Donostiako 66. Zinemaldia. Sari banaketa. ANALISIA
'Sign of the times'
Zinema kritikaria
Izen eta irudi aldaketa izan da aurtengo nobedaderik nagusia. Dekretuz, zinemaldia izateari utzi eta are gehiago nazioartekotu zaigu festibala. SSIFF esan behar zaio orain, anglofilo aurpegia jarrita. Auskalo txif ahoskatu behar ote den, baina gutxienez ez du k-rik ezta euskal trazarik, beti mundu zabalari begira, irribarretsu, abegikor, jator.
Berrikuntza horretaz aparte, deus gutxi gehiago. Onerako edo txarrerako, trantsiziozko edizio bat izan da, izan dira hobeak, baita txarragoak ere. Zinemaldi baten distira-maila glamourra eta alfonbra gorriaren gainean desfilatzen duten izar eta ustezko izarren arabera neurtzen dutenek ez dute zoratzen egoteko motiborik.
Gris samarra ere izan da Sail Ofiziala, ez da taulatik atera den pelikula sortarik izan; eta, oro har, batez besteko maila apal samarra izan da. Batzuek hori garaion isla dela esanen dute, eta arrazoi puntu bat ez zaie faltako. Baina zerbait gehiago ere izan bada.
Behingoagatik kritika gutxi epaimahaiaren erabakiei. Justizia egin da eta azken egunotan Sail Ofizialean ikusi dugun pelikularik onenak eraman du sari potoloa. Entre dos aguas, Lacuestaren bigarren maskorra, eta zinemak artifiziorik behar ez duela adierazten duen adibide bikaina.
Eta gaueko bigarren protagonista ere merezimendu osoz, Rojo. Hiru sari eta Argentinako historia gordinari hurbilketa zirraragarria, garai ilun hauetan inoiz baino beharrezkoagoa.
Zorrotz jarrita, Yuli-k ez zuen saria mereziko, baina oholtza gainean Paul Lavertyren hitz argigarriak entzuteagatik, barkatuko diegu bekatu txiki hori epaimahaikideei.
Ezin dena ona izan, ordea. Batere saririk gabe gelditu dena Telmo Esnalen Dantza izan da. «Normal» esanen dute orojakintsuek, ez baitzegoen lehiaketan. Sail Ofizialak erakutsi duen maila justukoak are ulergaitzago egiten du txifek pelikularik erradikalenarekin izan duen jokamoldea. Beharbada ez zuen saririk eramanen, baina hori ohi baino zuzenago ibili den epaimahaiak erabaki behar zuen.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.