Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Amatasunaren bakardadea

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Distancia de rescate'

Zuzendaria: Claudia Llosa. Herrialdea: Peru-AEB-Txile-Espainia. Iraupena: 93 minutu.

Zereal zelai luzeak, haizearen erritmoan kulunka, zuhaitz hostotsu erraldoiak. Uda, ibaia, basoa eta natura basatia,planotik at, ezkutatua, baina alboan.

La teta asustada filmaren zuzendariak, Claudia Llosak, pelikula berria aurkeztu du Donostiako Zinemaldian. Irudiak modu poetikoan filmatzeko gaitasuna aitortu behar zaio Llosari, argazki eta plano ederrez josia baitago filma. Edertasuna islatuta egongo da filmean, edertasun handia; baina baita larritasuna ere, filmak aurrera egiten duen heinean handituko dena. Edertasunak ezkutatu ezingo duen ezinegona areagotu egingo da horrela.

Amanda (Maria Valverde) alabarekin oporretan joango da uda pasatzera. Etxetzarra alokatu dute hiri inguruko landa zabalean, Argentinan. Bertan, bizilagunak, Carola (Dolores Fonzi hipnotikoa,) eta haren semea, David, ezagutuko dituzte. Horrekin batera, haien istorioaren berri izango dute, mistika, alegia, sineskeria eta alkimia bilduko dituena. Ba omen da etxe berde bat ibaian gora. Herrian guztiek ezagutzen dute, eta bertan gauzak gertatuko dira. Ez duzu sinetsiko baina.

Llosaren filmak elementu interesgarriak eta goraipagarriak ditu, alde teknikoaz aparte, denboraren pertzepzioa eraldatzeko gaitasuna baitu. Off-eko ahotsaren erabilera interesgarria egingo du, eta suspentsea, beldurrezko generoa eta alegia uztartuko ditu.

Tamalez, elementu goraipagarri horiek guztiak batzeko orduan sortzen den nahasketa ez da behar bezala lotzen, eta emaitzak ez du beharko lukeen bezain film ederra irudikatuko. Astunegia momentu batzuetan, azalduegia besteetan, oreka faltako balitzaio bezala. Hala eta guztiz ere, proposamen interesgarria da Llosarena, nondik edan badauka eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.