Albistea entzun

Informazioa euskaraz, labur

ETBko gaztelaniazko albistegiak luzeagoak dira euskarazkoak baino. Adibidez, larunbat gaueko 'Gaur egun'-ek hamahiru minutu iraun zuen, eta 'Teleberri'-k, ia 37.
ETB

Urtzi Urkizu -

2017ko uztailak 19

Ez da gaurko kontua. Urteak dira ETBn gaztelaniazko albistegiak euskarazkoak baino luzeagoak direla. ETB1eko eta ETB2ko albistegi nagusien arteko aldea, dena den, asko handitzen da larunbat eta igande gauean. Joan den asteburuko albistegien iraupenak aldea erakusten du: larunbatean, iluntzeko Gaur egun-ek hamahiru minutu eta 37 segundoko iraupena izan zuen —Estepan Aldamiz-Etxeberriak aurkeztu zuen, eta albiste nagusia kiroletakoa izan zen: Garbiñe Muguruzaren garaipena Wimbledonen—. Gaueko Teleberri-k Gaur egun-ek baino 23 minutu eta 18 segundo gehiago iraun zuen: 36 minutu eta 55 segundo. Igande gauean ere aldea oso nabarmena izan zen: euskarazko albisteek hamabost minutu eta 25 segundo bete zituzten, eta gaztelaniazkoek 40 minutu eta 21 segundo. Horri kirolen tartea gehitu behar zaio: igande gauean, kirolek hamar minutu bete zituzten gaztelaniazko katean, eta, euskarazkoan, bost. Erdia, beraz.

Asteburuan, eguerdi parteko albistegietan aldea ez da hain handia: larunbat eguerdian, parekoak dira euskarazko eta gaztelaniazko albistegiak, eta, igande eguerdian, lau minutu luzeagoak gaztelaniazkoak.

Denboan atzera joz, 2013ko urtarrilean, igande gaueko ETB1eko albistegiak hamalau minutuko iraupena zuen, eta ETB2koak 65 minutukoa —gaztelaniazkoan, kirolek denboraren erdia betetzen zuten—. Informazio orokorreko berriek 32 minutuko iraupena zuten gaztelaniaz orduan, euskarazkoek halako bi. Gaur egun ere, tankerakoa da informazio orokorreko albisteen aldea larunbat eta igande gauean.

Maite Zurikarai ETBko albistegietako zuzendariak —martxoaren 1etik dago karguan— gaiaz esan du egoera horrelakoa izan dela azkeneko 15-20 urteetan. «Euskarazko albistegiak laburrak dira, baina oso beteak. Eguneko informazio osoa ematen dugu denbora horretan. Eguneko albiste garrantzitsuak sartzen dira, betelanekoak ez direnak». Zurikaraik esan du asteburuan gauez euskarazko albistegiak laburragoak «ordutegiaren eraginez» direla, «programazioan Gaur egun albistegia 20:30ean delako».

Asteburuan ez ezik, astegunetan ere luzeagoak dira ETBko gaztelaniazko albistegiak euskarazkoak baino: eguerdian, Gaur egun-ek 40 minutu inguruko iraupena du, eta Teleberri-k 46-47 minutu baino gehiago. Gauean, Gaur egun-ek 36-37 minutu inguru irauten du, eta Teleberri-k 46-47 minutu inguru.

2010. urtean, ETB1 berriz diseinatzeko asmoz, lantalde bat osatu zuten, Joseba Arruti ETBko euskara arduradun ohiak gidatuta. Txosten bat landu, eta egileek ondorioztatu zuten ETB1eko albistegiak ETB2koen menpeko bihurtu zirela. «Lehentasuna bigarren kateko albistegiek dute, eta horien mesedetan lantzen dira edukiak», zioten duela zazpi urte. ETB1entzat propio diseinatutako albistegi berriak lantzeko eskatu zuten. Zazpi urteren ostean, hutsean gelditu da eskaera hura.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

«Besta ez-komertziala izanen da; egiazko hartu-eman bat»

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

Urriaren 31n Arimen Gaua lehen aldikoz ospatuko dute Itsasun, ikastolako eta beste bi eskola elebidunetako haurrekin. Trukea, harremana eta euskal kultura landu dituzte haurrekin.

Jendea Arbonako lur okupatuetan, gaur goizean, Lurrama jaialdiaren hasieran. ©Lurrama Elkartea

Lurrama jaialdia ospatu dute Arbonan

Berria

Kontzertuak, hitzaldi bat eta beste egin dituzte, eguraldia lagun. Arbonan kokatu dute aurten, okupazioari sostengua emateko.

EITBren <em>#Ekin_klima</em> kanpainaren irudia. Klima larrialdiaren inguruko makina bat saio emango dituzte. ©EITB

Klima larrialdiaren gaineko kanpaina bat abiarazi du EITBk

Urtzi Urkizu

ETBk dokumentalak, film laburrak eta saio bereziak emango ditu datozen asteetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.