«Sarraski isila» gelditzeko deia

Martxoak 3 elkarteak «prekaritateak hildako langileak» gogoratu ditu Gasteizko sarraskiaren 44. urteurrenean. Zalantzak ditu Martin Villak Servini epailearen aurrean deklaratuko ote duen

Milaka pertsona bildu ziren Gasteizko kaleetan, Martxoaren 3ko manifestazioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Martxoak 3 elkartekoen ustez, Francisco Aznarren, Romualdo Barrosoren, Pedro Maria Ocioren, Jose Castilloren eta Bienvenido Peredaren memoriak «oraina» elikatzen du. Atzo bete ziren 44 urte Espainiako Poliziak Gasteizen hil zituenetik, San Frantzisko elizan egiten ari ziren batzar batean zeuden langileei oldartuta. Eta langileen oraina oso presente dauka elkarteak, atzo, sarraskiaren urteurrenean, elizaren kanpoaldean egindako omenaldian, «lan istripuetan eta prekaritatearen ondorioz bizitza galdu duten langileak» izan baitzituen gogoan —Zaldibarko luizian desagertutakoak zenbatu gabe, LABen arabera aurten hamalau pertsona hil dira lan istripuetan Euskal Herrian—. «Sarraski isil hori gelditu beharra dago», nabarmendu zuten elkartekoek, eta «justizia» eskatu. Omenaldiaren ondoren sindikatuek deituta egindako manifestazioak Gasteizko kaleak bete zituen.

Eta atzera begiratzeari utzi gabe, aurrera begira jarri dira. Frankismo garaian egindako krimenengatik Argentinan jarritako kereilaren barruan, Rodolfo Martin Villa 1976ko martxoan Harreman Sindikalen Espainiako ministroa zena auzipetu gisa galdekatzekoa da Maria Servini epailea, datorren martxoaren 20an, Argentinak Espainian duen enbaxadan, Madrilen. Baina Martxoak 3 elkartekoak ez daude ziur azkenean galdekatuko duenik. Joan den abenduaren 10ean zen deklaratzekoa, baina martxoaren 20ra atzeratu zuten zitazioa. «Azken orduko maniobrek errailetik atera dezakete egoera hau, eta, egun gutxiren faltan, pairatzen ari garen babesik eza eta ziurgabetasuna jasanezinak dira». Elkartekoen esanetan, «estatu kontu bat» da inpunitatea. «Eta ez dakigu ez duten harekin hautsi nahi, edo ezin duten, edo ez diren ausartzen».

Bestalde, «herritarrengandik» beti sentitutako babesa eskertu zuten Nerea Barroso eta Eva Martinez elkarteko kideek. Gaineratu zuten, ordea, erakundeen jarreraz gauza bera ezin dutela esan. Izan ere, Memoria Gara elkartearekin batera eskatu zuten, 2018ko abenduan, San Frantzisko eliza, «sarraskiaren agertokia», memoria eta giza eskubideen zentro bilakatzeko. Martxoak 3 elkartekoen esanetan, Gasteizko Udalak, Arabako Diputazioak, Eusko Jaurlaritzak eta Gogora institutuak bat egiten dute eskaera horrekin, baina ez dira igaro «hitzetatik ekintzetara».

Iluntzeko ekitaldien aurretik, eguerdian, alderdi politikoetako ordezkariak joan ziren San Frantzisko elizaren kanpoaldean hildakoen omenez dagoen monolitora. Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak salatu zuen Espainiako Gobernua «trabak» jartzen ari dela Martin Villak Serviniren aurrean deklaratu dezan. Iriarterentzat, gainera, biktimek ez dute jaso «aitortzarik». EAJren Arabako presidente Jose Antonio Susok «egia, justizia eta erreparazioa» exijitu zituen.

Eskaera Nafarroan

78 Sanferminak Gogoan plataforma ere Argentinako kereilara batu zen iaz —1978ko uztailaren 8an Espainiako Poliziak German Rodriguez hil zuen tiroz, Iruñean—, eta atzo agerraldia egin zuen Nafarroako Parlamentuan. Plataformako kideek eskatu zioten Nafarroako Gobernuari Madrili esateko beharrezko neurriak har ditzala Martin Villak deklaratu dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.