Tokio 2020. Atletismoa

BIDE LUZETIK BAZTERRERA

Jesus Angel Garcia Bragado ibilketariak zortzigarren Olinpiar Jokoak izango ditu. Azkenak izango dira. 50 kilometroko ibilketa ere kenduko dute Olinpiar Jokoetatik.

Jesus Angel Garcia Bragado, entrenatzen. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Zortzi Olinpiar Joko. Zortzi olinpiar ziklo. Biderketa erraza da: zortzi bider lau, hogeita hamabi. 32 urte goi mailako kirolean. Kopuru horri Tokioko Olinpiar Jokoen urtebeteko atzerapena gehitu behar zaio. 33, beraz. Gainera, kirol hori 50 kilometroko ibilketa baldin bada, meritua are handiagoa da. Kilometro asko, entrenamendu luzeak eta, askotan, baldintza gogorretan. Zenbat urrats egin ote ditu 33 urte horietan? Zenbat bira eta mugimendu eman ote dituzte haren aldaketako hezurrek?

Jesus Angel Garcia Bragado da (Madril, 1969). Bartzelonako Jokoetan lehiatu zen lehen aldiz, 1992an; Tokiokoak izango ditu azkenekoak. Bosgarren izan zen Atenasko Jokoetaneta laugarren Pekinen. Munduko txapeldun izan zen 23 urterekin, eta hiru aldiz izan da txapeldunorde. Bere kirol ibilbidea bukatuko du, eta, era berean, 50 kilometroko ibilketa desagertu egingo da Olinpiar Jokoetatik. 51 urterekin.

«Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ez du nahi bi ordu eta erdi baino gehiagoko probarik», azaldu; hori da 50 kilometroko ibilketa Jokoetatik kentzeko arrazoia. Probak ia lau ordu irauten du. «Olinpiar mugimendua egokituz joan da, eta jende gazteak atxikimendu handiagoa du kirol berriekiko».

Tokiokoa azkena izatea izan da Tokiora iristeko akuilua. Berez, Rioko Olinpiar Jokoek izan behar zuten haren azkenekoak. «Baina, jakin nuenean Tokiokoa izango zela 50 kilometroko ibilketaren nazioarteko azken lehiaketa ofiziala, txinparta bat sortu zen nire buruan». Txinparta sortu eta sua piztu. Tokioko Olinpiar Jokoetarako prestatzeari ekin zion.

Kilometro asko egin behar dira 50 kilometroko ibilketa prestatzeko. Gorputza asko zigortzen da, eta ez da gauza bera 20 edo 30 urteko gorputz bat zigortzea edo 50 urteko bati egurra ematea.

Gauza bat zen Tokioko Olinpiar Jokoetara joan nahi izatea; bestea, joatea. Aurrena sailkatu egin behar baitzuen. Horretarako, Dohako Munduko Atletismo Txapelketa aukeratu zuen, 2019an. Lehiaketan zortzigarren izan zen, eta Tokion lehiatu ahal izateko lekua lortu zuen.

Doharako egindako prestakuntzak ondorio fisikoak izan zituen. «Herrenka nenbilen, aldakako arazoengatik», zehaztu du. Orduan iritsi zen COVID-19aren pandemia, itxialdia, eta Tokioko Olinpiar Jokoen atzerapena.

Mesede egin zion atzerapenak. Lasai hartu zituen bere gorputza osatzeko lanak. Hazkunde faktoreen infiltrazioak egiten hasi zitzaizkion, eta horri esker iritsi da Tokiora, «aldakan ia minik gabe». Minak baditu, baina horrelako proba bat prestatzeak eragiten dituen «min arruntak», gainkargak eta.

Ebakuntzei esker

Eta nola eusten dio giza gorputz batek 33 urteko goi errendimenduak eragindako higatze etengabeari? «35 urterekin, arazo fisiko larriak nituenean, konponbidea aurkituta. Nire kasuan, kirurgia izan zen». Ez besterik. Jarraian, egin dizkioten ebakuntzak zerrendatzen hasi da Garcia Bragado: bat «duela urte asko», 2008an berriro, eta azkena, 2014an. «Horrek eman dit modua goi mailako kirolean segitu eta maila onean lehiatu ahal izateko».

50 kilometroko ibilketa ez da, ordea, erronka fisikoa soilik. Erresistentzia kirola izanda, buruarena da batez ere. «Egoskorra naiz», aitortu du Garcia Bragadok. Egoskorra behar du zortzi Olinpiar Jokotan lehiatzeko eta haietarako entrenatzeko. Hotzarekin, beroarekin, euriarekin, gogo faltarekin... entrenatzera joateko. «Egia da 50 urterekin ez duzula gaztetan bezainbesteko gogorik izaten entrenatzera joateko», onartu du. Entrenatzera joateko edo entrenamendu jakin batzuk egiteko: aste batzuetan 180-200 kilometro inguru egin ditu. Batez beste 25-28 kilometro egunero.

Hala ere, eutsi dio motibazioari. «Ez dago sekreturik», Garcia Bragadoren arabera. «Zentzua eman behar diozu egiten duzunari. Hala egin dut nik; hori izan da nire motorra».

Gero eta zailagoa izan da kirola eta bere ohiko bizimodua bateratzea: «Urte askotan aritu naiz goi errendimenduan; nire lehentasuna izan da, baina orain zaila da lehentasuna izatea». Goi mailako kirola utzi eta gero, espero du podologo gisa lan egiten hasiko dela, behingoz.

Tokioko Olinpiar Jokoetako 50 kilometroko ibilketako proba ez da samurra izango. Jokoak Tokiokoak dira, baina ibilketa maratoia ere bai Saporon jokatuko da. Bihar, goizaldeko 05:30ean, Japoniako orduan; gaur, 22:30ean, Euskal Herriko orduan. Saporon jokatuko da, Japonia iparralderago dagoelako, eta eguraldia ez delako Tokion bezain beroa; goizaldean jokatuko dute, eguneko ordu beroenak saihesteko.

Garcia Bragado ohituta dago muturreko beroarekin lehiatzera. Hala izan zen Dohako Munduko Txapelketa ere. Saporon, ordea, hezetasun handia ere badago. «Ez da Tokio bezain beroa eta hezea», zehaztu du, «baina beroa eta hezea da». Irautea izango du estrategia, «atzetik aurrera egitea». Azkarregi abiatzen direnek pott egin dezatela itxarotea edo haiek gaindituz joatea. Zuhur jokatzea, eguneko baldintzetarako erritmo egokia aukeratzeko. Bukatzea du helburu.

Garcia Bragadok badu lotura bat Euskal Herriarekin, aspalditik: Xabier Leibar kirol medikua izan du bidelagun urteotan guztiotan. «Dakidan guztia erakutsi dit», nabarmendu du ibilketariak.

Pozik utziko du goi mailako kirola, besteak beste sentitzen duelako berak utzi duela kirola, eta ez kirolak bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.