'Brexit'-a. Mayren B plana

Ipar Irlandako mugaren auzia konpontzeko beste ahalegin bat egingo du Theresa Mayk

Erresuma Batuko lehen ministroak esan du «lagunekin» hitz egingo duela auzi horren inguruan «sostengu zabalagoa» lortze aldera. Bigarren erreferendum bat egitea baztertu du. Komunen Ganberak gaur zortzi bozkatuko du B plana

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, egoitza ofizialean, Londresko Downing Streeteko 10. zenbakian. NEIL HALL / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Enda Kenny Irlandako lehen ministro ohiak iragarri zuen, artean brexit-aren negoziazioak abiatu gabe zeudenean, «irudimena» beharko zela mugaren izaera definitzeko, eta, antza, asmatu gabeko formula magiko hori aurkitu nahian ari da Theresa May. Erresuma Batuko lehen ministroak auzi horren inguruan hitz egiteko beste ahalegin bat egingo duela hitzeman die diputatuei. Komunen Ganberak aurreko astean errefusatu zuen bere planari egindako ekarpena da. Buruzagi kontserbadorea ez dago amore emateko prest, baina ez du erraza izango hasieratik matazan sortutako korapilo hori askatzea. Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko 500 kilometroko lerroan muga gogorra edo leuna ezartzea izan da negoziazioen traba nagusia, eta, behin negoziazioak amaituta, behin estatu kideekin akordioa eginda, hori da etxe barruan duen oztopo nagusia. Diputatuei alternatibak emateko eskatu die Mayk. Berak, berriz, «datozen asteetan lagunekin» hitz egiten jarraituko duela adierazi du, «besteak beste, DUPekoekin». Ondoren Bruselara negoziatzera joateko asmoa azaldu du.

DUP Alderdi Demokratiko Unionistarentzat backstop-a da gakoa. Irlandan muga gogor bat eragozteko hitzartutako protokoloa da backstop-a, brexit-a gauzatu eta bi urtera sartuko litzatekeena indarrean, betiere, etorkizuneko harremanari buruzko akordiorik egingo ez balitz. Europako Batasunak argi utzi du estatus berezi hori soilik merkataritza akordio berri bat lortu arte egongo litzatekeela indarrean, baina, hori ez da aski unionistentzat, uste baitute backstop-a onartuz gero Ipar Irlanda Erresuma Batutik bereiziko dela praktikan.

Unionisten jarrera

May unionisten hamar diputatuen babesari esker dago gobernuan, gutxiengoan bada ere, eta, hortaz, beraien giltza beharko du lehenik eta behin blokeatuta dagoen puntu hori zabaltzeko. Kontua da auziak gai delikatua duela atzean.

1998ko Ostiral Santuko Akordioak daude jokoan, urteetako gatazkari amaiera eman ziotenak. Europak argi utzi du muga gogorra ezartzea «marra gorria» dela, eta uhartean batasunaren inguruko erreferenduma egitea ere ez da unionisten aukera.

Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko mugan aduanak eta kontrolak ezartzea ekarriko luke muga gogorrak, hau da, egunero muga zeharkatzen duten 30.000 lagunentzat traba fisikoak ezartzea, eta gaur egungo egoera erabat aldatzea ekarriko luke horrek; izan ere, ikusezina da muga. Ipar Irlandan Europako Batasunean geratzearen alde bozkatu zuten erreferendumean, hau da, ezezkoaren alde —herritarren %55ek egin zuten hautu horren alde—. DUPek baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuen. Sinn Feinek, berriz, ezezkoaren aldeko kanpaina egin zuen, baina behin emaitza ikusita uhartea batzeko zirrikitua ikusi du.

Irlandan muga ezartzea saihesteko mekanismotik haratago ez da erraza izango beste formula bat asmatzea. Jeremy Corbyn, alde horretatik, oso kritiko agertu zen atzo lehen ministroak egindako diskurtsoarekin. «Zergatik lortuko du orain abenduan lortu ez zuena?». Horixe izan zen buruzagi laboristaren galdera. Europako Batasunak eta Erresuma Batuko Gobernuak azaro amaieran onartutako testua da laboristek bazterrean utzi nahi dutena; bereziki, alde bakarreko irteera saihesteko. Corbynentzat, «brexit-aren norabidea aldatzeko» garaia da, eta lehen ministroari «marra gorriak» kentzeko eta «malguago» izateko eskatu zion: «Badirudi oraindik ez dela ohartu ezezkoaren tamainaz, eta, logikaz, horrek orain arte mugitu ezin ziren planteamenduak aldatzera bultzatu beharko luke».

Bruselak, dena den, behin eta berriz adierazi du ez dagoela lortutakoa baino itun hobeagorik, eta ez dagoela prest berriz ere negoziatzeko. May, beraz, arrakala baten erdian dago.

Brusela ez dago prest haratago joateko eta etxean haratago joateko eskatzen diote. Lisboako Itunaren 50. artikulua luzatzeko aukera ere baztertu du; hau da, martxoaren 29ko data atzeratzeko, eta laboristek ez dute nahi akordiorik gabeko irteerarik.

Zuzenketak

Lehen ministroa, beraz, ataka zailean dago. Orain arte, aldez edo moldez saiatu da diputatuak berak lortutako akordiora erakartzen; baina aurreko asteko bozketa historikoan zaplaztekoa jaso zuen buruzagi kontserbadoreak, 230 diputaturen aldearekin nagusitu baitzen ezezkoa. Aste honetan azken ahalegina egingo du. Alderdiek zuzenketak aurkeztuko dituzte, eta eztabaida bizia espero da orain ere.

Bigarren erreferendumaren auzia da azaleratuko den beste mamua, eta hori ere bazterrean utzi nahi du lehen ministroak. Haren hitzetan, «batasun soziala» hautsiko litzateke bigarren galdeketa bat eginez gero: «Beldur naiz bigarren erreferendum batek aurrekari zail bat ezarriko lukeelako, eta herrialde honetan plebiszituak kudeatzen ditugun moduan ondorio nabarmenak izango lituzkete».

Mayk aurreratu du «neutroa» izango dela aurkeztuko duen mozioa, eta ez dirudi tarte asko duenik adostasuna eta babesa lortzeko. Oposizioko alderdiek, bestalde, zuzenketen bidez bide orrian euren marka jartzeko ahalegina egin dezakete, eta, hala, gobernuaren ahultasuna agerian utzi; horrek 2016ko ekainaren 23an abiatutako zeharkaldiaren etorkizuna baldintzatuko luke.

Erresuma Batuan gelditu nahi duten EBko etorkinak izena ematen hasi dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.