martxelo otamendi
Kataluniako hauteskundeak. ANALISIA

Estatu operazioa, orain sozialistekin

2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Lortu du Miquel Icetak aspalditik zeukan ametsa: Espainiako Gobernuko ministro izatea. Trebetasunez josi du Icetak proposamena politikaren jostuna da, plazaren erdian bere burua sakrifikatu du igandeko hauteskundeetan seguru emaitza hobeak lortuko dituen Salvador Illaren eta, Icetaren hitz solemneetan esanda, alderdiaren mesedetan. Ederki asko zekien Icetak ezinezkoa zeukala igandeko hauteskundeetan presidente izatera eramango zuten emaitzak lortzea. Bere burua ministerio baten truke; ez da tratu txarra Kataluniako politikan orain dagoen lekuan baino urrutiago iritsiko ez zen politikari batentzat.

Non jarri ministro Iceta? Lurralde politiketan, asko maite dute sozialistek federalismoaren aldeko hitz ederrak bezain bete ezinak esango dituen ministro bat edukitzea. Pasqual Maragallek esana da bere garaian PSOEn bi federalista bakarrik zeudela, bera eta Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea (2004-2011).

Eta ez bada Illa Generalitateko presidente izatera iristen? Bere arazoa izango da, Icetak lortu duelako nahi zuena. Luis Iceta osaba zaharrak Athleticen erakutsi zuen abilezia heredatu du Miquel iloba handiak. Ona baloiarekin lehena, bizkorra estrategiarekin bigarrena.

Pentsatzekoa zen kanpaina honetako eztabaidagai nagusietako bat izango zela Illari kritika egitea bere mesedetan erabili duelako pandemiaren kudeaketak eman dion popularitatea.Oso erabaki itsusia izan arren, kanpainetako arduradunek pentsatuko zuten hobe zela pandemia ez erabiltzea lehia politikorako.

Kanpaina hasi aurreko egunetan oso goitik hasi zen hautagai sozialista, baina badirudi igandea hurbildu ahala beheranzko joera hartuta dagoela. Illa Generalitateko 132. presidentea izateko 1359. urtean zenbatzen hasita hauteskundeak irabazteaz gain, gehiengoa osatu behar du bere inguruan, eta horretarako Voxen botoak edo abstentzioa beharko du.

Aspaldi esan zuen Voxek hutsaren truk emango zizkiola bere botoak Illari, 10 inguruan ibiliko da, independentziazaleak gobernutik ateratzeko balio bazuten. Estatu operazio bat egon liteke, lehendik oso osasuntsu ez dagoen prozesuari sekulako kaltea ekarriko liokeelako gobernua galtzeak. Ada Colaurekin egin zuten operazioaren telesailaren bigarren kapitulua izango litzateke.

Ernest Maragall ERCkoak irabazi zituen Bartzelonako azken udal hauteskundeak, 2019an, baina Ada Colau izendatu zuten alkate Manuel Vallsen hiru botoekin. Oso garrantzitsua zen estatuarentzat Maragall independentziazalea ez izatea Bartzelonako alkatea, eta Colauk ez zuen atzera egin Vallsek botoak emango zizkiola ikusi zuenean. «Ni ez naiz boto horien bila joan», esan, eta heldu egin zion aginte makilari batere gorritu gabe. Horixe bera esatea nahiko izango du Illak egoera berean badago. Vallsek estatu ikuspegiarekin jokatu zuen orduan, eta horixe bera egingo du Voxek, hartara ezkero.

Estatuak baliatu nahi du independentziazaleen arteko harreman txarra ERCren eta Juntsen arteko pitzadura handitzeko. Nola? ERC presidentetzan jarrita, sozialistekin eta Comukoekin osatutako gobernuan. Ez badu ERCk onartzen, Illa presidente Voxen botoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.