KRITIKA. Antzerkia

Turing, lurra arina izan bekizu

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun

'La máquina de Turing'

Egilea: Benoit Soles. Egokitzapena eta zuzendaritza: Claudio Tolcachir. Antzezleak: Daniel Grao, Carlos Serrano. Eszenografia eta bideoa: Emilio Valenzuela. Argiak: Juan Gomez Cornejo. Jantziak: Almudena Bautista. Musika: Gaby Goldman. Ekoizpena: Olvido Orovio, Ana Jelin. Banaketa: Producciones Teatrales Contemporaneas. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Otsailak 19.

Anekdotikoa izan zitekeen pasarte batek ematen dio hasiera antzezlanari, lapurreta txiki baten salaketak, besterik gabe. Ez dute gauza handirik ostu, baina Polizia, lapurtutako etxea zerbitzu sekretuetarako lanean ibilitako ikerlari batena dela jakitean, haritik tiraka hasi, eta huskeria hori tragedia bihurtuko da Alan Turing matematikorentzat (1912-1954). Ikusleok badakigu zientzialari britainiarrak deszifratu zuela naziek mezuak enkriptatzeko erabiltzen zuten Enigma makinaren kodea, bai Andrew Hodgesek 1983an idatziriko biografiak bai 1986an Hugh Whitemoreren Breaking the Code (Kodea hausten) antzezlanak hala azaldu zigutelako. Horiek, preseski, hartu zituen oinarri Benoit Soles dramaturgo frantziarrak 2019an La máquina de Turing idazteko, eta horixe dugu, hain zuzen, oholtza gainera ekarri diguten testua, Frantzian bi Moliere sari jasotakoa.

Baina aipatu hiru idazlanetan ez ezik, Jacob Dereckek 1996an BBCrako eginiko ekoizpenean zein Benedict Cumberbatchek 2014an antzeztutako filmean ere azaltzen zaigu Turingi esker irabazi zutela gerra aliatuek, eta jakin badakigu, homosexuala izateagatik, 1952an kondenatu eta bi zigorren artean aukeratzea eskaini ziola garaiko (in)justiziak Turingi: bi urteko kartzela betetzea, edo hormona tratamendua, zikiratze kimikoa lortze aldera. Zientzialariak, bigarrena aukeratuta, eta bi urtera sortu zizkion albo kalteak nozituta, sagar bat zianuroz pozoitu eta bere buruaz beste egin zuen. Harrezkeroztik, Turing punta-puntako ikerlaria, pertsonaia dramatiko-literario bihurtu, eta antzezlan honetan bezala, biktima homosexualen duintasunaren ikur bilakatuta heldu zaigu.

Agertokian Daniel Grao eta Carlos Serrano baino ez dira izan. Lehenbizikoak protagonista nagusiari ederto eman dio bizitza; pertsonaia berezia, xarmagarria eta neurtua antzezten du, haren konplexutasunak direla-eta aparteko oreka lortuz. Bigarrenak, berriz, gainerako pertsonaia guztien ahotsa eta gorputza irudikatzen ditu, jantzi aldaketa minimo batek lagunduta. Ikusleak biziki eskertzen du, testu-antzerkia izanda, estilo deklamatorio dezimononikoa ez erabiltzea, eta gogora etortzen zaio Tolcachir aukeratu zutela proiekturako zuzendari. Oholtzan bi estilo eta bi denbora ezberdinei ekinez erritmo arina lortu dute: izan publikoari zuzendutako gertakarien narrazioa, izan titularkideen arteko antzezpen zuzena zein txikitako edo oraineko pasadizoak ahotara ekarriz. Tentsio dramatikoa handitzen den heinean, Turing pertsonaiaren gizatasun hauskorra handituz doa, ikusleen miresmena handitzen den neurrian.

Eszenografia, argien erabilerak lagunduta, minimoa bezain efikaza da. Hiru dorre mugikor luze daude armairuak imitatuz. Horiek proiekzioen jomuga ditugu: batzuetan zenbakiak eta letrak; beste batzuetan, kaleko giroa; eta, beste hainbatetan Turingek hainbeste maite zuen Disneyren Edurnezuri eta zazpi ipotxak-en irudiak. Ikusgarria da bisualki lortzen den efektua; liluragarria bezain hunkigarria, marrazki bizidunetako sagarra hain ikusgarria dela antzeman dugunean.

Amaiera aldean, Turingek berarekin ez ahazteko eskatu zigunean, antzokian aditu zitekeen ohiko isiltasunari beste errespetuzko isiltasun mamitsuago bat gehitu zitzaion, gutxitan antzematen dena. Nago «Lurra arina izan bekizu» adierazi nahi izan zuela publikoak, txalo zaparrada luze-luzea eman baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.