begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Baloiaren justizia biribila da

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Futbola maite eta jokoa benetakoa denean bertan justizia poetikoa dagoela zinez uste dugunok, bitan poztu gara, dagoeneko, Munduko Txapelketan.

Lehenengo alegrantzia, dirua baino gurtzen ez duen Qatarko Mundu Kopa hasi bezain pronto, hasi orduko, hasi bezain fite hartu genuen. Irekieraren egunean, hain zuzen ere. Orduantxe eta bertantxe, Turkiako Fenerbahçe talde txit agurgarriaren aurrelari eta Ekuadorreko kapitain bikain Enner Valenciak bi gol markatu zituen. Eta baloiak, borobil-borobila den tresnak, arma eta jostailu miresgarriak, justizia biribila egin zuen, justizia zer den ez dakiten Qatarko agintari diruzale aseezinen eta hobeak ez diren FIFAko ugazaben miseria guztien argitan, zelaian, hamaika kameraren eta ikusle saldoaren aurrean.

Bigarren pozaldia ez da, agian, ez hain zilegia, ez hain zuzena, onartzen dut. Izan ere, beti horren harro, ahobero eta txulo dabilen Argentinaren ametsari koska handia eta min ikaragarria eman zion selekzioa ez da, inolaz ere, justizia biziki maite duen herrialde batekoa, baizik eta, baizik eta, baizik eta Saudi Arabiakoa! Baina futbola maite dugunok gure kontraesanen jabe eta jakitun garenez, ezin ukatu: poztu ginen. Isilean, ezkutuan, baina poztu, bai. Bagenuen, are, zio demokratiko arraro samar bat aitzakia moduan; horren balent, horren ausart jokatu zuten saudiarabiarren entrenatzailearen pertsonaiak eusten dio, primeran, baloiaren justiziaren inguruko nire gogoetari.

Herve Renard dugu. Nahiz eta Zinedine Zidanerekin batera AS Cannes taldean aritu, partida bakarra jokatu zuen Frantziako Lehen Mailan, bere denboraldirik onenean. Urte luzeetan kristalak garbitzea izan zen bere ogibidea. Afrikarako bidea hartu zuen boteprontoan, eta Zambiako selekzioa gailurraren puntara eraman Afrikako Kopan. Balentria bera gauzatu zuen Boli Kostarekin. Ez esan ez dela poetikoa kristal garbitzaile bat petrolioan eta dolarretan bainatzen den herrialde bateko heroia bilakatu izana...

Egiari zor, baloiaren justizia borobil eta poetikoarekin, Bilbon hasi ginen ametsetan 2022ko Munduko Kopa honetan. San Mamesen? Lezaman? Sestaoko River taldearen zelaian? Ez. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinebi Jaialdian. Bai, hantxe. Non sortzaileek muga guztietatik bestaldera eta haratago bultzatzen duten zinema.

Hantxe programatu zuten berdinik izan ez zuen jokalari baten inguruko parekorik ez duen dokumental bat. Aspaldikoa. Mimoz, zaletasunez eta zientzia handiz zaharberritua.

Bai, itxuragabeko Munduko Futbol Txapelketa ziztrin eta zikoitz honen aldez aurretiko alegrantzia Bilboko Gran Viako BBK aretoan hartu genuen, 1963ko Garrincha-Alegria do Povo dastatu genuenean.

Joaquim Pedro de Andrade egileak omendu egiten du ordubeteko zinema puska eder honetan Rio de Janeiron jaiotako Manuel Francisco dos Santos. Mané Garrincha deitzen zion munduak. Bera bezalako driblatzailerik ez da sortu planeta honetan. Eta ez da sortuko galaxia osoan. Bitan izan zen munduko txapelduna, Pele bera ondoan zuela. Bitan, Suedian eta Txilen. Txikia. Azkarra. Abila. Medikuak saiatu ziren bere dohainak aztertzen. Esan, esaten zuten grabitate-zentroa oso baxu, oso behean zuela, eta horrek bere jolasteko maneran eragiten zuela. Esan, esan zuten akerrak adarrak okerrak dituen legez, Garrinchak hankak zituela makurrak. Artikulazioak ere bai. Eta oinak barrurantza biratuak.

Poliomielistisak jota, txikitan ebakuntza bat egin zioten, hanka bat bestea baino sei zentimetro motzagoa zuelako. Operazioak ez zuen ezertarako balio izan. Baina igualik ez da izan futbol zelaietako multibertsoan.

Ez pentsa pelikulak hori guztia kontatzen duenik. Ez, bere aspaldi zaharreko zeluloide lodi, dentso, irazkin trinkokoan ikusten duguna Garrincharen ziento iskintxo ezinezkoa da. Argazkien bitartez. Bai, hamaika argazki finkok osatzen du zinema mirari hori.

Mugimendurik gabeko irudiak, artxiboetatik, biltegietatik ateratakoak zein antzinako kamerek hartutakoak, ederki, maisu, maltzur, erritmo handiz maneiatzen ditu zinemagileak. Emaitza, film ikaragarria gauzatzen da gure begi aurrean. Zinema verité harekin zerikusi franko duena. Cinema direto deitzen zieten manera horiei Brasilen. Eta auskalo non lortutako material horri, ezpuru, sasiko kasik...

Ba, justizia poetiko borobila delako baloiarena, ezpuru horiek eman ziguten Munduko Txapelketa hasi aurretiko estreinako plazera. Zinebin. Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.