen zinezko aitorpena baizik. Izan ere, bi zuzendari horien arrastoa oso presente dago Gisaengchung bikain honetan; bereziki, Chabrolen La cérémonie hura, non Isabelle Huppertek eta Sandrine Bonnairek familia burges bat akabatzen zuten eskopeta batekin.

Era berean, Bong Joon-horen beraren zinemaren sintesi moduko bat da; azken urteotan bere filmografia apartan ereindakoa bildu, eta bonba-pakete batean eskaini digu ikusleoi. Haren ohiko umore beltza oso presente dago, eta, nola ez, genero nahasketa txundigarria.

Batetik bestera, sorpresaz sorpresa eramanen gaitu istorioak, inoiz nora ailegatuko garen oso argi izan gabe. Beste zuzendari batzuengan genero nahasketa hori kalterako izaten da, baina zuzendari korearraren eskuetan estilo ariketa orekatu eta iradokitzailea bihurtzen da.

Eskaileren gorabeherek klase sozialen mailaketa irudikatzen duten istorio honetan, zirujauaren bisturia hartu eta gizarte garaikidearen zornea libratzeari ekin dio zuzendariak. Istorio unibertsala da guztiz, gordina bezain ezaguna. Bong Joon-hok berak argi du zein den filma herrialde ezberdinetan izaten ari den harrera onaren gakoa: ez da Koreako istorio bat; gaur egun denok herrialde bereko biztanleak gara, eta haren izena kapitalismoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.