Europako Parlamenturako hauteskundeak. Katalunia

ERC-JXC. Indarrak neurtzeko

Puigdemont eta Junqueras subiranismoaren bi sinboloak hautagai dira. Bozetan jokoan dago bietako nork duen babes handiagoa katalanen artean.

Junqueras eta Puigdemont, 2017ko urriaren 26an, parlamentuan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Besteak beste, babes handiagoa nork eta zerk duen dago jokoan Katalunian, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan: Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde espetxeratuak (ERC Esquerra Republicana) planteatutako bide posibilistak, edo Carles Puigdemont presidente erbesteratuak (JxC Junts Per Catalunya) proposaturiko ildo, nolabait, frontistagoak. Puigdemontek duela egun batzuk adierazi zuenez, bien artean ez dago alderik «azken helburua» zehazteko orduan, eta, errepresioaren ondorioak horretarako lagungarrienak ez diren arren, 2017ko urriaz geroztik ez dira gai izan batasun estrategiko bat adosteko. Bai bi protagonistek eta bai haien alderdikideek azken urte eta erdian adierazitakoengatik, ezkutaezina da haien arteko harremana ez dela oso ona. Horrenbestez, kontsideratu daiteke Kataluniako prozesu subiranistaren bi sinbolo nagusiek berriro, hirugarrenez, neurtuko dituztela indarrak hilaren 26ko bozetan.

Aste batzuk baino ez dira igaro aurreko alditik. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Junqueras bera zen zerrendaburua, eta ERCk lortu zuen boto gehienKatalunian: 1.015.355 boto. JxCk lortutako emaitza apalagoa izan zen (497.638), nahiz eta kontuan hartu behar den Jordi Sanchez zela orduan zerrendaburua. ERCko agintarientzat, halere, Puigdemontentzako mezu gisa interpretatu daitezke emaitza horiek.

Biek, xehetasunak gorabehera, oraingoaren antzeko diskurtsoa zerabilten 2017ko abenduan, Espainiako Gobernuak inposatutako Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak egin zituztenean. Aurreneko aurrez aurreko hartan, inkestek iragarritakoa irauli zuen Puigdemontek, eta JxCk ERCk baino 13.000 boto gehiago lortu zituen: 948.233 eta 935.861. Hauteskundeak irabazi ez zituen arren —Ciutadans izan zen aurreneko indarra—, JxCk garaipentzat hartu zuen gertatutakoa, eta gau triste samarra izan zen, berriz, ERCkoentzat.

Hauteskunde haietara koalizioan elkarrekin aurkeztea proposatu zion Puigdemontek Junquerasi, baina ERCkoak ez zuen onartu. Europakoetara begira ere planteamendu bera egin zion. «Junquerasen bigarren moduan soilik joango nintzateke Europakoetara», azpimarratu zuen azaroan. «Independentzia, edo elkarrekin egiten dugu, edo ez dugu egingo», gehitu zuen. ERCk ez du koaliziorik nahi. Marta Rovira alderdiaren idazkari nagusiaren esanetan, oraindik ez direlako ados jarri errepublikaranzko bidea erabakitzeko orduan.

Eta zenbait gertakari ez dira lagungarriak izan. JxCrentzat, Puigdemont telematikoki presidente inbestitzeko aukera ERCk berak indargabetu zuen. Iazko urtarrila zen. Hilabete batzuk geroago, uztailean, Auzitegi Gorenak Kataluniako Parlamentuko diputatu erbesteratu eta kartzelatuei kargua eten zienean, ez ziren ados jarri egoerari aurre egiteko.

Tirabirak

Kontuan hartu behar dira, gainera, alderdikideek beraiek bi liderren arteko tirabirak haizatu dituztela. Elsa Artadi (JxC) azken urtean Generalitateko bozeramaile izan denak joan den azaroan adierazi zuenez, Puigdemontek idatzitako gutunei erantzun gabe zegoen Junqueras. Eta ezin alboratu protagonisten beraien adierazpenak. ERCkoak Le Figaro egunkariari urtarrilean emandako elkarrizketan adierazi zuenez, 2017ko urriaren amaieran Katalunian gelditu zen, «herritarrekiko erantzukizunagatik». Puigdemontek segituan erantzun zion: «Denok dakigu non geunden, eta zer egin genuen. Beti esan dut [epaiketaren] epaia arte pazientzia edukiko dudala. Gero azaldu beharrekoak azalduko ditu bakoitzak».

Espainiako Hauteskunde Batzordeak eragotzi zuen, herenegun, biak eztabaidatzen ikustea TV3ko debatean. Puigdemont «emozionatuta» zegoen horregatik. 26an, indarrak neurtu beharko dituzte. Inkesten arabera, Junquerasek botoen %22,5 lortuko ditu Katalunian, eta Puigdemontek %21,2. Hori baino gehiago egon daiteke jokoan, halere: hegemonia, esaterako, eta convergent-en espazio berriaren berrantolaketa bera ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.