«Horrelako egoera batean nork esan dezake ezetz?»

Marcos Hourmann. Sendagilea da, eta zigortu egin zuten 2005ean Tarragonako erietxe batean aintzat hartu zuelako paziente batek egin zion eskea: hil egin nahi zuela esan zion, eta heriotza eragin zion. Alorrean hutsunea dagoela uste du.

arantxa iraola
Portugalete
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Noiz. Nola. Non. Heriotzaren unean aldagai horiek erabakitzea ezin zaio ukatu inori, Marcos Hourmann medikuaren arabera (Buenos Aires, 1959). 2005ean, hiltzen lagundu zion andre bati Tarragonako erietxe batean, eta zigorra jarri zioten horren ondorioz, urtebetekoa. «82 urte zituen, eta gaixotasun ugari: larriena zen bihotzeko bat, eta koloneko minbizi bat ere bazuen. Bitan esan zidan hil egin nahi zuela; lehenean, pentsatu nuen aurrera aterako nuela. Gero, okerrera egin zuen. Alabak esan zidan ezin zuela horrela sufritzen ikusi; sentitu nuen sufrimendu hark ez zuela zentzurik, eta kloruro potasikoa jarri nion». Lanetik bota zuten, eta salatu egin zuten. Ez du hobenik sentitzen. «Moralki ez dut uste deusen errua dudanik».

Pozik entzun ditu aste honetako albisteak: «Orain esperantza izateko motiboak badirela dirudi». Beharrezkoa deritzo: «Bada jendea esan duena ez duela sufritu nahi, eta sistema ahantzita dago haiekin». Lege proposamen honek gaixotasun larri sendaezinak eta pairamendu handiak dituzten pertsonei ekar diezazkiekeen aukerez gain, beste ate batzuk ireki beharko liratekeela uste du. «Hor dira, esaterako, buruko eritasunak», adierazi du. Horietan ere, pertsona batek aurrez horretarako borondate argia erakutsita, eutanasiarako atea ireki egin beharko litzatekeela adierazi du. «Buruz argi dagoenean adierazitakoa bada, bai». Maribel Tellaetxe jarri du adibiderako. «Hark, bere onean zela, esan zuen maite zituenak ezagutzeari uzten bazion, bizitzeari utzi nahi ziola. Pertsona batek hori esanda, zer gehiago hartu behar da aintzat? Horrelako egoera baten aurrean, nork esan dezake ezetz?».

Areago ere egin nahi luke; eutanasia jada onartuta duten herrialde batzuetan aztertzen ari diren zerumuga berrietara eraman nahi luke gaia. «Eskailera baten lehen pausoa izan behar du lege honek, eta espero dugu politikariek asmatzea bide horretan. Baina lege honek ez du askatasun osoa bere horretan hartzen; inondik inora ere ez. Zein dira legeak egiten dituztenak ni hiltzen ari naizen esateko? Oso larri egon behar dut hiltzeko? Hortxe daude hiltzeaz nekatzen diren pertsonak ere; osasun betean dauden pertsonak dira usu, baina sentitzen dutenak beren bizitzak galdu duela zentzua. Zergatik egon behar da hil hurren heriotza eskatzeko? Humanoagoa litzateke norberak noiz nahi duen erabakitzea: libreagoa». Ez du ulertzen: «Zergatik egon behar da suntsituta bukatu dela esateko?».

Kritikoa da egun luzatzen diren sedazioekin ere. «Izan ere, pertsona bat sedatzen denean, ez da etxera joango: hil egingo da. Zergatik luzatu agonia zentzugabe bat? Zergatik ez esan: 'Amaitu da'? Zer jolas klase da hau? Ezin da deus gehiago egin: ez du, bada, inolako zentzurik sufrimendua luzatzen ibiltzeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.