Porrotaren gainetik, arima gorria

Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Osasunaren zaleek esker ona azaldu diote taldeari

Osasunako Kike Barja, Jon Moncayola eta Jagoba Arrasate; ondoan, Maria Caballero eta Joseba Asiron. I. ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Ospatu al daiteke porrot bat? Espainiako Kopako finala amaitu ostean eta atzo Nafarroako Jauregiaren eta Iruñeko udaletxearen kanpoan zein barruan ikusi zenaren arabera, bai. Izan ere, asteburuan Sevillan bizi izandakoa kirol emaitzaz harago doa. Atzo, Iruñeko udaletxean egindako hitzaldian, Luis Sabalza Osasunako presidenteak laburbildu zuenez, zaleen eskutik egin duten txapeldunorde izaterainoko bidaia luze horretan Osasunaren arima gorria hauspotu da. «Batzuk harrituta egongo dira nolatan gauden hemen porrot batengatik. Noski, irabazi nahi genuen, eta triste gaude, baina, ororen gainetik, beste sentimendu bat gailentzen zaigu indar handiagoz: harrotasuna».

Ikusi gehiago:Osasuntsu eta maitagarri

Omenaldia hasi aurretik, udaletxearen kanpoan bilduz joan ziren zaleak, Sevillan bizi izandakoari segida eman nahiko baliote bezala. Horietako bat zen Luis Martinez. Atzo babesa adierazi nahi izan zion taldeari:«Alde handiagoarekin gal zezakeela uste nuen, eta partida bikaina egin zuten».

Maider Arkauz eta Ziortza Urtasun elkarrekin egon ziren Sevillan, eta han bizi izandakoa inoiz ez dute ahaztuko. «Izugarria izan da. Milaka herritar joan ziren, eta ez nuen espero horrelako harrera beroa egingo ziotenik, etengabe animatzen zuten taldea», aipatu zuen Arkauzek. Kopa ez lortuagatik ere, Urtasunen arabera, «ematen zuen Real Madrilekoek galdu egin zutela, eta Osasunakoek irabazi. Esperientzia hau ez digu inork kenduko».

Oier Elizaldek gurasoekin eta lagunekin bidaiatu zuen Andaluziako hirirantz. «Pena bat izan da Kopa ez ekarri izana, baina oso harro gaude Osasunak egin duen partidarekin, eta taldeak merezi du esker on hori jasotzea».

Maitane Marco zaleak ez daki hitzekin deskribatzen Sevillan bizi izan zuen guztia, partidaren aurreko ordu eta egunetan zaleak etengabe eta ilusioz kantuan ikusteak emozio berezia eragin dio. «Garaile banintz bezala sentitzen naiz, oso harro nago garenaz, nire taldeaz, Osasunakoa izateaz, noraino iritsi garen...».

Udaletxe barruan, Jagoba Arrasate entrenatzaileak pena adierazi zuen ezin izan ziotelako jendeari kopa eskaini. Euskaraz, Arrasatek goraipatu zuen denborak aurrera egin ahala egindakoagatik harrotasuna gailentzen ari zaiela: «Badaude kopa baino garaipen garrantzitsuagoak. Nik uste dut sentimendu hori, gure nortasun hori gero eta indartsuago dagoela, berpiztu egin dugula. Hori da Osasunaren garaipenik handiena».

Udaletxeko omenaldia amaituta, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, David Garcia kapitainak nabarmendu zuen jendea pozik ikusteak zoriontsu egiten duela. «Gure maila erakutsi dugu, eta zaleek ere bai». Braulio Vazquez kirol zuzendaria, berriz, hunkituta agertu zen Sevillan zaleek helarazi dioten babes guztiagatik. «Nafar bat gehiago sentiarazi gaituzte ni eta nire sendia. Talde, hiri eta lurralde honek zerbaiten parte izatearen sentipen handia du, eta horrekin bat egiten dut. Egunero eskertzen dut hemen lan egiten dudalako».

Maria Txibite gobernuko lehendakariak eta Enrique Maia Iruñeko alkateak nabarmendu zuten Osasuna dela nafarrak batzen dituen elementuetako bat. Osasunak zapi bat eta kamiseta bat eskaini zien bi erakundeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.