Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Neke pandemikoa

2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Nekatuta egoteko arrazoi ugari ditugu. Eta duela bederatzi hilabete Pentsaldian-en idatzitako nire lehen zutabean botatako galderak —Betikora bueltatzea, noizko?— ez du oraindik erantzun argirik. Zientziaren aldetik ekarpen ugari egon direla ezin ukatu: nazioarte mailan txertoak garatuz, gure eremuan zenbait ikerkuntza martxan jarriz... edota ebidentzien informazio iturri bihurtuz, komunitate zientifikoak hango eta hemengo datuak aztertzen eta kontestuan jartzen ahalegin itzela egin du. Komunikabideekin elkarlanean askotan, zientziak eta ikerkuntzak berebiziko inpaktua izan du gizartean urte luze honetan.

Komunikazio ahalegin honek, ordea, ez ditu bere helburuak guztiz bete. Adibidez, gaur egun oraindik ikus dezakegu jende askok FPP2 musukoak kalean erabiltzen dituela; aerosolak, kutsatze bide nagusiena, haizeak sakabanatzen dituelarik, kalean babesa behar badugu —hau da, besteengan hurbiltzerakoan— edozein oihaltxo fin nahikoa denean. Eta babes handiko musuko horien iragazpen gaitasuna mugatua izanda, hobe litzateke erabilera benetan behar denerako gordetzea. Ordea, aireztapenik gabeko jatetxe batean edo bere etxerako igogailuan musukorik gabe dabiltzan pertsonak oraindik badira, nolabait kalean ez egoteagatik seguru egongo balira bezala, kutsatze gehienak barnealdeetan gertatzen diren arren. Gaur egun ere hamar kutsatutatik bat ospitaletik pasatzen delarik, ez dut uste nik portaera hauek jendearen arduragabekeriaren ondorio direnik, emandako informazio kontrajarri eta inkoherenteen emaitza baizik.

Hilabeteak pasatu ahala, olatuz olatu, zehazki Nor-Nori-Non kutsatzen garen oraindik ez dago batere argi, aztarnari lanetan jendetza lanean jarri badugu ere, erabilitako protokoloak eraginkorrak diren edo ez aztertzeko inolako ebaluaziorik ez delako egin. Eta, horren ondorioz, martxotik azarora bitarteko bederatzi hilabeteetan COVID-19ak Euskal Herrian milioi biztanleko mila pertsona hil bazituen, azkeneko zazpi hilabeteetan, EAEn behintzat, milioi biztanleko berriro beste hainbeste herrikide hil zaizkigu. Baina, zer-nolako garaiak, harritzeko gaitasuna galdu egin dugu jada. Neke pandemikoaren lehengo biktima.

Urte luze eta latz honen ondorioz, mezu baikorren beharra dugu. Hain da handia behar hau, ezen, gure agintariek pandemiaren inguruko jarraipena egiteko egin duten lehen posterrean datuetan oinarritzen ez diren zenbait mezu agertu badira ere, hori onartzeko prest gaudela ematen baitu. Errealitatearekiko begirunea, neke pandemikoaren bigarren biktima.

Nolako estrategia jarraitzen ari ginen inoiz argi azaldu ez bazitzaigun ere, behin eta berriro udara, Gabonak edo dena delakoak salbatzen saiatu ginela agerian geratu zen, eta bidean milaka hildako, ospitaleratutako edo epe luzeko albo-kalteekin geratu zirenak salbatzeko egin zitezkeen dozenaka hautuei muzin egin zitzaiela. Hortaz, duela hiru hilabete Jaurlaritzak berak plazaratutako inkestaren arabera, ordura arte hartutako neurriei buruzko iritzia eman zuten hamar herritarretatik zazpik zioten gobernuak kudeaketa okerra egin duela. Herritarron ikuspegi kritiko honek balio dezala behintzat etorkizunean gauzak beste modu batean egiteko. Gure agintariak birusak sortutako egoerarekin etsita direla ematen badu ere, gauzak egiteko beste modurik egon badagoelako. COVID-19aren Liburu Zurian diziplina anitzetako lantalde batek behintzat berriki aurkeztu ditu 175 proposamen edota konponbide zehatz. Erronka berdinei berriz aurre egin behar badiegu, berriro huts egin ez dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.