Koronabirusa

Ikasturte amaierako edukiak eta ebaluazio irizpideak, plan batean

jon olano
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak plan batean antolatu du ikasturtearen amaiera, koronabirusak eragindako osasun krisiaren eraginez haurrak etxetik ari direnez gero eskolak jasotzen. Gobernu Kontseiluaren ondorengo agerraldian, Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi zuen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua asteon bilduko dela hezkuntza arloko eragileekin, horiekin «kontrastatzeko». Ondoren, ikastetxeetara bidaliko dute.

Hiru ardatz ditu protokolo horrek, eta funtsezko edukiei, ebaluazio irizpideei eta ikastetxeetara modu presentzialean itzultzeko jokalekuei eragiten die.

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak, ordea, erantzunak eskatu zizkion atzo Hezkuntza Sailari: «Bost asteko konfinamenduaren ondoren, ezohiko hezkuntza jarduerara buelta- tzea tokatu zaigu. Oraindik ez dakigu ikasturtea etxean edo ikastetxeetan amaituko dugun, baina zehaztapenak behar ditugu, azkar».

Besteak beste, Jaurlaritzari eskatu zion argitzeko curriculumaren birformulazioa eta doikuntza: «Etapa bakoitzeko oinarrizko konpetentziak zehaztu behar ditu Hezkuntza Sailak, jarraibide zehatzak eman ikastetxeei, eta familiak informatu».

Bestalde, haurrak kalera irtetearen inguruan ere mintzatu zen Erkoreka. Haren esanetan, astelehenean hasiko da normaltasunera itzultzeko planaren lehen fasea, eta haurrak «denborak eta distantziak mantenduz» kalera irtetea izango da lehen neurria. «Berehalako beste neurri batzuk» izango dira kirola egiteko baimena ematea eta dendak eta saltoki txikiak irekitzea. Azpimarratu zuen hainbat enpresatan lanera itzuli izanak erakutsi duela «lana eta osasuna bateragarriak direla»; egun %30ean dago industria eta eraikuntzaren jarduera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.