SOSLAIA. Pablo Iglesias

Garai bateko esperantza

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«Mindu egiten nau Somosaguasen txaletetan bizi diren politikarien kontu honek». Horixe esan zion Pablo Iglesias Turrionek (Madril, 1978) Espainiako kazetari bati 2015eko bozen kanpainan, Vallecasko orduko bere auzoan zebiltzala, nabarmentzeko ezinezkoa dela dirudunentzat bilakatutako gotorlekuetatik kalean gertatzen dena jakitea. Gainerako klase politikoaz bereizteko maiz erabilitako argudioa, baina, kontra etorri zaioMadrilgo mendialdean 600.000 euroko txaleta erosi zuenetik, hark kritikatzen duen kastako kide izatea leporatzen baitiote.

Bere burua «apetatsutzat» duenarengandik uler liteke aldaketa hori. «Hau nahi dut, eta oraintxe bertan. Hauteskundeak irabazi nahi ditut, eta horretan ariko naiz irabazi arte», esan zuen duela lau urte. Agintzea gustatzen zaiola dio, «gobernu batean agindu egin behar delako. Podemosen agindu egiten da, eta nik asko agintzen dut». Horrexek berak ere arazo pertsonal ugari eragin dizkio alderdi barruan.

Lilura eragin zuen milaka herritarrengan Podemos sortu zenean, baina haien deskontentuak eta alderdiaren arazoak konpontzeko erabili izan duen agintekeriak auzitan jarri dute haren lidergoa. Ordezkoaz ere hitz egiten dute, eta, hala balitz, zerua asaldatu gabe joango litzateke.

Iglesiasentzat, ordea, politika «pasioa» da; aparteko hitz jarioz, Espainiako legebiltzarretik eta unibertsitatetik diskutso gogoangarriak egin izan ditu. Gurasoengandik jaso du politikarako zaletasuna; izan ere, ama Maria Luisa Turrion Santa Maria CCOO sindikatuko abokatua izan zen, eta aita Francisco Javier Iglesias Pelaez, historia irakaslea, FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoko militante izandakoa. Aitona Manuel Iglesias Ramirez, berriz, PSOEko militante izan zen, eta heriotzara kondenatua egon zen, 1939an. Aitona Manuel Turrion de Eusebio ere PSOEko militantea zuen. Pablo izena jarri zioten Pablo Iglesias Posse alderdi sozialistaren sortzailearen omenez.

Zuzenbideko eta zientzia politikoetako lizentzia atera zuen Iglesiasek, eta zientzia politikoetako doktore da.UJDE Espainiako Gazte Komunisten Batasunean militatu zuen 1992tik 1999ra, eta, Podemos sortu aurretik (2014), Unibertsitate Konplutentsean irakatsi zuen. 2014 eta 2015 artean, eurodiputatu izan zen, baina 2015ean utzi zuen, alderdikideek Espainiako presidentegai izateko aukeratu zutenean. Diputatua da gaur egun. Telebista aurkezle ere izan da, eta Fort Apache (Hispan TV), La Tuerka eta Otra vuelta a la tuerka (Publico TV) programak zuzendu ditu.

Irene Montero Kongresuan Podemosek duen bozeramailea du bikotekidea, eta bi ume dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.