Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Txin txin, 'xiexie'

Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Wuhai'



Zuzendaria: Zhou Ziyang. Aktoreak: Huang Xuan, Yang Zishan. Herrialdea: Txina.Iraupena: 108 minutu.

Wuhai hirian gaude, Txina iparraldean, Barne Mongolia izeneko eskualde autonomoan. Paisaia malkartsuek, basamortuek eta zelai idorrek inguratzen dute hiria; bertan, etxe orratz argitsu eta koloretsuak, eta kaleak jendez, autoz eta motorrez lepo.

Filmak bikote gazte baten istorioa azaltzen du. Bikotearen harremana hiriaren eta eskualdearen paisaia bezalakoa izango da: muturreko alde kontrajarriak emango dira. Arazo ekonomikoak dituzte. Senarra zorrak ezin kitatuta dabil, eta litxarreroak atzetik ditu mehatxuka. Emazteari, berriz, institutu garaiko norbaitek maitasun mezuak uzten dizkio telefonoan.

Film nahaspilatsua aurkeztu du zuzendariak, zurrunbilo zikina. Zorren eta zordunen kate luzea, hierarkia ustela. Guztiek ala guztiek diruaren hotsari jarraitzen diote, Pavloven zakurrak bezala, borrero eta morroi, hasierarik eta amaierarik antzematen ez zaion kate bereko katebegiak.

Bitartean, bikote protagonista galtzen ikusiko dugu, filmak aurkezten dituen pertsonaia guztiak bezala, itxaropenik gabeko botere harreman, mehatxu eta sekretuen koreografia elkorrean.

Egitura eta norabide argirik ez duen film bat dugu Wuhai. Asmoa antzematen zaio eta mezua nabarmenki iristen da. Momentu interesgarriak eskainiko dizkigu, baina bidean galtzeko arriskuan egongo gara, argumentu-hari desberdinak ireki eta garatu gabe uzten dituelako.

Neo-noir-aren eta mendeku istorioaren erdibideko pelikula bat da. Egoskorkeria eta diru-gosea jarriko ditu fokuan, gatazka moralak eta familia. Film lakarra da, zentzu askotan, eta emaitza borobilagoa lortuko luke zuzendariak ertz guztiak asko leundu eta limatuko balitu. Gutxiago gehiago da gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.