Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Amesgaiztora kondenatuak

Andoni Imaz
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Los reyes del mundo'



Zuzendaria: Laura Mora. Aktoreak: Carlos Andres Castañeda, Davidson Andres Florez, Brahian Stiven Acevedo, Cristian Camilo David Mora. Herrialdeak: Kolonbia, Luxenburgo, Frantzia, Mexiko, Norvegia. Iraupena: 110 minutu.

Medellingo (Kolonbia) bost gaztek ez daukate elkarren konpainia besterik. Nazkatuta daude han egoteaz, eta nazkatuta daude nazkatuta egoteaz. Haietako batek bere senideei kendu zieten lur bat berreskuratzea erabakitzen duenean —«munduan gauza guztiek dute jabe bat»—, gainontzekoak harekin batera abiatzen dira, askatasuna nahi dutelako, eta hori delako askatasuna haientzat: toki bat munduan.

Laura Mora zinemagileak badu drama sozialak kontatzeko pultsua, eta Los reyes del mundo filmean erakutsi du bere zuzentzeko moduak baduela behar adina indar kameraren mugimendu biziekin narrazioari eusteko eta tarteka irudi ederrak eta esanguratsuak sortzeko.

Gainera, lurrik gabeko gazte horien bidaiari kutsu fantasmagorikoa eman dio, paisaiaren eta testuren bidez landu baititu haien kezketako batzuk. Filmak ez die izkin egiten topikoei eta esajerazioari; horren adibide bat da behin eta berriro askatasunaren metaforatzat erabiltzen den zaldi zuria, baliabide errepikakorra eta batere ez originala.

Narrazioari beste sakontasun bat ematen diote, ordea, lortzen dituen irudi berezi horiek: behe lainoak zuritutako pantailak eta hondakinez betetako etxeak, adibidez, misterio lurrin bat uzten diote istorioari. Gainontzean, aktoreen baleko antzezpenek naturaltasunarekin orekatzen dute lana.

Zorigaitzak gidatzen du istorioa, eta pertsonaiek ezin diote beren patuari ihes egin, baina Mora ez da tematu miseria irudikatzen. Gazteei amesten utzi die, eta arretaz jaso ditu haien gogoetak —«nire mundu perfektuan, nahi ez duena ez da existitzen»; «ikusezin izan nahi nuke»; «denak lo daude, gu izan ezik»—, nahiz eta munduak amesgaizto baten antz handiagoa duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.