Europaren hauspoaren zain

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ikerketara eta garapenera bideratutako diru laguntzak igo dituzte azkenengo urteetan eta datorrenerako, eta enpresei dei egin diete ahalegin berezia egitera. COVID-19aren krisiak eragindako ondorioek eta ziurgabetasunek moteldu dituzte inbertsioak.

jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Burua altxatu ezinda dabil ikerketa eta garapena (I+G) Euskal Herrian. Barne produktu gordinean (BPG) duen pisua Europako Batasunak nahiko lukeen %3tik oso urrun dago oraindik. Gobernuak enpresei berritzeko deia egiten ari zaizkie etengabe, baina haietako askok nahikoa lan izaten ari dira COVID-19ak eragindako krisiari eusteko. Eta instituzioek aldiro aipatzen duten alor bat izan arren, interes hori ez da hitzen intentsitate berarekin islatzen aurrekontuetan, azkenengo bi urteetan ahalegin berezia egin duten arren. Ikerketa eta garapenean Europara begira daude denak, hango diru laguntzen zain eta, bereziki, Next Generation funtsetik etor daitezkeenen esperoan.

2010eko hamarkadaren hasieran kolpe gogorra jaso zuenI+Gak Euskal Herrian, orduko krisi ekonomikoaren eraginagatik, bereziki. Enpresek eta gobernuek nabarmen murriztu zituzten horretara bideratutako inbertsioak, eta ez dira leheneratu. Zenbateko totalei erreparatuz gero, nabari da hazkunde txiki bat 2016. urtetik: diru gehiago jartzen dute euskal enpresek eta instituzioek, baina jarrera uzkurra nabari zaie oraindik. Hego Euskal Herrian 2013. urtetik lehen aldiz gainditu zen iaz %2ko langa: %2,02.

Badago kopuru sinboliko bat: %3koa. 2007ko Lisboako Itunean estatu kide guztiek horra heltzeko helburua jarri zuten 2010. urterako; hori ezinezkoa izango zela ikusita, 2020ra atzeratu zuten; eta, orain, asmoa da 2030. urtean iristea. Kopuru sinbolikoa da, oso zaila izango baita iristea, Euskal Herrian eta are gehiago Europa osoan. Izan ere, kontinenteko 329 eskualdeetatik 25ek baino ez dute bete erronka: ia guztiak Alemaniako eta eskandinaviar herrialdeetako eskualde industrialak. Hego Euskal Herrian, soilik Gipuzkoa gerturatzen da kopuru horretara: iaz, %2,63koa izan zen I+Gko inbertsioa BPGarekiko. Bizkaian %1,95ekoa, Nafarroan %1,74koa eta Araban %1,35ekoa. Ipar Euskal Herriko datu berriturik ez dago; 2018an, %1,3koa izan zen, Akitania Berriko eskualde osoan.

Europako Batasunean oro har ez daude hortik oso gora: %2,3 da batezbestekoa. Beste bloke ekonomiko handienekin alderatuz gero, Txinaren pare dago: %2,2koa da han. AEBetan, duela urte batzuetatik, %2,7 inguruan dabiltza, eta Japonian %3,5ean.

Hazkunde geldoa

Eusko Jaurlaritzak, Patxi Lopez lehendakari zen garaian, hitzeman zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2015ean iritsiko zirela %3ra. Baina laster ohartu ziren nekez lortuko zutela. 2015ean beste xede bat jarri zuen, kasu horretan Iñigo Urkulluren gobernuak: 2020rako gastu globala 1.900 milioi eurora iristea. Hori ere ez da lortu, eta nekez gertatuko da, epe ertainean behintzat. Horretarako, urtetik urtera %6 handitu beharko lirateke inbertsioak datozen bospasei urteetan.

Baina hortik oso urrun daude egungo datuak. Iaz, %0,6koa izan zen igoera, instituzioen eta enpresen inbertsioak kontuan hartuta. Hazkunde txiki hori COVID-19ak eragindakoa da, eta agerian uzten ditu enpresen kezkak eta lehentasunak, Jaurlaritzak %4,7 igo baitzuen I+Dra bideratutako gastua. Datorren urtera begira, %9,7ko hazkundea jasotzen da aurrekontuetan, eta hori handiagoa izango da EH Bildurekin egindako akordioan jasotzen diren 77 milioiak gehituta. Guztira, 605 milio izango dira I+Grako.

Nafarroan ere gobernua ari da hazkundea bultzatzen. Iaz, %3koa izan zen, baina, bereziki, gobernuaren bultzadagatik: %8,6 gehitu zuen aurrekontuetako I+Grako diru saila. Datorren urterako, %10,2 igo du: 64,7 milioi denera.

Laguntza publikoak

Bereziki enpresek tiratzen dute I+Garen gurditik, baina instituzioen babesa ezinbestekoa zaie. Innobasqueren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek berrikuntzara bideratzen duten hiru eurotik bat administrazioetatik jasotzen dute.

Gobernuek espero dute datozen urteetan enpresen inbertsioek gora egitea, gastu ahalmena berreskuratzen eta ekonomiaren nondik norakoei buruzko konfiantza irabazten duten heinean. Baina aurrekariek beste joera bat erakusten dute. Deustuko Unibertsitateko Orkestra Institutuaren Lehiakortasunari Buruzko txostenetan jasotzen denez, I+Gko inbertsioak egiten dituzten enpresen kopurua jaitsi egin da azken urteetan, baita enpresetatik inbertsio horretan egiten den ahalegina ere. Eta murrizketa hori, batez ere, enpresa txikietan gertatzen ari da.

Inbertsioetan 2016tik nabari den goranzko joeran, enpresa txikiak baino gehiago, ertainak —50 eta 199 langile artekoak— dira oraingoz protagonista nagusiak. Ez da ezer berria, oro har Europa osoan gertatzen delako hori. Baina enpresen tamaina txikiagoa da euskal ekonomiaren ezaugarrietako bat, Europarekin alderatuz.

Euskal Herrian ez daude enpresa handi asko; bai, ordea, haientzat lan egiten dutenak. Eta horrek asko baldintzatzen du haien jarduna berrikuntzaren alorrean:produktu propioa ez dutenez, gehienetan bezeroak definitzen du produktuaren berrikuntza. Bestela esanda: enpresa garrantzitsuek berrikuntzaren aldeko apustua egiten badute, horrek eragina izan dezake haien hornitzaileengan, baina ez beti.

Produktua baino gehiago

Badago adituak kezkatzen dituen beste faktore bat: teknologia ez den berrikuntzarena. Oro har, berrikuntza teknologikoan hobeto dabiltza euskal enpresak berrikuntza ez-teknologikoan baino. Hau da, arazo gehiago izaten dituzte teknologiarekin hain lotuta ez dauden berrikuntza motetan, produktu berritzaileak ekoizteko ahalmenean baino. Esaterako, antolakuntzakoetan edota lehiakideengandik bereizteko orduan eskaintzen dituzten zerbitzuetan. Adibide gisa jarri ohi da makina-erremintaren sektorea. Nazioartean prestigio handia izan dute Euskal Herrian ekoitzitako makinek, baina egun nazioarteko konpetentzia handiari egin behar diote aurre, eta bestelako zerbitzuak eskaini behar dituzte: besteak beste, makina horiek erabiltzen dakiten pertsonal kualifikatuak.

Adituen arabera, azken hamar urteetan euskal berrikuntza sistemaren erronka handienetako bat sistemaren beraren berrikuntza izaten ari da, eta aldaketa horiei egokitzeko ahalegin berezia egin beharko dute datozen urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.